Su ta Gar: “Heavy birziklatuak gara”

Su ta Gar: “Heavy birziklatuak gara”

Urriaren 23an aurkeztu zuten ‘Bizirik gaude’ taldearen hamargarren lana, eta harekin batera errepidera itzuli dira, indar izpirik galdu ez duten zuzenekoak eskaintzera.

Testua: Maialen Goñi (@maialeng)
Argazkiak: Galder Izagirre


Su ta Gar
Xabi Bastida etorri da gure bila A8 autobideko Eibarko lehen irteerara. Berandu goaz, ordu erdi berandu, eta euria ari du gelditu gabe. Haren parean jarri gara, eta autoko leihoa zabaldu bitartean aharrausi egin du. “Aspertuta”, erantzun digu zer moduz dagoen galdetu diogunean. Zertarako azalpen gehiago? Gure aurrean jarri eta hiria zeharkatu dugu; aldapan gora igo gara ondoren, taldearen entsegu lokalera. Eta hantxe topatu ditugu Aitor Gorosabel, Galder Arrillaga eta Igor Diez, gure zain.

25 urte bete ditu aurten Su ta Garrek, eta honainoko bidean hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte eibartarrek. Haiek ez ezik, jarraitzaileak eta euskal jendartea ere aldatu egin dira, dezente, gainera, eta 18 urterekin elkarrekin entseatzen hasi ziren mutiko haiek, 90eko hamarkadan areto guztiak betetzen zituzten “mito erotiko” haiek, punta-puntako euskal heavy metala egiten zuten musikari haiek, familia gizon bilakatu dira. Hori bai, beti bezain gogotsu jarraitzen dute, eta sekula baino elkartuago ikusi ditugu argazki kameraren aurren jartzeko eskatu diegunean; gustura ibili dira keinuak egiten, aurpegiak jartzen. Amaitutakoan, ziztu bizian hitz egiten duen taldeko abeslariarekin, Aitorrekin, eseri gara berogailuaren alboan, eta patxadaz, barre artean, hainbatetan serio jarri bada ere, errepasatu dugu taldearen ibilbidea.

Kontaidazu, zer berri dakar diskoak, eta aldiz, Su ta Garri sekula falta ez zaion zer aurkituko dute entzuleek?
Musika eta ahotsa hasten diren unean bertan jakingo dute Su ta Gar entzuten ari direla, betiko esentzia mantentzen baitugu estiloan, baita hitzetan ere. Eta esentzia horri jarraiki, garai berri batean egindako kanta sorta dakarkigu. Disko koloretsua dela esango nuke, freskoa, zuzena… entzuteko oso samurra, pasarte batzuk oso kañeroak badira ere. Betiko moduan, baladaren bat sartu dugu hard rock, heavy metal eta transrockarekin batera. Nahiko bariatua da! Eta hitzei dagokienez kritiko eta aldarrikatzaile izaten jarraitzen dugu, nahi gabe suertatu bada ere, hiru kantetako hitzek krisiarekin eta harekiko ikuspegi ezberdinekin lotura baitute. Horregatik, nahiko disko garaikidea dela esan genezake.

Metal musikaz jantzitako garaian garaiko aldarrikapenak izan ohi dira zuenak.

Bai. Argi dago denetarik egon behar dela: talde aldarrikatzaileak batetik, baina baita beren musikarekin jendeari egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen diotenak ere. Gu, dena den, euskal rock erredikalaren eta punkaren ondorengoak gara, hortik edan dugu, eta heavy metala egiten dakigu. Azken batean, gure bizipen eta sentsazioak dira, eta musikaren bidez kritiko izan gaitezke, herriaren bozgorailu lana egin eta haien kexak azaleratu, betiere, era positibo batean.

‘Bizirik gaude’ izena jarri diozue diskoari. Beharrezkoa al zen azalpena?
Egia da zalantzak izan genituela, diskoko seigarren kantaren izena baita, langile mugimenduaren ekarpenei erreferentzia egiten dien kantarena; honaino iritsi bagara, haiei esker izan dela adierazi nahi izan dugu, eta borrokan jarraituko dugula. Herria dago bizirik, langileria, herri xumea… boterearen aurrean bizirik. Eta diskoaren azalak ere hori adierazten du, herria irudikatzen duen gaztea eta boterea. Baina tira, norberak egin dezala bere interpretazioa.

Gainera, 25 urteko bidean atseden luzerik hartu ez duen taldea zarete, taldekideetako batzuk aldatu badira ere. Nola lortu duzue jarraikortasun hori?
Bere garian musikaren aldeko apustua egin genuen, gure ogibidea izan zedin, eta gora-beherak izan arren, lortzen ari gara. Galder izan ezik, autobus gidaria baita, eta Igor ere laster lanean hasiko bada ere, Xabi, Borxa –1995era bitarte taldeko beteria jolea izan zen, baina istripu baten ondorioz utzi zituen baketak eta produkzio eta sukalde lanetan dihardu ordutik– eta hirurok honetatik bizi gara esklusiboki, egunerokoan honetan jarduten dugu. Etenaldi bat egin izan bagenu, atsedena hartzeko edota kontua gaizki joango balitzaigu lana topatzeko izango litzateke. Baina ez da halakorik gertatu. Gure ogibidea da, eta horregatik segitzen dugu.

Hain zuzen, lehen kontzertua Ondarroan eman zenuten 1988an, eta geroztik 900 bat eskaini dituzue. Zer aldatu da ordutik hona?

Tira, normala den bezala, gauza batzuk galdu egiten dira urteekin…

Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en

Gaztezulo, musika, su ta gar

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude