.EUS domeinuak gizartean errotuta beteko ditu 5 urte

.EUS domeinuak gizartean errotuta beteko ditu 5 urte – Bost urteko ibilbidea eginda, domeinua sendotu egin da, eta 10.000 domeinuko langa gainditzetik gertu dago. Lortutako kopuruak prezioa jaistea ahalbidetu du: altak eta berritzeak 19 eurotik hasita izango dira aurrerantzean.

Beti gure artean egon dela dirudi, baina ekainaren 28an beteko dira 5 urte lehenbiziko .EUS webguneak sareratu zirenetik. 2014ko ekainaren 28a egun historikoa izan zen euskararentzat eta euskal kulturarentzat ingurune digitalean.

Urteurrenaren harira, San Mamesko metro-geltokian kokatutako errealitate areagotuko instalazioan elkartu dira Iñaki Goirizelaia Ordorika, PuntuEUS Fundazioko lehendakaria; Josu Waliño Pizarro, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria; Lorea Bilbao Ibarra, Euskara eta Kulturako foru-diputatua; eta Eneko Arruebarrena, Metro Bilbaoko kudeatzailea.

.EUS domeinuak gizartean errotuta beteko ditu 5 urtePrentsaurrekoko adierazpenetan, lorpen hura abiapuntua baino ez zen zela izan azaldu du Iñaki Goirizelaiak, “2014ko abenduan, .EUS domeinuaren irekiera orokorra egin genuenean, zerotik abiatu ginen. Domeinua lortua genuen, baina proiektuak bideragarritasunik edukiko ote zuen galdetzen genion gure buruari. Gaur egun, 10.000 domeinu lortzear gauden honetan, proiektua bideragarria dela erakutsi dugu, baita egonkorra ere. Ezagunak gara eta konfiantza transmititzen dugu”.

Bost urteko ibilbide honetan, .EUS domeinuak euskal gizartean errotu eta zabaltzea erdietsi du; urratsez urrats, domeinua sendotzen joan da, eta 10.000 domeinuko langa gainditzetik gertu dago.

Normalizazio-prozesu honetan, urrats bat gehiago emateko unea iritsi da; horregatik, .EUS domeinuak prezio berria izango du aurrerantzean, prezio egonkorra. Lortutako domeinu- kopuruak ahalbidetu du .EUS ere Interneteko gainerako domeinuentzat ohikoa den prezioan finkatzea, bai domeinu berria erosten dutenentzat, bai eta lehendik dutenentzat ere. Aurrerantzean, .EUS domeinua 19 eurotik hasita erosi ahalko da, eta prezio horretan berritu ahalko da hurrengo urteetan ere, .EUSen normalizazioaren adierazgarri.

Josu Waliñok azaldu duenez .EUS domeinuak prezio berean balio handiagoa ematen du: “Prezioa jaitsi arren, .EUSek balio handiagoa eskaintzen jarraituko du. Beste domeinuek eskaintzen ez dituzten onurak emango dizkie aurrerantzean ere erabiltzaileei, hala nola, nortasun propioa, gertutasuna —arazoen aurrean laguntza eskainiz—, eta segurtasun gehigarria, Basque Cybersecurity Centerrekin dugun lankidetzaren bidez. Kanpainan diogun moduan, prezio txikiagoan balio handiagoa eskaintzen du .EUSek”.

.

Errealitate areagotua metroan

Urteurreneko ekintzen artean, alde batetik, errealitate areagotuko instalazio bat jarri dugu Bilboko metroko San Mamesko geltokian, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Euskarak sarean ere konektatzen gaituela irudikatzen du, .EUS oinarri hartuta konexio digitalak sortuz. Era berean, .EUS domeinuaren balioak transmititzen ditu: erronken aurrean ausarta eta egiteko moduetan eta emaitzetan berritzailea. LED pantaila erraldoi bat ezarri da San Mameseko intermodalean, eta kamera eta proiekzioen bitartez erabiltzaileekin interakzioa sortzen da.

Ekintza honek esperientzia bat eskaintzen du, pertsonak ditu protagonista, eta, parte- hartzeaz gain, interakzio fisiko eta birtuala sustatzen ditu aldi berean, baita partekatzea ere. Instalazioa berariaz diseinatu eta programatu du Logela enpresa bizkaitarrak, euskaratik eta euskaraz. Metro Bilbaoren erabiltzaileak esperientzia berri eta bakar baten protagonista izango dira, euskaraz baino aurkituko ez dutena.

.

Ekainaren 28an ekitaldia

Bestetik, ospakizun-ekitaldi bat ere antolatu du PuntuEUS Fundazioak, berriz ere lorpen hura ospatu, bideari heldu eta gailurrera begira jartzeko. Ekainaren 28an goizeko 11:00etan Bilboko Kafe Antzokian iragarritako ekitaldian, PuntuEUS komunitateari egingo dio aitortza. Taula gainean, Oreka TX, Mixel Ducau eta Maika Etxekopar arituko dira.

Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez eskatzea, domeinuak.eus webgunean.

Euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean

.EUS domeinuak gizartean errotuta beteko ditu 5 urte

".eus" domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da.