Euskaldun izatea zein gogorra den

Jon Eskisabelen “Gorroto duzun hori” artikuluari erantzun dio Xabier Isasi EHUko irakasle eta EH Bilduko legebiltzarkideak Tranpaldotik blogean:

—-

Jon Eskisabelek Berrian idatzi du barrenak nahastu zitzaizkiola  Gasteizko legebiltzarkideok grabatu genuen zaindu maite duzun hori bideoa ikusterakoan. Ulertzen dut. Nik parte hartu nuen grabaketa horretan orpoz orpo EAJ, PSE-EE, PP eta UPyD taldeetako legebiltzarkideekin. Zalantza handiak izan nituen grabazioan parte hartu ala ez, zalantza handiak izan nituen Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu ala ez. Zalantza-balantza, azkenean, parte hartu nuen hauteskundeetan eta parte hartu dut grabazioan. Banekien jakin bide horretan euskararen etsaiekin eta abertzaleen aurkari amorratuekin topo egin behar nuela. Horrek barrenak nahastu egiten dizkit, bai. Baina horiekin topo egitea, hain zuzen ere, hori berori izan zen arrazoietariko bat parte hartzeko Gasteizko Legebiltzarrean. Legebiltzar hori ez dut neure sentitzen, arrotz sentitzen dut oraindino, baina euskararen etsaien eskuetan egon daitekeen ikuste soilak sutu egiten nau. Gasteizko Legebiltzarrera joaterakoan Euskal Herriaren eta euskararen aurkariei aurre egitea deliberatu nuen, dauden lekuetan daudela. Ikusiko dugu zein neurritan lortzen dugun Gasteizko Legebiltzarra euskararen eta Euskal Herriaren biziraupenerako oztopo ez izatea. Momentuz, ez dut damurik hartutako erabakiekin. Euskararentzat edo Euskal Herriarentzat kaltegarria dela pentsatuko banu, une horretan bertan utziko nuke Legebiltzarra. Zalantza oraindik ez dut argitu.

Aztoragarria da eraso egiten gaituenarekin lan egin behar izatea, niretzat behintzat hala da. Halere, seguru nago beraientzat askoz ere mingarriagoa dela gurekin nahas-mahasean ibili behar izatea. Uste zuten, eta horrela esaten zuten, Gasteizko Legebiltzarra beraiena zela eta guk ez genuela bertan egoteko eskubiderik. Beren amorrurako gu bigarren indarra gara Gasteizko Legebiltzarrean. Egia da, ez daukagula eskarmentu handirik horrelako erakundeetan, baina erabateko determinazioa daukagu Legebiltzar hori euskararen eta askatasunaren aldeko lanabesa izan dadila. Horretarako etorri gara eta ahalegin horretan jarriko ditugu gure indar guztiak.

Zaindu maite duzun hori abesten genuenean ikusi nituen euskararen etsaien aurpegiak eta tripak irauli zitzaizkidan. Euskaldun izatea zein nekeza den kantatzerakoan nekeza baino gogorra atera zitzaidan barru barrutik, ez nintzen konturatu. Ez da erraza. Beharbada legebiltzarkideen inguruan antolatzen diren ikuskizun guztietan ez genuke parte hartu behar. Beharbada. Alabaina, Gasteizko Legebiltzarrean parte hartzearekin batera konpromisoa hartu dugu lana egingo dugula Euskal Herriaren alde, presoen askatasunaren alde eta euskararen alde, besteak beste.

Ez dakit zeinek aukeratu zuen Zaindu maite duzun hori olerkia Euskal Kantuen Gaua telesaiorako. Ez dakit, baina pentsatzen dut hark jakingo zuela, noski, abestiaren sakoneko adiera, letragilea eta kantuaren nondik norakoak zeintzuk diren. Jakin nahiko nuke kantua aukeratu duen bihurri hori nor den, PPko eta UPyDko legebiltzarkideen ahotan muturreko abertzaleen hitzak jarri duena ezagutu nahiko nuke, bai. Ziri ederra sartu die gorroto duten hori kantarazi duten horiei.

Aitortu behar dut lotsak nagoela eta sekula egin ez ditudan gauzak helduaro berantiar honetan egiten ari naizela. Aitortu behar dut ere, esfortzu handiak kostatzen zaizkidala, tripetako min bat edo beste, eta aurreiritzi bat baino gehiago gainditzea. Argi daukat, ostera, gauzak aldatzeko asmoz etorri garela Gasteizko Legebiltzarrera. Ondo dago kritika, ongi etorri izan dadila. Baina egin dakigukeen kritikarik zorrotzena euskaldunen aurkarien ondoan euskaldun izatea zein nekeza den abestea bada, bejondeigula! Edozein kasutan, eskerrak eman nahi dizkiot Jon Eskisabeli bere iritzia eta ikuspegi kritikoarengatik. Azken buru, horri, batez ere horri, erantzun behar diogulako. Eskerrik asko.

—-

Jatorrizkoa Xabier Isasi EHUko irakasle eta EH Bilduko legebiltzarkideak Tranpaldotik blogean idatzia.

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

15 pentsamendu “Euskaldun izatea zein gogorra den”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Garuak eta zahiak nahasten ditu nire ustez Xabier Isasik. Kontua ez da Legebiltzarrera joateagatik euskararen eta Euskal Herriaren etsaiekin topo egin behar duenik, erdi etsian esaten duen modura. Neronek ere egunero gurutzatzen ditut kalean eta ez zaizkit horregatik barrenak nahasten. Hortxe daude, gure aldamenean bizi dira, baina hori ez da berria. Ez dut uste inork kargu hartuko dionik Xabierri PP edo UPyDko legebiltzarkideekin batera batzorde batean jarduteagatik, batzordeko gaia zernahi dela ere. Kontua bestelakoa da oso, eta “ikuskizun-politikari” lotzen zaio. Nire kezka ez da EHBilduko hautetsiak PPko eta UPyDko hautetsiekin batera kantari agertzea, Nire kezka da noraino iritsi garen politikaren ergel-show bilakabidean, jada normala irizten diogula hautetsiek soldatapeko orduetan telebistarako kanta bat grabatzen jarduteari eta nork norekin diharduen ikusitakoan baino ez gaituela horrek aztoratzen batzutan. Egoera oso gaiztotuetan hainbat keinuk eragin onbera dutenik ez dut ukatuko, baina politikariek hiritarren interesen arabera baino telebistaren eta ikuskizunaren interesen arabera jardutea urrunegi iritsi den joera delakoan nago. Eta nago halaber jendea dezente nekatuta eta nazkatuta dagoela kontu horiekin gaur egun dugun giroaren larria ikusita. Nik behinik behin nahiago dut EHBilduko hautetsiak PPkoekin bilduta batzorde batean lanean ikusi inon kantari edo antzeko showak egiten baino, bakarka eta “hator hator” kantari ari badira ere. Politikariak politika egin eta utzi kantak kantariei.

    • Gonzalo Etxague

      Ados zurekin, hori zirkoa da, parodia bere baitan, VSko parodia kutrearen parekoa, baina benetakoa eta ankerra, aukeratutako abestia ere garrantzitsua baita. Nik ez nuke Eusko Gudariak guardia zibil batekin abestuko. Elkar uletzea ez da arimaren sokonenak saltzea. Zeure baitarako zerbait gorde behar duzu. Eta neu, behintzat, bero jantzi ninduen Ruperren abesti horrek garai hartako gau hotzean. Ez dut inori ezeren truke saltzeko.

  • “Gasteizko Legebiltzarrera joaterakoan Euskal Herriaren eta euskararen aurkariei aurre egitea deliberatu nuen, dauden lekuetan daudela”
    Aurre egiteko modu berezia du morroi honek.

  • Eskisabelekin eta Isasirekin, biekin ados.

    PPko politikari, neuretzako benetan nazkagarriak direnak, Ruper abesten ikusteak tristetu eta aldi berean alaitu egiten nau… inkonszienteki bada ere, ari dira eurak ere euren biktimak omentzen…

  • Ez dut argi, baina, ziria ez al zaie UPyD eta PPkoei sartu? ergel batzuk bezala Egunkariearen alde egin zen abesti bat abestuaraziz? Nik uste dut, ez direla ezta ere konturatu ere egin, zer dela eta egin zen abestia eta jakin izan balute, ez lukete inoiz abestuko.

    Eta mesedez, “euskeraren etsai” eta horrelako espresioak utzi albo batera, garai berriak direla ere nabaritu dadila espresioetan eta umorean, malaletxe gehiegi usaitzen dut…

    • Izei, garai berrietan ez al dira gauzak bere izenez izendatu behar? Basagoitik esan berri badu Werten legea “perfektua” dela, ezin al zaio “euskararen etsai” deitu PPri? Tontotu ere ez ez dugu egin behar, eh.

  • “baina euskararen etsaien eskuetan egon daitekeen ikuste soilak sutu egiten nau” –> Eusko Jaurlaritza ez da inoiz PPren esku egon, beraz, “euskararen etsai” talde horretan, PPko eta UPyDko ez diren asko sartzen direla iruditu zait, berari galdetu beharko. Hala ere, parlamentari jaun batentzat vaya nivel maribel

    • Kateak_Apurtu 2012-12-12 14:03

      Euskeraren aurka dihardutenak, euskeraren etsai dira.

      Gotzonek dion bezela, tontotu ere ez dugu egin behar, bestela errez sartuko digute ziria. Ikus Kutxabank eta antzeko kontuetan, Bildu garai berrietako positibismoetan egonik PP eta PNV-k ederki sartu zien ziria (orain gutxi, baita PSOE eta CCOO-ek ere). Eta ez gaizki interpretau azken hau, Bilduk ongi jokatu zuen eta besteek maltzur. Adibide horrekin esan nahi nuena da, nolabait, egoera berriak direla eta, ezin dugula ahaztu, besteak oraindikan garai zaharretan itxiak daudela.

      Etsaia etsai, lehen eta orain.

  • Ondo ulertu badut, ni, lehen parrafoaren amaierak harritu nau:
    “Euskararentzat edo Euskal Herriarentzat kaltegarria dela pentsatuko banu, une horretan bertan utziko nuke Legebiltzarra. Zalantza oraindik ez dut argitu.”
    Legebiltzarkide batek zalantza hoiek ditu? Zalantza hoiekin izan daiteke legebiltzarkide?

  • honekin piztutako polemikak, esan behar dut harritu egin nau…
    benetan ruperri galdetu beharko genioke zer uste duen, azkenean ez dakit gutako inork bere kanta baten jabe egin beharko genukeen…

  • Batetik bideoaren txepelkeria eta gauzen banalizazioa, eta bestetik kantaren atzean dagoena, horra hor polemika eta espa. Hala ere, kasuak gogora dakarkit Espainia aldeko telebistetan daukaten ohitura bitxi bat. Oso aspaldi ez dela, Madrilgo telebista autonomiko famatuan erreportaje bat bota zuten, “ad maiorem AVT gloriam”. Bada, pozoiaren eztigarri (?) gisa-edo, Mikel Laboaren “hit parade” malenkoniatsu guztiak sartu zituzten. Ez dakit eskubiderik ordaindu zutenez, baina argi dago egileari ez ziotela baimenik eskatu, besteak beste paradisuko ostatuan kantatzen ari dela Etxahün eta Atahualpacarekin, Ruperrek berak abestu bezala. Uste dut euskal musikaren manipulazio hori “Informe Semanal”en asmatu zutela. Hasieran, txalaparta doinuak erabiltzen zituzten, berez oso egokiak, txit etnikoak izateaz gain halako kutsu dramatiko bat ematen dutelako, baina gero euskal kantagintza gupida gabe arpilatzeari ekin zioten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude