Eternitate bat

Bakantzak? –

Heldu da uda, eta berarekin datozen oporrak. Sanjuan suen ostean hasi, eta luzatuko direnak ia-ia hiru hilabetez, irailera arte. Etxea hankaz gora jarri eta etxekoak aztoraraziko gaituzten bakantzez ari naiz, egun finlandiar bat bezain luze-luzeak direnak; seinen eskolako oporraldiaz.

Oporretan dira haurrak, eta gureek hirugarren egunerako bota digute jada “piszinara berriro ez!”; eraikuntzak egiten eta gailuak asmatzen gelditzea gurago dutela esanda, etxetik lan egiten dugunon zoritxarrerako. Eta zesta ikastaroak kale egin digu, ez duelako ume nahikorik izena eman; eta bi anaiak inoiz ez bezala ari dira builaka elkar joka; eta aitite eta amama ez daude beti nahi besteko hurran; eta oraindik aste pare bat falta da astialdi taldearen udalekurako, hilabete luze herriko festetarako, beste horrenbeste gurasoek oporrak hartzeko. Eta hasi orduko udak gainezka egin digu lo faltan jarraitzen dugunoi.

Seme-alabarik ez baduzu, jada lerro hauen irakurketa utzia izango duzu, eta gurasoa bazara, ondotxo jakingo duzu zertaz ari garen. Kontua da Euskadi Irratiko Mezularian, orain gutxi, Arantza Muñoa entzun dudala guzti honetaz, “ikasleen atsedenerako eta aisialdirako denbora hartzea ezinbestekoa” dela azalduz, Asier Huegun EHUko pedagogia irakaslearekin batera.

Bertan entzun dugu Nazio Batuek 1989an idatzi zituztela haurren eskubideak, eta 31. artikuluak jasotzen duela “haurrei aitortzen zaiela atsedenerako, aisialdirako eta jolaserako eskubidea”. Munduko haur guztiek ez dute eta, ez dezagun inoiz ahaztu, aukera izaten.

Muñoaren aburuz, ikasturtean zeharreko jarduerarik gehienak oso produktiboak dira eta marko itxia dute, eta beraz, oporrak “arnasa hartzeko, atseden hartzeko, lasai egoteko, norbere erabakiak hartu eta norbere ekimenez jarduteko” probestu beharko lituzke haurrak, “gozamenetik”.

Bere aldetik, irratsaio berean, Asier Huegun irakasleak hiperprogramazioa ez dela ona azpimarratzen du. “Ikasturtean zehar ere egokia ez dena errepikatu egiten da udan, gurasoen lan ordutegiak direla medio. Eta umeak gainezka egiten du”. Hau da, uda ekintzak antolatuz betetzen dizkiegula sarritan seme-alabei, askotan zaintzaren ardura hutsagatik. Eta horrek kontraesanak sortzen dizkigula gurasooi, eta itota sentitzeko arriskua umeei.

Eta zu, irakurle, nola moldatzen zara? Jakin nahi nuke “osaba” edo “izeko” jatorren batekin uzten ote dituzun haurrak, kirol kanpusen batean apuntatu, txinera ikastera Tianjinera bidali…  zer egiten duzu datorren ikasturte hasierara beltzaran, irribarretsu, gazte eta lerden heltzeko?

Zenbat akordatu naizen egunotan, haurrak ginela, “zuek eskolara bueltatzean hasiko dira nire oporrak!” esaten zigula amak garraxika arrebari eta bioi, anabasa bihurtutako etxean.

“Eternitate bat” idatzi dugu? Ai ama, nola zahartu garen; instant batean bukatuko zaizkigu-eta!

Eternitate bat

Eternitate bat

ZUZEUko erredakzio kide