Elikadura sistema propioa
Harrigarria da mendebaldeko herrialde industrializatuetan zer nolako kezka dagoen elikaduraren inguruan. Europako hainbat herri eta hiritan elikadura sistema propioa garatzeari ekin diote. Egitasmo interesgarri eta benetan txalotzeko modukoak. Gurean ere ezinegona aspaldikoa da. Euskal Herrian, badira abian dagoeneko elikadura osasuntsu, jasangarri eta ekitatiboagoa izatearen beharrari erantzun asmoz sortutako hainbat egitasmo. Elikadura burujabetza, agroekologia, elikadura jasangarria eta hezkuntza, zirkuitu laburren sustatzea, kontsumo taldeak, baserritar eta kontsumitzaileen arteko elkarguneak, azoken biziberritzea edota elikadura eta hizkuntza besteak beste, helburu dituzten herri mugimenduetatik sortutako ekimenak eraldaketa bidean dihardute.
Elikadura sistema propioa osatzeko testuingurua badugu, eskualde zein maila lokalean. Tokian tokiko herri mugimendu eta udal ekimenetik abian jarritako hainbat egitasmo eredugarri badira elikadura sistema lokala garatze aldera. Aktore sozial ugariren atxikipen, interakzio eta elkarlanerako borondatearekin, sarea osatzearekin batera, komunitatearen garapen integrala geroz eta hurbilago izango genuke. Norbanako, tokiko entitate publiko eta elkarteen arteko sinergiak baliatuz, egitasmo humanoak gauzatzeko aukera hortxe dugu. Dimentsio sozial, ekologiko eta ekonomikoaren jasangarritasuna bilatzen duen elikadura sistema baten aldeko elikadura kulturaren beharrean gaude.
Elikadura eta elikagaiekiko dugun harremana, filosofia, kudeaketa, bizitza estiloa, heziketa eta kontsumitzeko modua aldatzen hasiak dira. Eguneroko gure praktikak, ideiak, ezagutzak, diskurtsoak eta hizkuntza bera prozesuaren aldagai ditugu. Erronka handia izanagatik, baliabide humano eta materialak optimizatuz, Euskal Herria, tokian tokiko eskualde zein herri, eredu bilakatu daiteke gure ikuspegia apur bat zabaldu eta proiektu komunak lantzeari ekiten badiogu. Herritar zein kontsumitzaile kontziente izatea dagokigu, kontsumitzen dugunaren hautua politikoa ere badelako. Herritik bertatik abiatu beharreko bidea da hau, eta ez alderantziz.