[#EztabaidaNazionala] Euskal errepublika
[#EztabaidaNazionala] Euskal errepublika –
ZuZeu aldizkariari eskertu nahi diot eztabaida nazional hau ahalbidetzea, pentsaera eta ikusmolde hain desberdinei ahotsa emanez, baita bakoitzari sakon eta luze aritzeko aukera ere. Pausatu zaigun galdera ere, Euskal Errepublika nola erdietsi, une egokian dator, erantzunak inoiz baino zailagoa baitirudi, baina inoiz baino beharrezkoagoa baita.
Euskal Errepublika bat nahi dugula badakigu, Euskal Errepublika hori nola ezarri da ez dakiguna. Ia lau mende igaro dira Bernard Goienetxek Zuberoako herri xehea nobleen aurka matxinatu, Frantziako armadak errebolta zanpatu eta Matalas Lextarreko plazan lepatu zutela, burua herriko sarreran zintzilikatuz, gure heroi eroriak askatu nahi zuen herriaren eskarmenturako. Lau mende. Bitartean ez dira gutxi izan gerrak, matxinadak eta askapen saiakerak. Porrotak bezainbeste. Ez dira ezta ere gutxi izan itxaropen uneak, den-denak zapuztuak. Hori dio behintzat historiak.
Badakit historia eskola bat entzutearen ideiak ez duela derrigorrez irakurlea zoratuko, baina Vo Nguyen Giap vietnamdarrak, bere bizitzan armada frantsesa zein amerikarra garaitu zituen munduko jeneral bakarrak zioenez, «historia egia guztien ama da», eta, gaineratuko nuke, bere historia ahanzten duen herria herri eskergabekoa da, ez duena merezi berdintasunean eta askatasunean oinarritutako egiazko mundu baten ametsa beren bizitzaz ordaindu dutenen eskuzabaltasuna.
Historia pixka bat, beraz. 1945eko apirilaren 22an De Gaulle jenerala Grayan-eko aireportuan lurreratu zen, Girondan. Millet koronelaren aginte postura iritsita, tropak ikuskatu zituen. Ikurrinaren aurrera helduta, geldiunea egin eta minutu luze batez agurtu zuen. Ondoren Kepa Ordoki euskal komandantearekin bildu zen berariaz, ondorengo hitzak transmititzeko: «Komandante, Frantziak ez ditu ahaztuko euskaldunen ahalegin eta sakrifizioak lur hau askatzeko».
«Lur hau» Médoc-eko penintsula zen, ordura arte armada naziak okupatu zuena 4.000 soldadu, 111 kainoi, 110 lurpeko aterpe, eta 800.000 minekin, eta De Gaulle jeneralak kosta ahala kosta berreskuratu nahi izan zuena. Egon zaitezte lasai, ez dut hemen Gernika batailoiaren historia egingo, utzidazue soilik Kepa Ordoki komandanteak, Pont-de-Grave askatzera abiatu aurretik, bere 200 gizon gaizki armatu, gaizki jantzi, gaizki entrenatuei zuzendutako hitzak gogoratzen: «Borrokatzeko unea iritsi da. Jakinarazi iezaiozue Frantziako herriari euskaldunok badakigula askatasunaren alde borrokatzen eta hiltzen. Beteranoak zarete, gida itzazue gazteak garaipena arte. Mendeka itzazue Euskadiko hilak. Gernikara eta Durangora heriotza ekarri zuten alemaniar berberak dira. Ez ahaztu Frantzia zuen etsenpluaz harro egongo dela. Gora Euskadi askatuta!».
36ko gudan, errepublikanoen porrotaren ondoren, Kepa Ordoki kontzentrazio-esparru batean sartu zuten. Handik ihes egitea lortu zuen. Berriro atxilotu zuten, jendarmeek, eta beste behin kontzentrazio-esparru batean sartu zuten, oraingoan Frantzian. Berriro egin zuen ihes, eta betirako ihes egin ordez, jarrera ekidistanteen zinismoan babestu ordez, naziei aurre egiteko ausartzia ia suizida zuten «terroristei» buruzko bere iritzia ematera eseri ordez, bizkarra makurtuta gauzak bere onera itzuli arte itxoin eta agian bere bizitzako azken egunera arte bizkarra makurtuta bizi ordez, berriro engaiatzea erabaki zuen, bere bizitza arriskatzen jarraitzea, lokatzez eta odolez zikintzea, sufritzea eta amets egitea armak eskutan askatasunaren kausa unibertsalaren alde, Hitlerrez libratzeko, eta bultzada berean, diktadura frankista historiaren leizera bota eta bere lurra, bere herria, Euskadi edo Euskal Herria, dominazio oroz libratzeko.
Ordokik Frantziaren alde bizitza emateko prest zeuden boluntario batailoi bat manatu zuen. Frantziak, 284 urte lehenago, Ordokiren arima bikia dei genezakeena heriotzara zigortu zuen. Bernard Goienetxe Matalasek, frantses auzitegi batek heriotzara zigortua, bere exekuzioa ikusteko bildutako jendetzaren aurrean, egun abesti batekin gogoratzen dugun mezua utzi zuen: «Dolü gabe hiltzen niz, bizia Xiberoarentako emaiten baitüt. Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko Xiberotarrak, egiazko eüskaldünak tirano arrotzen ohiltzeko, eta gure aiten aitek ützi daikien lurraren popüliari erremetitzeko».
Matalaz monarkia frantsesaren aurka borrokatu zen, Euskal Herriaren askatasunaren alde. Ordoki, Frantziako askatasunaren alde. Horretan paradoxa bat ikusi nahi duenak ulertu beharko luke bien etsaia gizadia osoaren etsai berbera dela, eta ez dela zapalkuntza besterik.
Zeren zinez okaztagarria dena, gure herriaren patua espainieraz edo frantsesez gidatzen duen errege edo diktadore baten irudian, ez da horrenbeste morroiaren izaera faxista, baizik eta nola faxista honek, edo edozein errege absolutistak, edo edozein okupazio armadak, edo edozein estatu demokratikok, bere harropuzkeriaz, bere ozarkeria hiltzaileaz, bere menperatzeko, zigortzeko eta hiltzeko ahalmenaz, herri bati bere burujabetza ebasten dion, herri horren beraren nortasunaren eta hizkuntzaren, biziraupenaren eta historiaren aurka bihurtzeko.
Amnesia garaikideak ukondoaz ezabatzen du historiaren eskuak idazten duena, baina ulertzeko ezinbestekoa da historia begiratzea. Egungo gazte bati pentsaezina irudi diezaioke Espainiako gobernuak poliziak eta mertzenarioak engaiatu izana aurkari politikoak garbitzeko. Alabaina, ez gaude jazoera puntual eta isolatu baten aurrean, konstante historiko baten aurrean baizik, noiz hasi zen zehaztea ezinezkoa litzatekeena. GAL ospetsuaren aurretik Batallón Vasco-Español delakoa zegoen, haren aurretik Gerrilleros de Cristo-Rey izenekoak, haren aurretik Triple A, etabar. Sigla nahaspila horrek estaltzen duen errealitate bakarra Estatu terrorismoarena da: erasoak, bahiketak, atentatuak, hilketak, desagerpenak, torturaren erabilera masibo eta sistematikoa.
Horra atxiki beharreko beste hitz bat: tortura. Egungo gazte batentzat zaila izan daiteke, historia ezagutu gabe, oximoron bat dirudiena onartzea: demokrazia torturatzailea. Disfuntzio kognitibo moduko bat gertatzen da. Ordea, nahikoa da inguratzen gaituen munduari erreparatzea ondorioztatzeko mendebaldeko demokrazia gehienak polizia-erregimen guztiz konplexugabeak bilakatu direla, polizia-erregimen garaikide gehienek «demokratiko» titulua harrotasunez erakusten duten bitartean. Bestalde, Espainiaren politika errepresiboan guda zikina konstante bat izan bada, tortura haren muina izan da, funtsezko bi beharri erantzuten dion zentzuan: euskal herritar potentzialki matxinoak izutu, eta informazioa eskuratu.
Diotenez, Martxelo Otamendi Eusko Jaurlaritzako ikerketa batzordean bere lekukotza ematera joan zenean, politikari batek esan zion hark sinesten ziola, baina Guardia Zibilari ere sinesten ziola. Joxe Azurmendik filosofoak ondorengo erantzuna idatzi zuen: «Mesedez, ez iezadazu ezer sinets! Zu ez zaude hemen ez niri ez Guardia Zibilari ezer sinesteko. Hemen zaude salaketarik baldin badago haiek ikertu eta argitzeko. Ezin baduzu, eta ezin izango duzu, ezintasun horren arrazoiak bilatu, eta egin ezazu egin behar duzuna: sala ezazu gutxienez zure ezintasuna, eta azaldu haren arrazoiak. Zure zalantzek ez zaituzte errugabetzen. Jasan ditudan torturak frogatu ezin baditut, ez naiz ni erantzulea. Baina egon badago erantzulerik, haien artean zu. Ez zara errugabea. Zuk, torturarik egon badagoenik zalantza egin dezakezu, baina nik ezin dut. Ni hemen nago tortura egon badagoela salatzeko, zu hemen zaude egon ez dadin ziurtatzeko».
Esan dezakegun gutxienekoa da Espainiak, Euskal Herriaren aurkako bere guda ez-deklaratuan, ez dituela bitartekoak aurreztu, ez legezkoak, ezta legez kanpokoak ere. Jainkoaren graziaz Espainiako gidari Francisco Franco Bahamonde diktadorearen heriotzaz 47 urtera, hain zuzen, espainiar demokrazia (jada ez hain) gaztearen bilana egiteko tenorean gaude: 7 mila tortura kasu inguru, 30 mila atxiloketa politiko baino gehiago, ehunka mila manifestazio baketsu erreprimituak, eskubide zibil eta politikoak iraunkorki mugatuak eta zanpatuak, indar armatuen presentzia jarraitua eta itogarria kaleetan, gaztedia errebeldearen jazarpena eta kontrol sistematikoa, egunkari, aldizkari eta irratien itxiera, gezurraren, manipulazioaren, irainaren, mespretxuaren erabilera masiboa, maccarthysmo gero eta lotsagabeagoa eta orokortuagoa, antolakunde sozial deserosoen aurkako tai gabeko erasoak, euskararen aurkako oldartze iraunkorra, hauteskunde trukatuak, alderdi politikoen ilegalizazioak, salbuespen legeen banalizazioa, guda psikologikoa, estatu terrorismoa… gauza jakinak denak jakin nahi dituenarentzat eta «guda politika» formularekin laburbildu ditzakegunak. Guda politika herri oso baten aurka, herri gisa dagozkion existitzen jarraitzeko, emantzipatzeko eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubide besterenezinen inguruan antolatutako herri baten aurka.
Ez nuke inor zifrekin aspertu nahi, baina baliagarriak dira espainiar demokrazia “inperfektua” euskaldunontzat den amesgaizto amaigabea irudikatzeko. 1970. urtean, diktadorearen heriotza baino bost urte lehenago, 328 euskal preso politiko zegoen espainiar kartzeletan. Hamar urte geroago, bost urteko demokraziaren buruan, zenbakia ia berdina zen. 1990. urtean zifra 499ra igo zen. 2000. urtean zifrak gora egin zuen berriz, 2010. urtean 735 presoko zifra sinestezinera iristeko. 2022an, Franco hil eta 47 urtera, ETAk borroka armatua utzi eta 10 urtera, 200 inguru preso daude. 47 urteotan ez dugu presorik gabeko garairik txikiena ezagutu, ez egun bat, ez ordu bat, ez minutu bat, ez segundo bat.
Batzuk esango dute Espainia demokrazia sendoa dela eta ez duela beste aukerarik izan, afera honetan Espainia biktima balitz bezala eta ez gure gizartean biolentzia osagai iraunkor gisa sartu duen potentzia, Euskal Herriari independentzia eta askatasuna jomuga izateko eta haien alde borrokatzeko eskubidea errefusatzen diona indarrez eta bortxaz. Tortura, estatu terrorismoa, existentzia ukoa, 200 urtetan Espainiak burututako bidegabekeria izugarri eta sinesgaitz horiek guztiak ez ote dira geure erresistentzia justifikatzeko zapalkuntza jazoera nahikoak? Gure duintasun aldarria ez ote da funtsezko exijentzia etikoa, gizaki gisa onartuak izateko inperatiboa, hots, berdintasunean begiratuak eta tratatuak izateko eskubidea adierazten duen aldetik? Herri kontzientzia eskuratu duen herri batentzat helburu bidezko bakarra ez ote da askatasuna?
Helburu bidezko bakarra askatasuna delako nahi dugu Euskal Errepublika. Merkatuaren mafiak demokraziaren azken arrastoak suntsitu eta mendebalde osoko estatuen gainetik agintzen duen gobernua supranazionala eratu duenez, errepublika horrek sozialista behar du derrigorrez. Euskal Errepublika Sozialista da euskaldunoi askatasuna berma diezagukeen egituraketa bakarra.
Adierazle ekonomikoek aspaldi igortzen dizkigute ekonomia produktiboaren krisi planetario baten seinaleak. Zonbait kalkuluen arabera 2055 urterako planeta osoko lanpostuen erdia robotek bereganatuko dituzte. Munduko Ekonomia Foroak, etorkizuneko mundua taxutuko dituen politikak pentsatzen dituenak, “Reset handiaz” hitz egiten du. “Zerotik abiatze” honek ekonomiari eta, jakina, politikari eragiten dio. Azken bi mendeetan mundua aurreko 60 milioi urteetan baino gehiago aldatu bada, datozen hamarkadotan gertatuko dena imajinagaitza da. Gunter Anders filosofoak zioen lehen Mundu Gerraz landa gizakiak bere burua suntsitzeko gaitasuna eratu zuela, eta suntsiketa gaitasun hori “irudikagaitza” zela. Stalinek beste modu batera formulatu zuen: «Gizon baten heriotza tragedia bat da. Milioika gizonen heriotza estatistika bat da».
Gizakion adimenak ezin ditu ikusi, ulertu, atzitu, irudikatu gerra nuklear baten ondorioak. Mundua eraldatzeko gure gaitasuna hain da eraginkorra, brutala eta, era berean, aurreikusezina, mundua hogei urte barru irudikatzea ere ezinezkoa baitzaigu.
Zera dakigu, merkatuaren mafiak ezartzen digun agendari aurre egitea inoiz baino premiazkoagoa dela, gizadiaren beraren iraupena jokoan baitago. Badakigu, halaber, desjabetuok, txirook, langileok, komunistok, inoizko posizio ahulenetik abiatzen garela, haien eta gure arteko indar desproportzioa inoiz baino handiagoa baita. Hainbeste non ezinbestekoa suertatuko zaigun nazioarteko bloke iraultzaile bat eratzea. Belgikako ZAD libertarioetatik Euskal Herriko Mugimendu Sozialistara, hau da gero eta ozenago aditzen dena: Nazioarteko saretzerik gabe ez dago zereginik. Paradigma berria Munduko Alderdi Komunistarena da.
Abertzale zahar asko paradigma zaharretan katramilatuta daude, edo paradigma zaharretan katramilatuta daudela pentsatu nahi lukete, paradigma horiek desagertu egin direla ohartu gabe. “Erabakitzeko eskubidea”, inoiz existitu bazen, Katalunian hil zen. Bide elektoralak, gure kalterako dakigun bezala, ere ez du inoiz balio izan Espainian, zeinak ez baitu, bere historia guztian, baleko demokraziarik soslaiz ere begiratu. Hegemoniaren paradigma, hain bogan orain hamar bat urte, estatu (formalki) burujabeentzat balio zezakeen, balioko bazuen. Guri ez zigun balio, eta are gutxiago balio digu gaur.
Paradigma zaharretan katramilatuta dauden abertzale zahar askoren kezka nazio auzia da, euskal Mugimendu Sozialista gazteak ematen dion erantzun edo trataera “insatisfaktorioa”, preeminentzia absolutua ematen ez dionez gero. Ni ere kezkatzen nau auzi honek, noski. Identitatea da gizon nahiz emakume bakoitzak berezko dugun ondasun bakarra. Gure identitateari eutsi nahi diogu, horretan tematu gara mendez mende. Euskara da Europan bizirik dirauen indoeuropar hizkuntza bakarra. Gu ere hala garela esango nuke, Europako azken herri indigena. Pixka bat New Wave dirudi, baina uste dut gaur egun oraindik irauten duen “kosmobisio” bat dugula, ez garela inoiz horretatik guztiz urrundu. Uste dut Euskal Herriak, parte handi batean, “kosmobisio” indigenista bat gordetzen duela, eta oso lotuta dagoela hizkuntzarekin. Hizkuntza konexio oso indartsua da. Herri hau “kosmobisio” edo “pentsaera” aparteko batekin lotzen duena hizkuntza da. Harrigarria da zenbat zapalkuntza jasan ditugun eta zenbat indar erabili dugun bizirik jarraitzeko. Gure hizkuntza bizirik mantentzea benetako borroka izan da.
Izan ere, unibertsalista uste askok diotenaren aurka, munduratzen garen lekua, ingurumena, lekuaren historia, historia hori norberarenarekin lotzen den modua, bere marka uzten baitu gure izatean, gure aukeretan, gure ekintzetan. Euskal Herriaren historia, bere amildegi eta gailurrekin, bere distira eta horroreekin, ukazio baten, debeku baten historia da, etsipenez eta basakeriaz betetako historia, baina baita duintasunaz eta borrokaz, eta barnean daramatzagu gauza guzti horiek.
Gure borrokaren funtsa beti izan da euskal nortasunari eustea, baina baita existitzen ez den mundu berri bat sortzea, ikusezina ikusgarri bilakatzea, askatasuna jalgiaraztea. Zeren eta ez dago askatasunik bilatzen eta borrokatzen denaz harago, zeren eta benetako askatasuna askatasunaren aldeko ekitean dago, zeren eta askatasuna ez da gizakiaren ezaugarri hutsa, bere izatea baizik, bere ezereza betetzen duen funtsezko osagaia.
#EztabaidaNazionala
Euskal errepublika [#EztabaidaNazionala] Euskal errepublika [#EztabaidaNazionala]
Esker mila, Zigor
Ekarpen ederra. Astiroago irakurriko diat, baina lehenbizi eskerrak Matalasen hitz hunkigarriak gogora ekartzeagatik (Agia, agian, egün batez jeikiko dira…),
eta Ordokiren borroka gogoangarriak.
Oso artikulu interesgarria,gustura irakurri dudana nahiz ta ondorioekin ados ez nagoen. Pentsatzea Europa komunista batean (hori posible bada), 300 milioi biztanle duena, gure nazio garrantzia izango duela… Ez dut ikusten. Gehiago,ustezko komunista asko imperialismoz jota daudenean. Frantzian adibidez, Melenchonen alderdi komunistak nahiko indarra du. Jakobino ta anti euskaldun amorratua da. Europa horrek Francoren diktadura faxista agintzen utzi zuen. Ados ez zela Europa komunista,baina komunismoak gaur egun baino askoz indar handiagoa zuen. Abertzale zahar horietakoa izango naiz. Baina uste dut gure askatasuna gehiago dagoela gu bezalako herri zapalduekin bat egitearekin,Europa osoko mugimendu komunista batean baino. Katalunia ta Hego EH batera altxatuko balira,Espainiaren indar armatuen erruz hartuko zituzten mendean. Gauza da hori zaila bada,Europa osoa bateratua altxatzea,ta gure nazio auziari babesa ematea,are zailago ta ezinezkoago iruditzen zaidala. Ta gazte sozialistei dagokionez,ia ez diote garrantzirik ematen nazio auziari. Beraiek ematen ez badiote,nola emango lioke Europa komunista batek? Ez dut ikusten.
Nire ustez, une húntan aliantzak eta indar indar-metaketak idurikatzean, 2.030-Agendari begira izan behar dela. Horixe baituk Eliteak markatuta data-klabea.
Orduan, zeintzu izanen dituk horren aitzi ahalmena izanen duten botere-babesguneak?
Lehenik, inork izatekotan herri indigenoak. Ez gaitezen despistatu. Ez komunistak, ez Europako Ezker Antolatuak. Aski esperientzia izan diagu binario plademikoa, horiek ez duela inongo dinamikarik erakutsi.
Beraz, herri indigenoengan dago itxaropena, eta hasi dituk ahalduntzen(Txile,Mexiko…), espero dezagun datozen urteetan areago boterezea. Horiexek dituk Memoria historikoa dutenak, eta bera, brrokarako MOTIBAZIOA.
Beste indar bat, itxaropena jarri dezakeguna, EMAKUME AHALDUNDU IRAULTZAILEENA dok. Halere, feminitak eurek ondo dakitenez, ez dituk aski izanen; espero dezagun Europan eta EEBBetan baino indar handiagoa izatea Hegoamerikan eta Afrikan.
Euskal Herriari dagokionez, Sugaar baino optimistagoa nauk, baina baldintza birekin:
1- Kritikoak izatea, ezen ez KOLONIZATUAK, orain bezala. Izan ere, kolonizatuek egia dena gezurtzat eta gezurra dena egiatzat hartu ohi dute, Buru-garauna janda bizi baitituk (hori ere argi geratu duk bi-anuario plandemikoan)
2- Dauzkagun arrasto eta ahalbide indigenoez baliatzea. Eta hori inongo estatu europarren baino aski errazago egiteko tenorean gaituk
Dena errespetutik.
Kide omen gintuan. Hire gertuko hainbatek, egun, etsai naitek publiko eta notorioki. Ez denek, bai argiki, hainbatek. kide zena arerio egiten dit honek? Ez nikek hala sendi nahi, trixtea litaikek hi arerio onartu beharra bera ere… baina maila estrategikoan, ekuazioak, egun, ez dik sentimentuentzat leku handirik uzten…beraz, zuzen eta zorrotz, herriari zor bagatzaizkiotz.
“Paradigma berria Munduko Alderdi Komunistarena da.”, baina kosmobisioa, hizkuntza, no se qué…
-Ez dut erreal begiztatzen ez paradigma formulatua bera, ez eta XXI. mendeko ogi zopatan euskaldunak olio bokaziotan hasiko direnik, behin “Munduko Alderdi Komunistak” bere helburuak erdietsirik ere. Egileak, tesian adierazten duen euskal, dei dezagun subjektuaren desintegrazio exaktuki berberera bideratzen du subjektu hori, ekuazioa bloque hegemoniko globaletan (!!) kokatzen duenak. Paradoxa bat bezela uler daiteke baldintzak objektiboki aztertuz gero.
-Aldiz. Historia hurbileko pasarte zehatz zonbait dokumentuan egoki aurkezturik izaki , hurrengo tesi honek BAI betetzen ditu paradigma berri bat haragiztatzea gauza ditzakeen baldintzak, ekuazio objektiboki ulergarri, historikoki errefutatu, egingarri eta funtzional oso baten baitan, gaur gaurdanik aktibatu daitekeen estrategia herrikoi integral bat, misterio handirik ez duena.—————————
——Frantziar Iraultza +Espainiar monarkiak+ XVII-XIV. mendeak, 200 eta asko urte. 2 gudu zibil, Karlistadak. Txikizio absolutua, denetan. Industrial iraultza absolutua, I mundu gerra. Nazio-estatu kontzeptzio eta kontzientziaren hedapena=Nazionalismoaren hedapen eta bilakaera globala, HOTS mundu zaharraren betiereko bukaera eta gizon txuriaren mende luzetako hegemonia global politiko eta ekonomikoa mantentzeko saiakera modernizatua, mundu berriaren konzeptziotik.
Inperio handi gehienen dekolonizazioak. Hegemonia hori mantentzeko saiakera hau, URSSek gelditzen du partzialki, baina proiektu hegemonikoaren alde ekonomikoa gauzatu egiten da, hots, kapitalismoaren globalizazioa. Demokraziak eta XX. mendeko askapen Nazional eta Sozialerako erresistentziak. Internet eta XXI. mendearen lehen 2 hamarkadak. Hau da Matalazetik gaur egunerako bidaia, eta bidaia hortan, mundu zahar eta berriaren ikuskera aldaketa horrek garrantzia kapitala du, ekuazioa interpretatzeko orduan.
-Azken 100 urtetako experientziak, egiaztatzen du Nazioa eta Aberriaren kontzeptzioen garatzeak ez duela subjektu horren kosmobisioa guztiz determinatzen duen elementu zentral absolutuaren, hizkuntzaren, gure kasuan Euskararen garapenean, kalte baino egiten. Herriak ahoz eta mendez mende jasoa ito egiten da lehen igeri zen horretan. Lehen igeritan zirenen oinordekoak arrantzale bihurtzeraino, delako nazioaren sinboloa paparrean dutela. Miguel de Unamuno debru zikin horrek, barre karkailaka dakusa eta dakospa bere tesi traidorearen garaipen kasik osoa. Nazio modernoetako hirietan, euskarak, ez du lekurik.
-Tesian abertzale zaharrez mintzo den horren kritika, paradigma berberaren lokatzetan belaunetaraino sartuta dago, balizko “kosmobisio” baten aitzakitan, euskararen herria osatzen duen errealitatearen garapena, textinguru global batean kokatzen den estrategia absolutu baten baitan kokatuz emango dela uler arazi nahi badu.
MSaren tesien atzean agertzen diren sinaduren abizenek, argi adierazten dute orain 47 urte hildako horrek hasi zuenaren aurrean, hiruzpalau belaunalditako familia eta inguru oso zehatz batzuetan, askapena eta hau erdiesteko bideak ulertzeko modu oso zehatz batzuen transmisio emozional bat egon dela, estrategia bere hortan bazterrean utzita eta sentimentuak lehenetsiz behaketa arrazionalari.
Dagoeneko sarriegi, oso modu bortitzetan adierazi izan den Euskal Nazioaren Askapen Nazional batzuen eta Nazional eta Sozialerako besteen askapen formatuen kontzeptzio emozional/ez arrazional hauek, minoritarioak izan arren, herriarengan eragin sakona izan dute eta dute, inposaketa bezala sentitzen, ulertzen eta errefusatzen baitira segituan eta kasik instintibuki… baina bai eta ere bildur eragiten eta hori erabiltzen shock egoera orokor bat sortu eta egoera hau helburu partikularretarako erabili nahi duten sektoreek.
-Subjektu horrek, biziraute gakoan, arnasguneetara jotzen du. Herri milenario baten taupada faseak anitz, gora-beheratsu, batzuetan prekario eta besteetan oso osasuntsuak izango ei dira, taupaka ari den heinean bederen… nazioarteko egungo textinguruaren irakurketak, berriro ere, Ebro ibarreko, kantauri zokoko eta Nafar basoko euskaldunak protekzionismo eta arnasguneen ezinbestekotasun egoera batera bultzatzen dituen fase historiko baten aurrean aurkitzen garela baieztatzen du.
Arrazoi guztu hauengatik, hau da paradigma berria ulertu, barneratu eta zaharra behin betiko desegiteko ulertu beharra dagoen ideia zentrala:
—EAJ-PNV-EKIN-ERAKUNDEA(K)/EZKER ABERTZALEA-EA-MS
—Armagabetzea+estrategia aldaketak: Bide-tesi berrien agerpena, tarteko hau, tesi “globalista” edo rupturista.
Galdera xinplea da: zer ekartzen dio Euskararen herriari aurreko sigla horiek guztiek amankomunean darabilten delako “abertzaletasunak”? Ze demontre da aberria, nork defini dezake eta ze elementuren baitan…abstraktuegia da.
…aldiz, Euskararen herriak, traketski bada ere, transmisioa ez etetea erdietsi duen honetan, EZINBESTEKOA du Subirautzaren aldeko hautu absolutu eta pragmatiko bat egingo duen subjektu herrikoi eta lokalez osatu eta Euskal lurraldeetan hedatuko den alternatiba historikoki funtzional bat garatu eta martxa bizian jartzea. Subjektu horren, egunez egun pairazten ditu kalteak bere arnasguneetan eta galera etengabea da.
Subirautza. Nazioartean berretsitako Independentzia egoera bat. Proiektu praktiko, eraginkor eta gauzagarria litzateke egungo teknologia mailetan garatu ahal izateko. Hortarako, Independentzia gauzatu beharra dago, hots, efektibuki inposatzea lortu. Helburu historikoaren erdiestea nola eman eta subirautzaren berreskurapena gauzatzeko modua, horrek beharko luke egun EZTABAIDA ABSOLUTUAK, nazional izan edo galaktikoa. Euskal subjektuaren subirautzarako elementuak taula gainean dira, hamarkadetan ez bezala…
…tesi globalista gauzatuz gero, euskara eta bere subjektuak transmisioa bermatzeko ze aukera edo arnasgune lituzke? Egun baditu… ongi eta luzaz olioztatuak.. eta hala ere, arrisku hori ebidentea izan arren, tesi globalistaren aldeko apostua egiten dutenen hautua, horri kontzienteki uko egitea aukera bezela onartzea da. ———–
Paradigma berria, Euskalduntasunaren kontzeptzio sinbolikoak erromantizatu eta kontsumitzeari utzi eta planeta honen historian, Europako harpeak margozko adierazpenez beteta utzi zituzten haien oinordeko haiek, berriro ere, beren herritartasun eta komunitateen garapen hori bizipozez haizaturik, naturalki eta izatearen plazer betean ematen arra hasten direnean gauzatuko da. Garatutako konplexuak gainditu eta gaurtik hasita, azken 100 urteetako zauri kolektiboa itxiz. Begirada aldatuz eta herriaren dimentsioa ber ezagutuz. Nazio sentimendu izaera gehiegizkoek, euskararen herriari egin dioten kalte sakonaz jabetuz, euskaldun español eta frantzesak existitzeraino. Ordainsari bat hizkuntza batentzat murru bihurtzeraino. Euskarak komunitatearen kohesiorako eskeintzen duen abagunea ber dimentsionatzeko behar absolutuaren parean aurkitzen gara.
Pentsa bide orri hau gauzatuko bagenu, adibidez:
-Abertzaletasun abstraktuaren ikuskera Independentismoaren beharrerako arrazoin zehatzengatik aldatuko bagenu.
-Nazionalismo piramidalaren kontzeptzio hegemonista urbanoa herri batzarrez eta entitate lokaletan zentratutako indar metaketa baten koordinazioagatik aldatuko bagenu.
Bi aldaketa hauek gauzatuz, Euskal subjektu subiranista horren askapen borroka erdiestea helburu absolutu izango lukeen batasunezko askapen fronte bat eratzeko baldintzak ezarriko bagenitu.
-Abertzaletasun eta Nazionalismoaren fase historikoa behin betikotz itxiko bagenu.
-Euskal subjektuaren garapen Garaikiderako erakunde paralelo probisionalak diseinatu eta martxan jarriko bagenitu. Euskal subjektu subirau horren gauzatzearen baitan, lurralde horretan bizi denak Nazioarteko textinguruari aurre egiteko alternatiba bat eraikitzeko bide izango luke, erreal eta praktikoa.
-Zentsu bat osatuko bagenu. Nortzuk dira Euskal subjektu subiranista osatzen duten norbanako horiek? Zentsuaren osaketarako estrukturak abiaraziko bagenitu.
Zentsu bat zertarako? Subjektu subirau hori kudeatuko duen entitatea definitu beharko duen Euskal prozesu sufragista gauzatu ahal izateko.
-“7” lurraldeetako batasun gobernu probisional baten eraketarako nazioarteko lehen euskal hauteskundeak diseñatu eta ospatuko bagenitu, egun inposatutako marku legal Espainiar eta Frantziarretatik at.
-Hauteskunde hauek subjektu soberanista jendarteratzeko eta zentsu osaketaren bigarren fase bat emateko erabiliko bagenitu.
-Zentsuaren osaketa eta hauteskunde horiek kudeatuko lituzketen entitateetan eta hauteskunde horietan ateratako emaitzetan oinarritutako instituzio probisional horietatik, subjektu soberanista gauzatzea erdietsiko lukeen estrategia definituko bagenu.
-Estrategia horren aplikazioz Euskal subjektuaren nazioartean berretsitako subirautza erdietsiko bagenu, estaturik gabeko independentzia ezarriz erdigunean, aberriak eta nazioak erdigunean izango ez dituen paradigma berri horren baitan.
Egun, gehiegik, paradigmetaz, azken hamarkada hauetaz “momentu historikoetaz” hitz egin izan den moduan hitz egiten dutelakoan nago. Paradigma aldaketa baten ondorioak ezin aurrikusgarriak dira, inoren begietan. Baina paradigma aldaketa bat globalean eta aberri-nazio kontzeptziotik interpretatzen duenak, tokikoari, arnas hartzeko bideak mozten dizkiola, ebidentzia bat besterik ez da.
Errealitatearen interpretazioa orokortasun zurrun eta dogmatiko batetik gauzatzen duenak, ez du bere jurisprudentzia propio eta bakarraren kontzientzia izpirik ere, balizko orokortasun horren homogeneotasunean urtzen baita, sumisio absolutuan, bere behaketa gaitasunetatik atera ditzakeen ondorio kritikoak baztertu eta aurre ezarritako ideia batzuen aurrean makurtuz. Teorian bakarrik existitzen den balizko irakurketa bat, izatea bera eman eta ematen diona erreprimitzeko moduan artikulatzeraino. Paradoxa hutsa. Aulki lapur banden etika edo ostien politika.
Nazionalismoa eta tokiko oligarkien interes eta logiketan oinarritutako tesiek sekula ez dute herriaren hatsa lehenetsiko.
Abertzaletasunaren paradigma zaharraren aldamioa ez desegiten tematuak diren lehen Nazionalista horien seme-alaben seme-alaben seme-alaba sektore minoritario hori, bere irakurketa eta tesietan, ez zaio euskal subjektu suberanistari eta helburu historikoaren erdiesteari sekula zor izango. EAJ/PNV-MS, BERDIN DA, kate bereko katebegiak, aitona eta biloba.
Beren etxe eta sendietatik jaso dituzten erreminiszentzia emozionaletan urtu dira asko, erakunde, trapu, egiteko modu, alderdi eta erritual orgia performatibo batean mozkortuta, itota. Galdu duela asumitu duen sektore baten ezinaren ondorio tragikoak dira, zoritxar historiko bat…betikoak, finean.
Ez nazionalismoak, ez abertzaletasunak ez du deus ikustekorik euskal subjektuaren helburu historikoarekin, ez euskararen herriaren artikulazioarekin, ez kosmoikuskera bereizitu indigenista lokalarekin, ez euskal subjektua osatzen duen komunitatearen eguneroko behar zehatz eta orokorrekin.
Nazioartean bolo bolo zabaltzen ari den beste, berriro ere, galtzeko bokazioz erditua izan den estrategia baten interpretazio emozional bat, gatazka historiko eta determinante batean aldagai nagusietako batek estrategia aldatzea erabakitzen duen momentua probestuz eta despetxutik, zikin, inplementatu nahia da, besterik ez. Diskurtsuz mozorrotuta, galdu duenaren sentimendua estaltzeko ihes inkonsziente, ahul eta koldar bat, jaso duen ezina nolabait auto-justifikatu behar bat, gertatuak gertatu…
…hots, zer da derrotismoa eta nork praktikatzen du, zer da borroka alde batera uztea eta zer da traizioa? Finean, ZEIN DA BORROKA, TESI HAU SINATZEN DUENARENTZAT?
Euskaldunak abertzale behar du? EZ
Euskadi nazio bat da? EZ
Euskal subjektu bat existitzen dela uka daiteke? EZ
Euskal subjektuak izaten jarrai dezan, subirautza erdietsi behar duela uka daiteke? EZ
Euskal subjetuaren helburu historikoa gauzatzeko borrokan ziardutenak beste helburu batzuen erdiesteko, legitimoki, borroka hori baztertu, baina gainera, Euskal subjektu subiranista horren parte diren norbanakoak, beren borroka aldaketa bultzatu dituen premisak traputzat hartuta, egunero erasotu, zapaldu eta baztertzea onargarria da? EZ.
Hemen ez dago Eztabaida Nazionalik. Hemen, bildurrak eta sentimentalismoak eraginik , inplizituki galdu duela onartu duenaren posibilismo ariketa inkontziente bat besterik ez dago, badaezpada ere, eta “berri” hauek, noizbait arrazoina inposatuko balute, argi ikus nazaten. Kamikaze bat bunker atomiko batean, destroyer bat. Terrorista bat inprobisatzen. “Aberria ala ni” bat. Paradigma zaharrak gainditutako erreminiszente emozional bat gehiago, Agusti Xahorenak egin nahian, post-modernismo zientifiko itxurak emanez 25 urte gazteagoei. Ez. Egindako kalteak jada muga guztiak gainditu ditu eta denak ez du balio. Etxea lehertu da.
Euskaldunak herriari zor gatzaizkio, ez balizko alderdi komunista global bati.
Nahikoa da hainbeste ortodoxia irrazional euskal lurretan.
Askapen osoa. Subirautza edo heriotza. Bakea.
Hilko da berriro norbait beste “pater”, “patrie” edo dena delako bategatik, euskaraz baizik etzakiten haien moduan. Baina ez euskal subjektuaren izenean ez izenetik.
Euskaraz eta euskaratik liluratuko dugu mundua, ez mailu eta igitairik eskutan sekula hartu ez duten “los de la medallita” haien biloben fantasia derrotista induzitu autijustifikatzaileen errealitate performatibo, induzitu eta tragikoaren eskutik. Bakotxak berea eta garaian garaikoa. Historiak bakoitza bere eran absolbitu edo kondena dezan.
Izan ala ez izan, hor gakoa.
INDEPENDENTZIA.
SUBIRAUTZA.
ESTATURIK GABEKO EUSKAL HERRIA,
NAFAR SUBJEKTU KOMUNALAREN ADIERAZPEN GORENA.
BAKEA
EUSKARARI BETIEREKO ARGIA.
EUSKARAGATIK BIZIA.
EUSKARA ALA GUDA OSOA.
ABERRIA HIL.
MINTZA, HAIZATU, MAITE ETA BIZI AMERRIA,
BARNERATU, SINETSI ETA GAUZATU
EUSKAL PARADIGMA GARAIKIDE BERRIA.