Erditze garaia (I): Ilusioa

Erditze garaia (I): Ilusioa

Erditze garaia (I): Ilusioa

Erditze garaia (II): Traizioa

Guztiaren hasiera une zehatz batean jarri beharko banu, erditze garaian jarriko nuke; eta gure lanbide honetan, arkumeen jaiotzan. Nik sekulako poza bizi izaten dut garai horretan. Hasieran ttanttaka datoz arkumeak, eta gero, bizpahiru asteko epean gertatzen da arkume-uholdea –gure etxean, egun berean gerta daiteke 8-10 ardi erditzea–. Hasierako horiek oso bereziak izaten dira, lehenak direlako, ziur aski. Halere, arkumeak jaio ahala ilusioa mantentzen da, modu apalagoan, jaiotzaz beraz gain bestelako kontuak daudelako. Eta ez dizuet ezkutatuko, nekea ere pilatzen joaten da.

Erditze garaia (I): Ilusioa
Erditze liburua. Bertan erditze garaiko datu esanguratsuak jasotzen ditugu

Belardira maiz joaten gara, baten bat erditu den ala ez ikustera. Horretan dagoen ardirik ikusiz gero, urrunetik begiratzen diogu, ea dena ondo doan. Horrela ez bada, poliki gerturatu eta ahal duguna egin. Gauez azken lana artegira jaistea da, eta goizeko lehendabizikoa ere bai. Tartean ere bai, batzuetan.

Gure etxean saiatzen gara ahalik eta gutxienetan esku-hartzen; dena den, azken bi urteotan bai nabaritu dugu oso arkume handiak jaiotzen direla –Xaltarin ahariaren kumeak direla uste dugu–, eta ardi batzuentzat gehiegi da, izugarri nekatzen dira eta laguntza behar dute. Gero, arkumea edanarazten saiatzen gara: zenbaitetan norbera bakarrik moldatzen da, ardia lasaia baita eta uzten baitizu arkumea hartzen eta errapea jartzen; baina batzuk urduri jartzen dira, eta lan horretarako bi lagun beharrezkoak dira –bat arkumeari laguntzeko eta bestea ardiari eusteko–.

Pozetako bat da emea jaiotzen denean –gurean, urruxa–, batik bat ama ona bada. Eta zer da ona izatea? Bada, erraz erditzea, kumea zaintzea, esnea ematea, errapeen forma egokia izatea arkumeak edan dezan, ardi gogorra –osasuntsua– izatea… Hori guztia betetzen bada, urruxa hori artaldean geratuko da; gure etorkizuneko artaldearen partaide izango da. Aharikoek –arrek– zailago daukate gurean geratzeko. Haiek, normalean, hiltegian bukatzen dute. Erditze liburuak asko laguntzen digu dena kudeatzen, ezinbesteko tresna dugu.

Berezia da ardi kuttunen bat erditzen denean; berez bereziki maitatzen dituzu bere arkumeak, haiei gehiago erreparatzen diezu.

Gure etxean Laguna da xelebreena. Beti gure atzetik ibiltzen da: artaldearen aurrealdean bazoaz, bera ere aurrean; atzean bazoaz, bera ere atzean. Oso maitagarria da, beti dago mimoak jasotzeko prest. Urtero urtero umeak desiratzen daude Laguna noiz erdituko urruxa batez, etxerako izateko. Bada, inoiz ez, beti aharikoak egiten ditu!

Erditze garaia (I): Ilusioa
Laguna bere bi aharikoak alboan dituela
Erditze garaia (I): Ilusioa
Naparra eta bere urruxa

Naparrari iaz urruxa aurrerako utzi genion –Napartxu–. Aurten, ordea, ezin utzi, itsu jaio baita arkumea. Zuek jakiteko, azalduko dizuet nola jokatzen dugun jaio berriekin. Egun batzuk pasatzen dituzte ardiek arkumeekin batera ixtura moduko batean, elkar ezagutu eta elkarrekin egotera ohitu arte. Behin ikusita arkumeak edan egiten duela eta ez dagoela arazorik taldetxoak antolatzen ditugu –denboraren poderioz taldetxoak elkartu eta handi bat sortzen da, non amak eta arkumeak denak batera dauden–. Bada, pausu horiek jarraitu genituen Naparra eta bere urruxarekin; baina talde handira pasatu genituen eta… arkumeak ezin ama topatu; eta amak deitu egiten zion arren, ezin elkartu. Arkume gajoa ardiz ardi zihoan estropezuka, ezin asmatu. Eguerdian bertan, erabaki genuen txokotxo batean biak jartzea, eta handik astebetera talde txikitxo batera pasatu genituen. Ez dakigu itsu izaten ikasi duen edota zer edo zer ikusten duen, kontua da ondo dagoela, moldatu egin dela. Kristoren pena izan da…

Erditze garaia (I): Ilusioa
Simetriko eta bere hirukotea

Bada beste bat Simetriko deitzen dioguna –bai, badakit ez dela oso izen dotorea; baina adar perfektuak ditu, berdin-berdinak– eta nik begiko dudana. Izan ere, ederra izateaz gain, oso azkar antzematen du zure urduritasuna, eta berak ere hala jokatzen du; baina goxo hartuz gero, patxadatsua eta goxoa da Simetriko. Poz handia eman digu: hiru urruxez erditu da. Hirurak etxerako! Lagundu egiten diogu amari eta beste ardi batzuei sobratzen zaien esnea ematen diegu urruxa horiei –ardiek jan bitartean, errapea begiratzen diegu eta esnea badute, arkume horiek jartzen ditugu edateko–. Ziur aski, kasu horretan, hobe litzateke arkume bakarra izatea edota bikotea; ardiak ez bailuke hainbesteko jipoia jasoko. Saiatu saiatu egin gara urruxa horietako bat beste etxe batera bidaltzen, baina alferrik… besteetan ere esnea soberan ez… eta esne-lapurrak non-nahi.

Pozekin batera, badakizue, une zailak ere izaten dira.

Aurtengo unerik mingarriena hauxe: etxetik kanpora joan behar eta etxera itzulitakoan ikusi arkume bat hilda eta ama han, bere aharikoa garbitu eta garbitu. Hunkitu egin ninduen eszenak, oso. Egunak igaro zituen bere arkumeari deika.

Basatiena, ordea, belardian umetokia bota zuen ardiarena. Arkume handi-handia zekarren, eta arkumearekin batera… umetokia! Hiru lagunen artean lortu genuen umetokia sartzea, eta hasieran jota zegoen arren, orain ardia ondo dago.

Une hartan zegoen hirugarren lagunak Martí du izena, eta erditze garai honetan bidelagun izan genuen. Manresako Nekazal Eskolako ikasle ohia eta orain wwoofer dabilena. Berak pasatu zituen hiru aste intentso horiek gurekin, fin. Plazer handia izan da bera etxean izatea, pozik gu eta baita umeak ere. Moltes gràcies, Martí, pastoret! Trobem a faltar el teu arròs amb llet…

Erditze garaia (I): Ilusioa

Erditze garaia (eta II): Traizioa

Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

3 pentsamendu “Erditze garaia (I): Ilusioa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude