Euskal gaizkileak: Berueteko Goñi anaiak
Berueteko Goñi anaiak –
Euskal gaizkileak seriea:
Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga
Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai
Euskal gaizkileak: Estudiante bizkaitarra
Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria
Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea
Euskal gaizkileak: Martin Larralde
Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis”
Carlos A.T.-ek duela urte askotako Iruñearen kronika beltza biltzen dihardu, eta noiz edo noiz, perla baten berri ematen du bere blogean, gaztelaniaz.
Uitzitik gertu dagoen Santa Engrazi mendian hil zuten 1924ko irailaren 11an Martin Aizkorbe basomutila, aizkorakadaz. Bernardo Goñi zen laneko kontramaisua, eta bere bi anai zeuzkan bertan beharrean, Juan Martin eta Joxe. Egindako lanaren arabera, Bernardok 1.260 pezeta ordaindu behar zizkion Martin Aizkorberi, baina 600 eman zizkion soilik. Bernardok plan bat proposatu zien anaiei: hil zezatela Martin basoan, 600 pezetak ebatsi, bakoitzari 100 emango zizkiola (lanagatik ordaindu beharrekoaz gain), eta horrela berak zor zituen beste 600 ptak ere ez zituen patrikatik aterako. Aizkora bat eman zion Joxeri.
Goizeko 04:30etan atera ziren mendira Juan Martin eta Joxe Goñi Martin Aizkorberekin, lehenik Juan Martin, ondoren Martin, eta azkena Joxe. Anaiak keinu bat egin zionean, Joxek aizkoraz hil zuen Martin. 600 pezetak hartu eta leize batera bota zuten.
Irailaren 21ean bele ugari zebilen itzulinguruka leize horren bueltan, eta artzain batek hilotza topatu zuen. Azkenekoz Goñi anaiekin ikusi zutenez, berehala atxilotu zituzten. Iruñeko Gerra Kontseilua osatu zen irailaren 27an, eta fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen hiruentzat: Bernado hilketaren eragilea izateagatik, eta Juan Martin eta Joxe egile gisa. Atxilotuek itzultzailea eskatu zuten, ez baitzuten gaztelania mintzo, eta euskaraz hitz egin zuten soilik.
1925eko urtarrilean iritsi zen sententzia: heriotza. Goñi anaiak lur jota eta damututa agertu ziren, kronikek diotenaren arabera. “Menditarrak” izanda apaiz euskaldun bat eman zitzaien, On Juan Tomas karmelita, eta euskaraz eman zien beraien arimak eskatzen zuten animoa. Gaueko lehen orduetan Iruñeko espetxera hurbildu zen Iruñeko gotzaina, Mateo Mujika Urrestarazu, eta hark ere euskaraz eman zien bere kontsolamendua.
Atxilotuek gaua negarrez eta otoitzean igaro zuten. Goizeko 04:30etan meza entzun eta Jauna hartu zuten. Goizeko zazpietan eraman zituzten urkamendira, eta adinaren arabera hil zituen Burgoseko borreroak: lehenik Bernardo, ondoren Juan Martin, eta azkenik Joxe. Bandera beltza altxatu zuten jarraian, eta egun hartan, bertan behera geratu ziren programatutako ikuskizun guztiak.
1925ean apaiz euskaldunak jartzen zizkieten Nafarroako kondenatu "menditarrei" pic.twitter.com/sjO5nmQ44i
— M.M. Irigibel (@arartekosa) August 20, 2017
Istorioaren amaiera (sorpresa gabea): pic.twitter.com/iSGwzo40eX
— M.M. Irigibel (@arartekosa) August 20, 2017
Kondenaren arrazoia: egurgin bat hil zuten 600 pezeta lapurtzekohttps://t.co/pROLnWmQsV pic.twitter.com/CwCyekeUaI
— M.M. Irigibel (@arartekosa) August 20, 2017
Goñi anaien inguruko testigantza itzela dago gordeta Euskarabideak egindako artxibategi lan batean. Urbana Arbilla Arbilla (1911), Illaregiko herritarra, Berueteko lapurrez mintzo da, iparraldeko goi nafarreran (Ultzama). Hemen duzue transkribapena, eta jarraian audio grabaketa.