Euskaldunak: komunitate lauso bat, Amerikanoak bezala

Euskaldunak: komunitate lauso bat, Amerikanoak bezala –

Pruden Gartziak Unibertsitatea.net atariko Txoroen-untzia blogean.

Zein gara gu? Nor gara gu? Euzkotarrak gara gu! Gaztetan ikasi nuen kanta baten hasiera da, adin batetik aurrerako irakurle gehientsuenei ezaguna egingo zaiena.Izan ere, oso estimatua zen garai batean, baina ni gaztea nintzen garaian ere adineko jendearen artean zeukan estimu hori, ezaguna izan arren. Orduan.

Euskaldunak: komunitate lauso bat, Amerikanoak bezalaJakina da Koldo Mitxelenak berak beren idazkietan hainbat aldiz aldeztu zuela neologismo sabindar horren erabilera euskaldunen multzo osoa, bereziki euskara ez zekitenena, izendatzeko, eta baita ere sarri kexatu zela gazteen artean inork gutxik kasu egiten ziolako (“Azkeneko baldintza honi, inoiz, ez hain aspaldi, euskotar izatea deitzen zitzaion, deitura edo deizioa orain gehiegi esplikatzen ez diren arrazoiengatik, debekatua badago ere euskaltzale askoren artean”, 1981). Izan ere, Sabino Arana bera izan zen zoritxarreko euskotar horren asmatzailea (1897), aberri, ikurrin eta beste hainbat asmatu zuen era berean. Eta ezaguna da asmazio horien eragilea izan zela gure herriak orduan (XIX. mende akabua) bizi zuen identitate-krisi latza, alegia, Euskal Herria hiltzen ari zen eta euskarak, orduan, Sabinoren arabera ez zuen balio errealitate sozial eta politiko berriak behar zituen kontzeptuak izendatzeko. Adibidez, nola izendatu, euskaraz, euskara ez zekiten euskaldunak? Asmatu beherra zegoen hitz berri bat. Hortik euskotarra.

Kontua da, beste hainbatetan bezala, Sabino honetan ere okertu zela: euskaraz bazegoen modu bat jende hori izendatzeko eta, Bilbo aldean bereziki, arazorik gabe erabiltzen zen: euskaldun motzak. Hau da, besamotzak edo hankamotzak dauden bezala, orduan bazeuden euskaldun motzak, hots, euskara ez zekiten euskaldunak. Beste batzuk ziren erdaldunak, hots, bertakoak ez zirenak (eta, ondorioz, euskara ez zekitenak), eta orduko Bilbo aldean horietako gehienak langile pobreak izaten zirenez gero, euskaraz belarrimotzak deitzen zitzaien, mespretxu nabarmenez. Baina euskaldun motza ez zen termino peioratiboa, deskribatzaile neutro hutsa baizik. Gaur da eguna nik neure belarriz entzuna diodala eskualde horretako lagun bati esaten, umetan, bere etxean arrunta zela esatea lehengusinak euskaldun motzakzirela, hots, euskara ez zekiten euskaldunak, baina ez ziren ez erdaldunak, ez belarrimotzak, ezta maketoakere, inola ere ez.

Maketoa. Jakina denez, jatorriz gaztelaniazko berba bat da, euskarara garaitsu horretan sartu zena indar handiz. Ordura arte ezezaguna zen eta, denok dakigunez, gaur egun oso zaila da euskaldun baten ahoan entzutea, gutxi gorabehera Sabinok asmatutako euskotarra bezala. Paretsu. Izan ere, baita ere denok dakigun bezala, hitzak, jaio, modan jarri eta hil ere egiten dira, edo beren esanahia aldatu eta moldatu egiten da hiztunen gogoan denboraren poderioz. Maketoa edo euskotarra kasu tipikoak dira, areago, kasu arketipikoak direla esango nuke, gutxitan ikusten baita fenomeno hori hain modu argian: hitz gehienen bilakaera askoz ere motelagoa eta bihurriagoa izaten da. Zergatik? Zerk esplikatzen du bilakaren azkar eta erabateko hori?

