Esan gabe geratu direnak (eta III)

 http://alteretaego.wordpress.com

 

66_udazken koloretan

Argazkia: Udazken koloretan
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 2448×3264 px (3:4)
Sortze data: 2013/12/11
Latitudea: 43º 10,490´ N
Longitudea: 2º 16,849´ W
Kamera: Sony Xperia SP
Objektiboa:
Distantzia fokala:
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/250?
Sentikortasun eskala: 50 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Etsairik ankerrenari ere desiratuko ez lizkiokeen hilabeteak pasa ditu Jonek etxetik alde egin zuen egunetik. Gogoratu ezinik eta ahazterik nahi gabe, batzuetan; gogoratzerik nahi gabe eta ahaztu ezinda, besteetan.

Berekin eraman du, denbora guzti horretan, Leireren etxeko giltza, noizbait bertara bueltatzeko adorea batu zain. Eguna iritsi behar eta, azkenean, iritsi zen.

Portaleko atea ez zen oztopo izan; etxekoa, aldiz, inkognita bat zen. Ez zuen gaizki hartuko zerrapoa aldatu izan balu: azken finean, etxea berea zen. Artega zebilen Jon, giltza sarrailan sartzen asmatu ezinda. Jakiteagatik, ez zekien Leire barruan egongo ote zen ere.

Lortu zuen, laugarrenean edo, eta giltzari buelta bi eman behar zizkiola ikusita, lasaitu ordez, are urduriago jarri zen. Atea bere atzean azkar itxi eta arnasa hartu zuen, sakon, zaratarik atera gabe.

Leire sukaldean dabil, irratia topera eta negar batean. Hilabete oso batez Joni egunero deika ibiltzeaz, azkenerako, nazkatu egin zen: entzun nahi zituen hitzak ez entzuteaz, baina baita entzun nahi ez zituenak ez entzuteaz ere. Harrezkero, dena den, askotan bilatu du telefonoko agendan Jon izena, baina beti azkeneko botoi berdea zapaltzea falta izan zaio. Baita gaur ere. Esku artean duen aiztoari begira dagoela, zarata bat entzun du ateaz bestaldean. Tipula nahiko moztu dut gaurkoz esan dio bere buruari.

Begirada azkar baten ostean, dena gogoratzen zuen moduan aurkitu zuen Jonek, gutxi gorabehera. Denbora, eta astiroegi gainera, berarentzat bakarrik igaro izan balitz bezala sentitzen zen. Logelarantz zuzendutako pausuetako bakoitza bihotzean emandako labankada bat zela iruditu zitzaion. Begiak itxi eta logelako atea gurutzatu zuen.

Kantu biren letrak zekartzan, aurrez, papertxo banatan idatzita. Duela sei hilabete biena zen ohean etzan eta izarak usaindu zituenean erabaki zuen zeinekin geratu. Beste papertxoa mila zatitan hautsi eta irentsi egin zuen, bere katarsi pertsonalaren lehen pausu gisa.

Denborarik galdu gabe, gelako leihoa ireki eta kolpez nabaritu zuen gelara sartzen zen aire berriaren bufada, aurpegiaren erdian. Osorik geratzen zen papertxoa esku artean gogor helduz, haizearen kontrako bideari ekin zion.

Luze joan da Leirek lagunekin txokoan egin ohi duen ostegunetako afaria. Berari tokatu zaio gaur prestakizunetan aritzea. Ordu bata jo berri da etxe ondoko kanpandorrean, baina zalapartatsu dabil gaua. Etxe aurreko parkea gurutzatzear dela ikusi ditu argi gorri eta urdinak. Jendea lurrean etzanda dagoen norbaiten bueltan bildu da. Berak ere harantz hurbiltzeko hautua egin du. Hurbilketak bueltatzen dio tragediaren tamaina: Jon da!

Ezin izan dio bere besoetan hartzeko tentaldiari eutsi. Ertzain batek papertxo bat atera berri du hilotzaren eskumako eskutik:

Eta parke hutsean azken besarkada,
esan nizun, dama, ez zela betiko…
gure artekoa bukatua dago.

Ego dixi.