Eroski (ere) Espainiakoa da, unionista

Eroski Espainiakoa da, unionista – 

Aski daukat. Ez naiz itzuliko. Ez behintzat politika españolizatzaile lotsagabea alde batera uzten ez duten arte. Eroskin euskaldunak beti izan gara bigarren mailako bezeroak, katalanak edota galegoak bezala. Eta zer esan Espainiako erreinuan azkenetan dauden beste herrietako bezeroez… Horiek bigarren mailakoak ez, egon ere ez daude Eroskiren radarrean. Eroskin erosten nuen sarri, Euskal Herriko enpresatzat neukalako, areago, euskaldunon enpresatzat irudikatzen nuen, ebidentziak kontrakoa esan arren. Luze jo du, baina agortu zait pazientzia. Eroski Espainiakoa bada, berdin dio beste edozein saltoki arrotzera jotzea.

Eta aukeran noski, bertoko saltoki txiki euskaldunetara, askoz hobeto. Eroskin zelofana ele bietan, baina edukiak español hutsez daude. Produktu guztien izenak español hutsez, langileetako asko ez dira elkarrizketarik xinpleenak ere ulertzeko gauza, eta españolez eginarazten diete bezeroei. Eta azkena, banderitak jartzeko moda unionista…

Ikurriñak haizeak eraman ditu Nafarroako Eroskiren saltokietatik. Aldi batez, ikurriñak eta Nafarroako banderitak, biak zeuden (tristea hori ere), baina beste urrats bat eman du Eroskik españolizaziorantz. Ikurriñak erautsi ditu “Euskadiko” produktuetatik, eta Albacetekoei, Zamorakoei edo Madrilekoei ematen dien tratu bera ematen die. Banderatxoekin nabarmendutako produktu bakarrak Nafarroakoak dira. “Euskadin” alderantziz. Nafarroako banderatxorik ez, ikurriñak soilik, eta bakarrik “Euskadiko” produktuetan. Gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabarrak, eta zer esanik ez Bidasoaz besteladeko euskal herritarrak, kanpotar gisa hartuak dira Nafarroako Eroskin. EAEn aldiz, nafarrak (eta Bidasoaz bestaldekoak beti) dira arrotzak.

Despeditzera joan naiz gaur herriko Eroskira, eta kexa jartzera, baina esaten didate hemen ez, gisa horretako kexak “bezeroarekiko arreta” delakoaren bitartez kudeatzen direla, eta Bizkaiko telefono bat eman didate: 944.943.444. Deitu dut bertara, eta hara “ustekabea”, erantzungailu automatikoak españolez hartu nau, euskarazko arreta jasotzeko aukerarik eman gabe gainera. Robot castellanoaren atzetik telefonoa hartu duen pertsona ere, erdaldun elebakarra. Esan diot euskarazko arreta nahi nuela, eta erantzun dit telefonoa emateko, handik tarte batera euskaldun batek (zer daukate, bakarra?) deituko zidala. Eta handik ordu laurdenera edo deitu dit Eroskiko euskaldunak, emakume gazte jator askoa. Esan dizkiot gutxi gorabehera hemen idatzitakoak, eta barkamena eskatu dit, “Eroskiren izenean”. Eskertu diot barka eskea, baina uste dut berea zela, eta ez Eroskirena.

Sentitzen dut Eroskikide diren euskaldunengatik, baina banoa. Eta gure etxekoak ere bai, ziurrenik. Itzul gaitezen inongo interesik balute, badakite / badaukate zer egin.

Eroski Espainiakoa da, unionista

Oinezkoa

20 pentsamendu “Eroski (ere) Espainiakoa da, unionista”-ri buruz

  • Niri BM-n antzeko sentsazioa izan dut. Enpresa hau Euskal-Kantabrikoa izanagatik ere. Gogoan dut sasoi bateko produktu frantsesa uko egin kanpaina, ezetan geratu zena. Eroski ez da euskalduna, enpresa transnazionala da. Inoiz gurea sentitu dugu, baina Espainiako edo beste herrialde bateko edozein herri txikira joan eta han izango duzu bat: Formenteran, esaterako.

  • Kontzientzia enpresariala gailentzen da, kontzientzia identitarioa bazterrean lagata

  • Bai Karlos… baina MCCren baitakoa da eta Elorrion du egoitza.
    Formenterako Eroskira sartuz gero, katalanari lehentasuna ematea litzateke bidezkoena, enpresa bizkaitarra izanagatik ere, Madrilen, edo Burgosen … (edo Euskal Herrian!) españolarekin egiten duten bezala.
    Bestalde, lepoa egingo nuke, Eroskiko Kataluniako jendeaurreko langileek katalanez badakitela guztiek, ez hango arduradunak bertokoak baino jatorragoak direlako, konzientzia enpresariala gailentzen delako baino.
    Euskaldun gehienak hain menpekoak eta otzanak ez bagina, euskararen aldeko konzientzia enpresariala piztu beharko litzaioke hemen ere.

  • Josu Larrea 2020-11-21 16:21

    Oso ona! Sarritan jarri dut antzeko kexa eta horietako batzuetan arduraduna jaitsiarazi ere. Arrazoi nagusia kutxako langileak deskontua egiteko (ez soilik, bai gordinena) NAren zenbakia (digitalak banaka esanda, ez pentsa, hau da, 0-9 zenbakiak) ulertzeko gai ez izatea. Seguru nago Kroaziara oporretan joan zeneko “dva pibo” garagardo parea eskatzeko oraindik gogoan izango lukeela. Baina Bizkaia euskaldunena (Lea Artibai osoa + Durangaldea, barka nazate Busturialdekoek eta arratiarrek) hartzen dituen Abadiñoko Eroskin ez. Aspaldi erabaki nuen, egoeraren lotsagarria (izanez gero) eta iraingarriaren aurrean atzamarrekin adieraztea zenbakiok, ulertu ez dutela esatean. Azkenekoan, urduri jarrita edo, hirugarrenez ulertzen ez zuela esatean, kexa jarri nuen, hamaikagarrenez. Arduradunekin kexa-elkarrizketa horietan gauza bat utzi didate argi: Euskalduna izateak ez du inongo meriturik, literal eta zuritu nahian esanda: ziurtatzen dizut, “esperientzia eta baldintza berberetan, euskalduna hartzen dugula”. Esaten ari denaz ere konturatu gabe, antza. Beste batean, Bilbondon, telefonia kontraturako datuak euskeraz eman eta espainolez idazten zituela ikusita, ni neu, neure auzoa, herria nagusiki eta postaria bera ere euskaldunak ginela eta ia zer dela eta espainolez galdetzean arduradun euskalduna deitu zuen berak. Haren lehen esaldia: “Neu be Echevarria naz ta CHz idazten dot”. Hori bere arazoa zela eta DNI bulegoa 5 minutura zuela erantzun nion, nire artean pentsatuz Albaceteko etorkinei berak ere zartaginak urratuta dituela erantzuteko adorerik izango ote zuen, sinatu berri nuen kontratua bere begien pare jarrita txikitu nuen bitartean. Beste egun batean bertan erantzun zidan “Como sí me hablas en ruso” kutxako choni gazte batek. Amaigabea litzake negarraldia. Eta larriagoa da Kontsumitzailearen Dekretuak EAEn behintzat arreta euskeraz ematera behartzen dituelako, eta hori erraz berma liteke alde berera jarrita langile euskaldunak, edo kutxa bakoiti zein bikoitietan, zein… Zertarako? Euskera kalitate ziurtagiriak “a granel” (Eroskik milaka euro batzuk emanda pegatina guztien truke, banakako azterketa barik) saltzen dizkion bitartean euskalgintzak… Nago Eroski aurreko kontzentrazio batek eragingo lukeela mugimendurik, baina nork jarriko txilina katuari?
    A! On-line eskaria euskeraz beteta ere, papera espainol garbian “Elorrioko biltegian badelako euskeraz ez dakien langilerik” TO!!!

  • Ba zoaz mercadonara erostea modan dago eta geroz eta saltoki gehiago irekitzen ari dira, eta geroz eta jende gehio jan erosten du.
    Ziur nago han arigune bat sortu dutela eta euskeraz egingo dizutela.

  • Nik konpra txikiak herriko denda txikietan egiten ditut gehien bat baina konpra handiagoak eroskira joaten naiz. Bertan euskal herrian egiten diren produktu asko erosten ditut, mahala,iztueta jogurtak, Bikain hanburgesak etab… langile guztiak ez dira euskaldunak izango baina euskara,katalana(kataluniako saltokietan) eta galegoaren alde (galiziako saltokietan)egiten duela badakit.
    JJ Agirre. Berriro diot eroskirekin eroso ez bazaude joan zaitez mercadonara, euskaldun bezero geroz eta gehio joaten baita. Nik argi dut eroskin erosiko dudala eta ze produktu aukeratuko ditudan ez ditut banderatxoak behar.

  • Oso ondo Ibai. Menpekotasunean ere bizi gaitezke, ugazaba españolak edo frantsesak molestatu gabe.
    Ni ez naiz Mercadonara joango, ez Carrefourrera, ez Diara, ez euskaldunak bigarren mailakotzat eta españoltzat jotzen dituen ezein saltokira, ez beste erremediorik ez badut behintzat. Horregatik ez naiz Eroskira itzuliko egoera tamalgarri hau iraularazten ez duten arte.

  • Ni nazkatua nago Andoaingo Eroskin sentitzen dudan euskararekiko jarreraz. Kaixo esan eta Hola erantzun, agur esan eta azpimarratutako Adios trukean. Araua izan beharko litzake euskaraz egin nahi duen bezeroari euskaraz egitea eta noski gazteleraz nahi duenari berea.

  • Horrelakoak nonahi, Ioseba. Españolaren defendatzaile amorratuak. Eroskik sentiberatasun apurrik izango balu, argi esango lieke Euskal Herrian lehen hitza euskaraz egitea dela errespetu-arau, baina ez. Eroskin ere, españolak dira nagusi, eta euskaldunok morroi.

  • Peru_Gabiriko 2020-11-22 14:31

    diru sosaren kiñ-kiña da jende horrek ulertzen duen mintzo bakarra, izan espainolez, frantsesez edo Madagaskar aldeko hizkeran..

  • Umetatik gurasoek gure xoxak Eroskin uztera ohitu ninduten kooperatibista bait zen gure aitxa (erre zen arte).
    Harrezkero nik ere joera horrekin jarraitu dot, hamaika haserrealdi harrapatu izan ditudan arren Eroskin euskarari ematen dioten tratu txepelarengatik, berdin Andoaingo dendan, berdin kexua emateko bulegoetara deitu izan dudanetan.
    Konponbidea zaila dugu…
    Ni neu ere ez naiz kanpoko kapitalari dirua eman zale…
    Behar den guztietan kexua jartzea besterik ez zaigu geratzen…

  • Euskaldunendako denda sortzeko asmorik norbaitek ote? Non arreta euskaraz, produktuen etiketak euskaraz, langileak euskaraz eta dan dana euskaraz egiteko moduan legokena?
    Edarra litzateke, baina zoritxarrez euskal gizartea kontrako bidean ikusten dot. Eta Eroskik, akatsak aktats, behintzat euskararekiko nolabaiteko presentzia-errespetua badeko, beste hainbatek ez deukiena.
    Euskaldun orok militante txapa jarri daigun, eta presio, kexa eta iradokizunen bitartez erakunde eta elkarteen inplikazioa lortu deigun. Ostantzian jai dekogu!!!

  • Tximino, ideia behintzat egon badago:
    https://zuzeu.eus/euskara/transnazional-euskalduna-muntatzen/

    Soilik herria salba dezake herria.

  • Soilik herriak salba dezake herria*

  • Hala da, Hego, artikuluan esan nahi nuena eta Tximinok dioena ildo beretik doaz. Kontsumo gaien komertzializatzaile euskalduna ekimen ona izan liteke, hasteko. Eroski moduko bat baina zinez euskalduna. Gainera, hainbat produkturen euskarazko izenak finkatzen lagun lezake. Nola gauzatu, hori beste kontu bat da. Horretarako ekonomiako adituren bat beharko genuke.

  • Alpargatero 2020-12-01 14:30

    Ados, baina, ez al da bidegabe samarra zerbait (dexente) egiten duenari egurra ematea eta batere egiten ez dutenak bakean uztea? Eroskin erosteari utzi, zer eta Carrefour edo Mercadonara joateko?

  • Lehenago azpimarratu dut:
    “Ni ez naiz Mercadonara joango, ez Carrefourrera, ez Diara, ez euskaldunak bigarren mailakotzat eta españoltzat jotzen dituen ezein saltokira, ez beste erremediorik ez badut behintzat. Horregatik ez naiz Eroskira itzuliko egoera tamalgarri hau iraularazten ez duten arte”.

  • Bestalde, ez dut uste Eroskik “zerbait (dexente)” egiten duenik,inondik ere.
    Kalte dexente bai, ostera, euskaldunok azpiko eta erdaldunak gaineko ikusaraziz egunero egunero milaka eta milaka bezerori, horietako asko eta asko euskaldunak.
    Egungo egoera duela 40 urte izan balitz eta arian-arian euskaldunak erdaldunak bezain aintzat hartuz joan balitz, tira, baina ez da hori gertatu. Eroskik, 2020an ere, bigarren mailakotzat gauzka euskaldunak, espainieradun elebakarren azpiko.
    Azkenik, EAE eta Nafarroa bereizteak eta Nafarroako saltokietan “Euskadiko” produktuei Espainiakoei ematen zaien tratu berbera emateak, zer du onuragarritik?

  • Eroski atzean ari da geratzen.
    Bada beste supermerkatu-kate bat, BM, Eroski baino sentiberago ageri dena euskaldunokin. Ez da askorik behar horretarako baina. Eroskik webgunea euskaraz ere badauka, baina Twitter eta Facebook español hutsez. Mercadonak bezala, adibidez.
    BM-k aldiz, webgunea, Facebook eta Twitter, hirurak dauzka ele bietan. Eta Euskaraldiarekin bat egin du (ez da asko behar horretarako ere), ergelak ez direlako seinale.
    Eroski norekin?