Felipe VI.ari intsumisioa

Felipe VI.ari intsumisioa

Felipe Borboikoak 1707an Almansako gatazka irabazitakoan, Iberiar Penintsulako ekialdeko eta Mallorcako erresumen gorteak eta legeak deuseztatu zituen. Hegoaldeko lau euskal lurraldeetan, (eta Aran bailaran), berriz, foru legeek indarrean jarraitu zuten, Anjouko Feliperen alde borrokatu izanagatik. Ikusten dugunez, gure aurrekoek eta garaikideok ere kontraesanetan bizi izan gara. Patuaren moduko dela esango lukete batzuek, baina zoria alde jartzea gure esku egon daitekeela uste dugunok kontraesan horietatik ateratzeko ateak bilatzea maite dugu.

Felipe V.a psikologikoki gaixorik zegoen pertsona zen, bilerak goizeko ordu bietan egiten zituen, bolada batez 19 hilabete eman zituen jantzia aldatu gabe, sexuarekiko menpekotasuna zeukan… Hiru menderen buruan, errege-etxe bereko eta izen bereko beste errege bat inposatu nahi dute, guztiz anakronikoa izan arren.

Jakina denez, Borboitarrak estatu nazio absolutistaren aitzindariak dira. Estatuen indarra zentralizatu egin zuten, euren jardunaren erdigunean gerra zegoen eta Frantziako euren ahaideekin batera munduko agintaritzarekin amestu egin zuten. Frantziar iraultza ondoren, jakobinoek absolutismoari izaera errepublikazalea eman zioten, baina zentralismo sutsuari eutsi zioten. Estatuak herritarren bizimodua bideratzeko tresneria eraiki zuen.

Frantzian jaiotako estatu nazioaren ereduak arrakasta handia ukan du munduan barrena. XIX. eta XX. mendeko deskolonizazioaren jarraibide nagusia eredu horretan aurkitu zuten-eta. Hala ere, eredu hau ez da sekula baliagarria izan nazio, kultur eta hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eta orain aniztasuna munduko Estatu guztien adierazgarri nagusienetakoa delarik, bestelako egitura politikoen beharra nabarmenagoa da. Bestalde, osagarri berri bat gehitu zaio estatu nazioaren krisiari, kapitalismo globalizatuaren fase berria, alegia. Egun, Estatuak absolutismoa eta jakobinismoaren eskutik bere gain hartu zituen eskumen sozioekonomiko eta politikoen kontrola enpresa transnazionalek hartu dute. Transnazionalek eta politikari profesionalen arteko harien sendotasunak ordezkapen bidezko demokraziaren gabeziak agerian utzi ditu.

Testuinguru honetan, katalanak, euskaldunak, Europako Mendebaldeko beste nazio gutxituekin batera, historiaren bidegurutze interesgarrian gaude. Bidegurutze honetan, birrindutako burujabetzaren bideari hel geniezaioke, eredu errepublikazalea hautatuz, demokrazia parte-hartzaileren eskutik, behar sozialak asetzen eta etorkizun hurbileko eredu juridiko-politiko berriak aurreratuz. Herri zaharrok, eredu berrienak sortzeko gaitasuna baitugu.

Pirinioen hego isurialdean, España izena jarri zioten Inperio zaharkituaren buru Borboitar berri bat jartzeko ahaleginetan ari dira. Alabaina, zorionez, testuinguru historikoak eta geopolitikoak, lehengo aldiz, independentziaren prozesuari ekin diezaiokegula adierazten digu, sarraski armatu baten beldurrik gabe. Behingoagatik, ordularia gure alde eta gure norabidean ari da.

Une aproposa da, agian urte luzetan errepikaezina. Euskal herritarrok, katalanak, galiziarrak eta Penintsulako beste herrietako errepublikazaleak Felipe VI.aren agintea ukatzeko paradan gaude. Bere burua Euskal Herriko buruzagi politikotzat jotzen duten gehienek kontrakoa esaten duten arren, Euskal Herria, Kataluniako prozesuarekin, kronologikoki, bat egiteko moduan dago, berezko formula osatu beharko badugu ere. Horrela eginez gero, kinka larrian dagoen Estatuari hirugarren pitzadura zabalduko genioke.

Estatu espainiarraren porrota erabatekoa da, etikoa, politikoa, ekonomikoa. Kronikoak diren ezaugarriak direla medio, Inperioaren azkeneko hondarrak ezabatzen ari dira, hots, despotismoa, militarismoa eta ustelkeriarengatik. Borboitar errege-etxea iraganeko mundu horren ikurra da, ikur aski garestia, gainera.

PPk, PSOEk eta euren aliatuek ordezkatzen duten Espainiako kasta-politikoak porrot egin du. Egoerak hasi berri den agertoki baten aitzinean kokatzen gaitu, eta bertan, duela gutxi arte irudikaezinak ziren bestelako etorkizunak gauzatzeko moduan gaude. Iraganeko kate astunetatik askatutakoan, oraina bilakatzen ari den etorkizuna jorratu ahal izango dugu.

PP-PSOE bikoteak Frankismoaren bigarren erreformari ekin nahi dio, baina oraingoan, Estatu espainiarren agindupean dauden hainbat lurraldetan talde hauek aurkez dezaketen bermea ez da aski. Euskal Herrian, Katalunian eta beste zenbait tokitan, aldaketa politikoak sustatzeko bi talde hauek ez dira beharrezkoak, edo laster, bederen. PSOEren kasuan, Felipe Gonzalezek hasi zuen hilobi politikoa, Rubalcabak bukatu berri du.

Gure Esku Dago ekimenak antolatu zuen giza-emakume-katearen arduradunek: «Hau hasiera besterik ez da», esan zuten. Horrela izanik, erronka historiko berezi bati heltzeko tenorean gaudela ematen du, herri-galdeketan zuzenean, (eta oso laster) herriari hitza emateko aukera baitago. Lehenengo urratsa, duela hogeita hamar urte soldaduskarekin egin genuen bezala, ekitaldi publikotan Felipe VI.aren subditoak esateari uko egiten diogula jakinaraztea.

Felipe VI.ari intsumisioa

Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude