Garitaonandia: “Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen”

Gari: "Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen"
Juan G. Andres

“Sekulan ez naiz ibili bakarrik jotzen”, dio Iñaki Igon Garitaonandia Murgiondok (Legazpi, 1964), Garoa liburu-dendako sotoko paperezko kamerino inprobisatuetan. Urduritasuna eskuak igurtziz uxatu nahian bezala dabil Gari horma zuri artean. ‘Ez da amaiera’ disko berrian, errepertorioa berak bakarrik prestatu duela daitor, “herri txikietara iristeko” asmoz. Kitarra akustikoa lagun bakar gisa etorri da Paperezko Kontzertuetara ere, eta ekimenari liburuarteratu aurretik bota dizkio loreak: “Horrelako proposamenak egitea, gaur egun, oso garrantzitsua da, Zorionak”. Esaldia bukatzen utzi gabe dator Imanol Agirre liburuzaina eskilaretan behera jendearen zurrumurruekin batera, unea iritsi dela esatera. Berandu hasi da emanaldia.

Abeslari Jaggerrianoa


Irakurzale eta musikazalez beteriko liburu-dendarekin egin du topo Garik, txalo artean. Fermin Etxegoienek, saioaren moderazioaren ardura bere, “performance bat eginaz kanporantz” abesten duen rock izar gisa definitu du musikaria: “Estilo Mick Jaggerriano hori, ordura arte ikusi gabe genuen, eta geroztik nik uste oso gutxitan ikusi dugula” -dio moderatzaileak- “ikusten da taula gainean dagoenean bere buruarekin gustatuta dagoela”. Hemengo abeslariak introspektiboak izan dira beti, mozorroa janzten dutenak taula gainean, moderatzailearen aburuz. Solasaldiaren tonuan nabari da biek elkar aspaldi ezagutzen dutela, eta ez da gutxiagorako, izan ere, Fermin Etxegoienek Ziper taldeko abeslari gisa ezagutu zuen legazpiarra 1982an, Oñatiko frontoian abesten. Bere karreraren hastapenetan izan zen hura: “Kantatzen hasi aurretik pentsatu nuen: hemen rock izar bat dago”, oroitu du idazleak. Interesgarria izan da bien arteko hasierako ordu erdiko elkarrizketa, behean transkribatua.

Gari: "Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen"
Juan G. Andres

Fermin Etxegoien eta Gari


Gogoan duzu Oñatiko kontzertu hura?
Ba ez hainbeste, baina, gogoratzen dut garai haietan ez nintzela bakarrik abeslaria, taldean teklatua ere jotzen nuela. Izan ere, hain gazte, gure koadrilan inor ez zen ausartzen abesten han denen aurrean, eta orduan etorri ziren zalantzak: nork jo behar ote zuen bateria, nork teklatua… eta borroka horretan, niri aurrean izatea tokatu zitzaidan. Nik uste ezjakintasun asko, inkonzientzia asko genuela, gehien bat herri txiki hartan, garai haietan, giroa ez baitzen hain euskalduna Legazpin. Euskal jaietan eta festetan gehiena ikusten genituenak bertsolariak ziren, eta gertuen geratzen zitzaigun zuzeneko musika berbenako taldea. Eta garai hartan oso ondo jotzen zuten, errepertorio oso irekiarekin. Guk bertsolari giro horrekin ez genuen zer ikusirik. Oso gutxi ez. Ezer.

Nola abesten zenuten, espainolez, euskaraz, ingelesez?
Gu guztiak bezala hasi ginen, thinglesez. Guantxufri horretan…

“Gure koadrilan ez zen inor
ausartzen abesten denen aurrean
eta niri aurrean jartzea tokatu
zitzaidan”


Eta rock kantari bezala bazenuen erreferentziarik?
Noski baietz! Zuk esan duzun bezala The Rolling Stones. Egia esan zortea izan genuen, zeren, garai haietan Legazpin, Patrizio Etxebarria zela eta, Alemaniatik hainbat ingeniari etorri zen herrira. Eta ingeniari horien semeak friki izugarriak ziren, kristoren ile luzearekin eta sekulako diskografiak ekarri zituzten. Hemen ezagutzen ez genuena. Gu baino helduagoak izaki, baserritxo bat hartu zuten halako kezka kultural bat zutenak elkartu ahal izateko. Gogoratzen naiz, nola zuten musika entzuteko gela bat. Han elkartzen ginen, porro bat 20ren artean erre, diskoak jarri eta buelta eta buelta. Entzun eta entzun, flipatzen. Denetarik entzuten genuen, Stones, Zappa, Focus… denetarik, ez? Eta baita ere musika alemana. Garai haietan bazegoen musika… elektronikoa ez zen, baina beno, musika arraroa azken batean. Hala ere, Ziper sortzerakoan erreferentzia Stones izan zen. Orduan Stones edo Beatles aukeratu behar zenuen, bada, guk Stones hautatu genuen.

Eta Gasteizen euskaldun izan nahi zuen talde batekin egin genuen topo.
Bai hor militantzia sartzen da… Hertzainaken Josu (Zabala) eta biok bakarrik ginen euskaldunak.

Gari: "Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen"
Juan G. Andres

Zenbateraino zinen euskaldun orduan? Zure burua egokitu behar izan zenuen, ordura arte ez baitzenuen euskaraz abestu.
Bai. Kasualidadez sortu zen, Zulaika antropologoak, ameriketatik bueltan Itziar herrira iritsi eta Mandiope diskotekan hainbat ideia zororekin euskal rock eztakitze lehiaketa sortu zuenean. Bapatean iritsi zitzaigun ideia “berri” hori, Diario Vascon irakurrita herrian-edo, eta euskaraz abestiak egitea otu zitzaigun. Hara joan ginen Ziperrekin euskaraz abesten, eta Anjel Antolagirrerekin, Zaramarekin topo egin genuen (Zaramak irabazi zuel lehiaketa). Eta hortik aurrera euskaraz abestearen ideia argitzen joan zen.

Hori Hertzainakekin hasi baino lehen beraz. Zuk jada euskal abeslari gisa ikusten zenuen zure burua.
Guk Oñatiko frontoian kontzertu bat egin genuen aspaldi Hertzainak-ekin. Xabier Montoia zegoela abeslari 1981ean eta gu jada ordurako euskaraz abesten ari ginen. Baina hitzak ez ziren ez erreibindikatiboak ez ezer. Gaztetako hitz xelebreak…

“Patti Smithi esan nion kitarra
oso gaizki jotzen dudala eta berak
erantzun zidan hori zela behar zuena”


Hortik aurrerakoa historia da. Hertzainaken gara handi hura.
Garai handia baino, garai zoroa esango nuke.

Gari: "Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen"
Juan G. Andres

Morrisey The Smiths taldeko taldeko abeslariari egozten zioten, taula gainera igotzerakoan egiten zuen performancea antzerki handi bat zela. Eta berak erantzuten zuen: “Ni naizen modukoa naiz, bakarrik taula gainean nagoenean. Taula gainetik jaistean itxurak besterik ez ditut egiten”. Garik ere antzeko zerbait ekartzen dit gogora.

Eta gero bere bakarkako ibilbidea dator. Hasieran sato honekin, musikaren munduan Gariri buruz eszeptizismo ugari zegoen.

Oso handia.

“Nire ibilbidea oso irregularra izan da.
eta horrek badu zentzua niretzat:
Ni horrelakoa naiz”


Batzurentzat “aurpegi polita” besterik ez zen, interprete izatetik sortzaile izatera igaro ezingo zuena. Baina bidea egin zenuen.

Ez da bide erraza izan (irriak) Bai zalantza ugari izan nituen inguruan, baina, nik uste hori dela nire ibilbidean zehar azaltzen den istorioa. Orain dela gutxi, atzera begiratuz, konturatu nintzen zeinen irregularra izan zen egindako bidea. Baina ni ere oso naiz irregularra, eta horrek badu bere zentzua niretzako. Ni horrelakoa naiz. Eta gainera lehen zama handiko beste gai batzuk zeuden lotuta nire bizitza pertsonalarekin… proiektuak aurrera ateratzerakoan. Badu baita ere zer ikusirik arriskuarekin. Zure proiektuetan arriskua hartzen duzunean, beti zaude bilutsik, beti zaude duda batean sartuta, beti borroka batean eta azkenengo diskoarekin gauza bera gertatu zait. Lana egin eta galdetzen diozu zure buruari: “Merezi ote du horrenbeste arrisku hartzeak?”. Estudioan azaltzea ideia oso basikoekin, eta gero hastea guztia koloreztatzen, margotzen… Merezi al du? Eta badut pena handi bat. Orain dela gutxi errepaso hori egin eta pentsatzen dut hainbeste arrisku hartu barik egin zitekeela lan sendoago bat. Baina ni horrelakoa naiz. Patty Smith-i esan nion baita ere, begira Patty nik kitarra oso gaizki jotzen dut, pianoa ere bai eta bateria ere nahiko gaizki. Eta berak esan zidan hori zela behar zuena. (irriak) Hortik aurrera lasaiago nago, eta biluzik etor naiteke gaur bezala, kitarrarekin soilik.

Lehen doinua


Paperezko Kontzertuak aurrera darrai Gariren lehen abestiarekin, inoiz ez bezala, kitarrarekin baxu eta goxo. “Etxean egongo banitz bezala abestuko dut, hor atzeko norbaitek ez badu entzuten abisa dezala eta igoko dut bolumena” abisatu eta lehen doinuari ekin dio.

P.S: Amua eta saio osoa aurki igoko ditugu sarera, eta izango dituzue ikusgai ohi bezala.

Garitaonandia: "Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen"
Juan G. Andres

Garitaonandia: “Guztiak bezala, gu ere thinglesez abesten hasi ginen”

Ekaitza bainuontzi batean