Etxera bueltan

Bilboko Campo Volantínetik pasieran ateratzen zen bakoitzean, hotel koloretsu eta moja-etxe baten ondoko eraikinaren goiko terrazari aho zabalik begira geratzen zen Olof. “Beti gustatu izan zait terraza hori” errepikatzen zion bere ilobari bertatik pasatzen ziren bakoitzean. “Bista onak ditu” eransten zuen segidan umeek duten irribarre bihurriarekin. “Hala da” burutzen zuen bere ilobak ibiltzeari ekin aurretik. Bada, egunero entzuten zuen komentario bera leku berean.
-Nora goaz?- galdetu zuen agureak gogotsu oinez berriro hasi baino lehen.
– Campo Volantíneko terrazara – erantzun zion ilobak
– Beti gustatu izan zait terraza hori- errepikatu zuen Olofek, aitorpen txiki bat balitz bezala- Bista onak ditu
Txirrina jo eta gero, etxeko atarira sartu ziren biak. Eskailerak zeuden arren, gaztaroan bezalaxe igo zituen saltoka Olofek. Igogailuaren aurrean, buzoiei begira geratu zen une batez, bere etxekoa ere hortxe balego bezala. Gero, pareta zuriak aztertu zituen eta ate bati erreparatu zion.
– Uste dut ate hori garajekoa dela- bota zuen ziurtasunez.
Memoriaren kontuak zirela uste zuen ilobak. Bere aititeak bere umetako etxea eta etxe hura nahasten zituela nonbait.
Etxera bueltan– Sartu bai, ez dago arazorik- hartu zituen etxeko jabeak igogailutik atera orduko- Egunero ikusten zaituzet terrazara begira eta zuek proposatu ezean, nik gonbidatuko zintuztedan- esan zien amiltsu.
Olofek etxera sartu bezain laster ezkerrerako bidea hartu zuen terrazara irteteko. Gabonzaharrak ziren eta terrazan bertan zeuden bere aitite eta amama urte berriko suziriak ikusten, bata bestea bezain dotore. Olofen ama ere hortxe zegoen, baita bere arreba biak jolasean eta izeko-osabak ere. Hor ginen denok, baita ni ere, Olofen zai.
– Erdu laztana! – eskeini zion amak eskuarekin. Inoiz baino distiratsuago zegoen. Istripuaren zantzurik ez zeukan aurpegian eta gaztetua ematen zuen.
Olof arin hurbildu zen amarengana eta salto batez bere besoen artean izkutatu zen. Musu goxo bat eman zion amak.
– Urte berri on, Olof!
– Urte berri on, ama!
Aurpegitik malkoak zerizkiola, Olof tximistaren pare atera zen terrazatik pasillora. Iloba eta etxeko jabea zur eta lur geratu ziren, izan ere, agurea ez zen sartu ez lehengoan, ez eta bigarren gelan ere; baizik eta hirugarrenera abiatu zen zuzen. Ohean aurkitu zuten agurea, burkoaren kontra negar batean zegoela. Lasaitu eta gero loak seko hartu zuen Olof. Irribarretsu zirudien, nonbait bazekielako etxean bueltan zegoela, hirurogei urte itxaron arren.
Etxera bueltan

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.