Eboluzioaren akatsik handiena

Eboluzioaren akatsik handiena –

Arazo bat dut loarekin. Arazo bat dut lo gabeziarekin, loa eragozten didan arazorik ez dudan arren. Ez behintzat horretara besteko larria.

Ez da ‘Langile errearen sindromea’ ezta insomnioa ere, nahiz eta garai batean ‘izenik gabeko orduetan irakurri-eta irakurri’ jarduten genuen geuk ere, Rafael Berriok bezala. Ez, gaixotasun serioak dira horiek, eta sinpleagoa da gurea. Eguna akitu orduko, iluntzen duenean, piztu egiten gara, nola odolzale hilezkorrak ilargitan. Bizkortu egiten zaigu burua, ausartu goizeko lehen argiekin batera lausotzen zaigun asmoa.

Eboluzioaren akatsik handienaErne puntu gorenera jaio gineneko orduan heltzen ginela uste izatera ere heldu ginen; horra gure teoria. Gaztetan gainera, ez zitzaigun askorik inporta ezin lo hartzeak, egia esan, goizez lo eta gauez bizi baikinen, hartara bohemioak ginelakoan, gautxori. Bizimodua aldatu eta zahartu ahala baina, gure gaitz guztien iturria lo gabezia delakoan gaude, eta kezkaren-kezkaz gurpil zoro batean sartuta, atsedenik hartu ezinda jarraitzen dugu.

Ez, jada ez dugu sinesten “lo egitea denbora alferrik galtzea” denik, lagun antzerkilari batek nerabetan esaten zuen bezala. Gutxiago, Elhuyar aldizkarian Egoitz Etxebeste Adurizi “Loa, atsedena baino askoz gehiago” irakurri diogunetik.

Loak ez balu funtzio guztiz ezinbesteko bat izango, eboluzioaren akatsik handienetako bat litzatekeela esan bide zuen 1978an Allan Rechtschaffen loaren ikertzaile aitzindariak; aipatu artikulua uste hau ezeztatzera dator. “Gure osasunarentzat ezinbesteko jarduera da; osasuna bermatzen duten prozesu metaboliko eta biokimiko mordo bat gertatzen dira lo gaudenean. Oroitzapenak antolatzen dira eta memoria egituratu, gure defentsa-sistema indartzen da, umeak hazi egiten dira, garuna garbitu egiten da, eta abar. Horregatik da hain beharrezkoa loa, gauza horiek guztiak egiten ditugulako lo gaudenean”, dio Joaquin Duran-Cantollak, BioArabako Ikerketa Zerbitzuen Buruak, Elhuyarreko erreportajean. “Loak zahartzearen aurka egiten du. Ongi lo egiten duten pertsonek ongizate psikologiko eta bizi-kalitate askoz hobea dute, eta gazteago mantentzen dira”. Mantendu beharko gazteago, gizakiok ia 30 urte lo ematen ei ditugu eta!

.

Medikuari kontsulta egin

Egoera zuzentze aldera, eta aukera batzuk zuzenean baztertu ditugun arren -ez dugu ardiak kontatzen denborarik galdu, agudo galduko ginateke-eta; ezta sehaska kanturik entzun ere-, eginak ditugu saiakera batzuk: Alvarez Raboren aholkuei jaramon egin, ohetik goizago altxatu, neka-neka eginda oheratzeko kirola egin… guztietan kale. Edozelan ere, ez zaigun inoiz bururatu medikuarenera jotzea, Elhuyarren Duran-Cantollak aholkatu bezala. Egunez logura edo nekatuta sentitzen denak, edo uste duenak gauez ez duela ongi lo egiten, medikuari kontsulta egin behar lioke. Loaren ia asaldura guztiek dute erremedioa. Baina diagnostikatzen ez denari, ezin erremediorik jarri”.

Gizartean loaren garrantziaz gero eta kontzientzia gehiago dagoen arren, lo-eskasia kronikoarekin bizi gara, BioArabako Ikerketa Zerbitzuen Buru denaren aburuz. Eta oso garrantzitsua da gizarteak lo ongi egiteko eskubidea aldarrikatzea”.

Gauzak horrela, goizeko lauak jo baino lehen bagoaz ohera, Elhuyarreko erreportajean Joaquin Duran-Cantolla berak emandako “ongi lo egiteko aholkuak” azpian utzita; gure egoera berean dagoen saguzarren bati baliagarri izango zaizkiolakoan, Egun on!

.

.

Ongi lo egiteko aholkuak
Lehenengo gauza lotarako jarrera egokia izatea da, gozatzeko plazer gisa hartu behar da loa. Goiz afaldu behar da eta goiz oheratu. Eta arratsaldeko azken orduan kirolik ez egin, kirolak garuna pizten baitu. Ohean ez genuke telebistarik ez bestelako pantailarik erabili behar. Irratia entzun dezakegu, beti ere automatikoki itzaltzeko programatuta. Izan ere, telebista edo irratia piztuta gelditzen bada, gure garunarentzat estimulu bat izango da, loa asaldatuko du, eta ez gara lo sakonera iritsiko. Onena gailu elektronikoak alde batera uztea litzateke. Garaia da sare sozialena bezalako esklabotzak alde batera uzteko. Ohea lotarako eta sexurako lekua da. Sexua bai, jarduera bikaina da, endorfinak eta beste substantzia mordo bat sortzen baititu, osasunean eragina dutenak eta ongi lo egiten laguntzen dutenak.

.

Eboluzioaren akatsik handiena Eboluzioaren akatsik handiena

ZUZEUko erredakzio kide