Euskaldunak: komunitate lauso bat, Amerikanoak bezalaPuntu honetan ezinbestekoa da Txillardegiri buruz hitz egitea. Jakina denez, euskara gaztetan ikasi zuen, Bilbon, ingeniaritza ikasten ari zen bitartean. Ez dut esan nahi Bilbon bakarrik ikasi zuenik, bai ordea gaztetan Bilbo ezagutzea oso garrantzitsua izan zela haren bilakaera intelektualean. Eta Txillardegik ezagutu zuen Bilbo ez zen, ordurako, Sabino Aranaren gizarte xenofobo eta erdibitua, ezta abertzale eta espainolisten arteko hiru hamarkada luzetako lehia politiko gogorren antzokia ere; ezta ere 1936ko altxamenduak, ustekabean, abertzale, sozialista, komunista eta anarkisten artean eragin zuen bateratze antifaxista esperantzagarriaren hiruburua ere. Ez, 1950etako Bilbo frankisten menpeko hiria zen, goibela, derrotatua, menperatua. Giro horretan, Txillardegi bezalako zoro bati baino ez zitzaion burutik pasatzen euskara ikastea eta EAJren abertzaletasun klasikoa gainditzeko zerbait berria asmatzea, hots, ezkerreko abertzaletasun erradikala, independentista eta euskaltzalea. Bai, gauzak ez dira zuri ala beltz, beti daude aurrekariak eta berezitasunak, baina orain interesatzen zait Txillardegiren ekarpena azpimarratzea, lehenago Sabinorena edo Mitxelenarena azpimarratu dudan bezala. Askoz ere pertsona eta eragile gehiago aipatu badaiteke ere, jakina.

Txillardegik ez zuen ikasi zer zen euskaldun motza. Ziur aski ez zuen hitz hori behin ere entzungo, eta ulertzekoa da: batetik, maketo edo belarrimotz bezalako hitzen erabateko arrakasta sozialak zokoratu egin zuen termino hori; bestetik, garbi badago ere EAJko abertzaleak izan zirela euskararen salbamendu eta suspertze berriaren eragile nagusiak XX. mendeko lehen erdian, ezaguna da baita ere beren alderdi barruan eragin mugatua zutela, hots, beti izan zirela gutxiengo bat, eta gehiengo sozial abertzalearen praxiak, bereziki Bilbo aldean, gero eta gehiago Irlandaren ereduari segitzen ziola, hots, politikan erradikala, baina hizkuntza maila sinboliko hutsean utzita. Berriz diot, EAJko euskaltzaleak ziren hizkuntzaren aldezle nagusiak orduko gizartean, baina beren alderdi barruan bertan gutxiengo bat ziren eta, 1936tik aurrera bereziki, gero eta ahulago. Horretaz testigantza latzak utzi zituen Andima Ibinagabeitia batek, adibidez. Bada, abertzaletasun erdaltzale horren kontra altxatu zen Txillardegi.

Eta abertzaletasun horren aurka formulatu zuen Txillardegik bere pentsamenduaren ardatz nagusietako bat den ideia: herritar guztiek ikasi behar dute euskara, eta euskara ikasiz, hain juxtu ere, Euskal Herrian integratuko dira, aski baita euskara ikastea euskalduna izateko. Beste hitz batzuekin esanda: abertzaleek immigrante espainolen integrazioa bilatu behar dute eta hori euskara ikastearen bidez lortuko da. Utikan xenofobia! Gora integrazioa!

Ez zen ideia guztiz berria. Besteak beste, EAJren historian bertan ez da zaila ikustea, 1898tik bertatik, Sabinoren hastapeneko dikotomia xenofobo erradikalenak gainditzeko ahaleginak, gizarte osoaren integrazioa bultzatuz. Joera horrek bultzada berri bat jaso zuen 1930eko hamarkadan Jose Antonio Agirre eta Manuel Irujo bezalako liderren eskutik, eta 1936an de facto gauzatzen da koalizio antifaxistaren bidez. Koldo Mitxelenaren bizitza eta idazlanak errepasatzea aski da konturatzeko gerraren esperientziak abertzaletasun berri eta askoz ere integratzaileago bat erditzeko bidea zabaldu zuela: sozialista eta komunistekin eskuz esku borroka egiteak, kartzela eta errepresio etengabea elkarrekin pairatzeak, balio izan zuen, besteak beste, iraganeko mamu asko desegiteko. Integrazio soziala zen bidea, zentzu zabalean hartuta. Baina aitor dezagun ideia horrek erresistentzia handiak aurkitzen zituela masa sozial abertzaleen barruan, areago frankismopeko gizarte desegituratu eta Euskal Herri birrinduan.

Euskaldunak: komunitate lauso bat, Amerikanoak bezala
Juan Paredes Txiki (argazkia: Izquierda Castellana-ren bloga)

Testuinguru horretan, urte gutxian Txillardegik bizpahiru hitz ia oso-osorik ahantzaraztea lortu zuen: euskaldun motz (ordurako jada oso marginala), belarrimotz eta maketo. Ez berak bakarrik, jakina, zeren bera horren ideologo nagusietako bat izan bazen ere, izan ziren bere praxi militantearen bidez Txillardegiren ideiak gauzatu zituztenak, eta eragin sozial mila aldiz handiagoa izan zuten. Nire uste apalean fenomenoa inork baino hobeto laburbiltzen duen erakusgarri gorena jarriko dugu: Juan Paredes Txiki, ETAko militante ezaguna: haren hilketa tragikoaren ondoren nor ausartuko zen, abertzaleen artean, maketo hitza erabiltzera? Benetako tabu soziala bihurtu zen, hori da nire inpresioa. Eta Txillardegiren pentsaerak eta proiektu intelektualak izugarrizko indarra hartu zuten, bereziki euskaraz mintzo zen jendearen artean. Besteak beste, hitz berri bat jarri zuen zirkulazioan, oso indartsu: euskaldun berria. Bai, hor dago aldaketa: euskaldun motz ia-ia guztiz ahaztu egiten da hiztunen ahoan eta gogoan (gaur egun benetako fosil bat da) eta euskaldun berrimodako hitza bihurtzen da. Mitxelena bezalako abertzale klasikoen euskotarra, aldiz, oso marginala bilakatzen da (inoiz ez zen oso zabaldua izan). Hortxe dago bihurgunea. Hurrengo pausoa izan zen euskal herritarra zirkulazioan jartzea, oker ez banago Euskaldunon Egunkariaren lehen Estilo liburuan, hots, 1990 aldean. Eta gaur egun, hortxe gaude: gauza bat da euskaldun (euskaraz mintzo dena) eta beste bat euskal herritar (Euskal Herrian bizi dena, euskara jakin edo ez). Gaur egun.

Errepara dezagun ondo: hitzen esanahia eta erabilera gizartearen beharren arabera aldatzen da. Hori da, hain juxtu ere, aipatu ditugun hitzen historia eta gorabeherak esplikatzen duena, gizartearen bilakaerak, gizartearen beharrak. Prozesua ez da lineala, ezta automatikoa ere, baina gertatu, gertatzen da.

Euskal gizartea guztiz aldatu da azken berrogei urtean, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan. Abertzaleak ia etengabe gobernuan egonik, hiztunen ezaugarriak errotik aldatu dira, modu masiboan gainera. Orain, adibidez, hezkuntza sistemari esker berregoi urtetik beherako herritarren hiru laurdenak edo gehiagok euskararen oinarrizko ezagutza bat badute, hiztun osoak ez badira ere. Bereziki, euskaldun berri hitza neurri handi batean zentzugabea bihurtu da: nola izango dira euskaldun berriak ume-umetatik euskara eskolan ikasi dutenak? Areago, eskolan euskara nola edo hala ikasten duten horietako askok, bai, askok eta askok, ez dute beren burua euskalduntzat, ez berri, ez zahar. Galdeiezu euskaldun sentitzen diren, askok esango dizute ezetz, edo ez euskaldun oso behintzat. Vasco/a bai, ziur aski, euskaldun ez, euskara jakin arren. Noiz arte segitu behar dugu horrelako fenomeno sozialen aurrean itsuarena egiten?

Bitartean euskaltzale asko Txillardegik abertzaletasun zahar eta erdaltzalearen aurka finkatutako kontzeptualizazioan izoztuta gelditu dira, nire uste apalean Mitxelena bere garaian kexuka zegoen modu berean, euskotarra hitza hain egokia izan arren zergatik ez zen erabiltzen galdetuz.

Ondorioz, jo dezagun errazenera, jo dezagun gure jatorrizko sentimenduetara, jo dezagun betidanik hor azpian egon den aukera batera: euskalduna da euskaldun izan nahi duen oro, euskara jakin ala ez. Eta hitz horren bidez komunitate soziokultural lauso bat deskribatzen dugu, ez besterik, zeren erkidego politikoa deskribatzeko badugu hitz bat guztiz egokia: euskal herritarra. Edo herritarra, besterik gabe.

Hala ere, euskalduna hitzak borondatezko komunitate lauso bat definitzen badu, nola deitu, hortaz, euskararen hizkuntza komunitatea, zentzu estriktoan? Hitz berriak sortzen ari gara horretarako, etengabe; politenak, ahobizi eta belarriprest. Gehiago ere sortuko dira.

Finean esaten ari naizena da euskaldun hitzari lausotasun bat aitortu behar diogula, ez besterik. Eta hori ez da ezer arraroa, hizkuntza guztietan gertatzen da. Adibidez, guk eta mundu osoko hiztunok amerikanodiogunean, zertaz ari gara, Amerika osoko biztanleez ala hango estatu bateko herritarrez soilik? Hiztun arruntek ez diote beren buruari horrelako galderarik egiten, badakite soluzioa unean uneko testuinguruaren arabera argitzen dela. Nahikoa da.

Euskaldunak: komunitate lauso bat, Amerikanoak bezala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude