Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa

Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa –

Laurogeiko hamarkadan Gipuzkoako Lezo herrian bizi izan nintzen eta orduz geroztik oso lotura handiak izan ditut herriarekin eta bertako herritarrekin. Lezon bizi izandako urteek nire bizitzan zama handia utzi dutela eta nire bizitzaren nondik norakoak nolabait bideratu dituztela uste dut. Aitortu beharra daukat Lezon eta lezoarrekin asko ikasi dudala, eta hainbat arlotan, gainera.

Oraingoan, kontatu nahi dizuet, 1936ko udan, Francoren altxamendu faxistaren garaian, Gaintxurizketako baserrietan gertatu zen hilketa lazgarria, nik lezoarren ahotik entzun nuenez geroztik, beti buruan, jira-biraka izan dudana, halako krudelkeriaren oroitzapena ezin baita gogotik eta bihotzetik erraz ezabatu.

1936ko uztailaren 27a zen, Nafarroatik zetozen erreketeak Oiartzunen sartu berriak ziren, eta Donostia aldera egin nahian zebiltzan. Irundik trenez iritsi ziren Gabierrotara eta Agerre baserritik gora Gaintxurizketako baserrien eremura iritsi ziren. Etxetxo baserrian Usabiaga-Oiartzabal familia bizi zen, osora sei senide, Prexku eta Maria aita-amak eta Agustin, Domingo, Enrike eta Sebastian semeak. Agustin semeak hogeita bi urte zituen, eta soldaduska egiten ari zen, frontean alegia. Gainerako hiruak baserrian zeuden egun madarikatu hartan.

Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa

Lehen erreketeak bazterretatik ezkutuka pasatzen ikusi, eta arriskuaren beldurrez edo, hortik hurbil zen Miura baserrira joatea erabaki zuten, Domingo semeak bertako alaba baitzuen neskalagun. Aita zelaian gelditu zen belar lanetan, behiak ukuilura sartu beharra zituen, eta ama eta hiru semeak Miura aldera abiatu ziren. Domingok hogeita lau urte zituen, Enrikek hogei eta Sebastianek hamazazpi. Bidetik barrena zihoazela, Mattejoane eta Miura baserrien artean zeudela, Lezo hartzera zihoan errekete talde batekin topatu ziren.

Han zer gertatu zen garbi ez dakigun arren, gauza da erreketeek lau senideak erail zituztela. Batzuek diotenez, hiru mutilak bahitu nahi izan zituzten faxisten tropetan bortxaz sartzeko, eta mutilen ezetzaren aurrean, eta semeetako batek gerrikoan euskal ikurrina zeramala ikusirik, bertan tiro bat eman eta labaina sarturik hil zuten. Gero beste bi mutilak, banan-banan hil zituzten tiroz eta labainez. Ama semeen hilketa ikustera behartu zuten, eta gero, bera ere modu berean erail zuten.  Halako balentria egin ondoren, ama-semeen gorpuak bide bazterrean, odol putzu handi batean, utzi zituzten. Hor izan ziren garai hartan Lezoko zabor biltzaile zen Felix Arriagak aurkitu zituen arte. Gurdian sartu eta hilerrira eraman zituen. Gerora, Lezon sartzean, bera ere erail zuten.

Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa
Etxetxo baserria

Halako krimen lazgarria lezoarren gogoan iltzaturik betiko gelditu bazen ere, frankismoaren aro beltzean isilpean itota mantendu behar izan zuten. Horretaz eta beste krimenez ezin zen deus ere aipatu egin. Gaur Etxetxo baserria desagertuta dago, baina Miura baserriak zutik dirau oraindik Altamirako gainean. 2019an lezoarrek lau senideak hil zituzten inguruetan omenezko oroitarri bat jarri zuten. Zer guttiago, modu basa horretan erail zituztenen memoria nolabait atxikitzeko!

Jakin badakigu, zer egin zuten faxista nazkagarri haiek Hego Euskal Herri osoan, eta ondotxo dakigu horrelako gertakizun beltzak gure geografiaren luze-zabal osoan egin zituztela.  Halako balentriak! Bihotza behar horrelakoak egiteko!!! Gaur hirurogeita bost urte ditut, jadanik ez nauzue historia beltz hori lehen aldiz entzun nueneko gizon gaztea, baina urteek ezin izan dizkidate orduan sentitu nituen mespretxu eta nazka bihotzetik eta oroitzapenetik ezabatu. Barne-barnean estekaturik sumatzen ditut.

Agur eta ohore Etxetxo baserriko ama-semeei, faxismoak hildako guztiei, eta baita aurre egiten ausartu ziren gizon-emakume guztiei ere. Ezin ditut ahantzi, inola ere, nire bi aitonak. Lehena, aitaren aldekoa, Silvestre izena zuena, langile bortxatuen batailoietan esklabo gisa erabili zutena, eta Aritxulegiko tunelean barreno bat lehertzean erail zutena. Bigarrena, amaren aldekoa, Matias izena zuena, gerra bukatu ondoren, urte luzez lur azpiko soto batean ezkutatuta bizi behar izan zuena. Oroitu beharra daukat ere nire osaba Martin, Otxandiano batailoiko gudaria zena, Durangoko bonbardaketan, hemezortzi urte zituela, arrunt txikitu zutena. Hiruak ene gogoan. Inoiz ez dugu ahantziko eta ez barkatuko!!!

Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa
Erreketeek eraildako Etxetxo baserriko ama-semeen omenezko oroitarriaren inaugurazioa 2019an.. Arg: Oarsoaldeko Hitza
Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude