ELAren bidea

ELA sindikatua EAJren trasmisio soka bezala jaiotako sindikatua izan zen. Gerra ostean, 1970. urte inguruan euskal sindikalista batzuk berpiztu zuten, hasieran, zenbaitek berriro ere lehenagokoa bezala izango zelakoan geunden, baina, nire ustez urteetan eramandako bidearekin erakutsi ziguten ez zela halakoa. Joxe Elorrieta eta bere ekipoa zuzendaritzarekin egin zenez geroztik langileen alde zeudela erakutsi zuten, baina, euskal sindikatua zela ahaztu gabe noski.

Joxe eta ekipoari ere “jubilazioa” ailegatu zitzaienean ekipo berri batek hartu zuen zuzendaritza eta nago jaiotze denborako iritzi beretara itzuli direla. Zer dela eta diodan hau? Oraintxe azalduko dut.

Aspaldi honetan ELAk ezker abertzale edo soberanistaren usaina duen edozeri kontra eginten baitio,  gainera, badaukat datu bat baino gehiago esateko lehengo ekipoko batzuk, hain zuzen horrengatik, hautsi egin dutela oraingo zuzendaritzarekin.

Esaten nuen bezala, ELAren azken perla gaurko Berrian irakurri dut “Gipuzkoako Aldundiak proposatutako Aberastasunaren gaineko zerga berriak “propaganda interesa” duela ziurtatu du” 2008an baino 10 milioi gutxiago jasoko omen dira.

Eta nik diot, zertara dator orain 2008. urtera joatea, 2009an EAJk eta H1-ek zerga hori kendu zutenean baino zenbat miloi gehiago jasoko du Aldundiak? eta 2010en eta 2011an baino zenbat gehiago?

Demagogia alde batera uztea eta gizarte aldaketaren bidean esku bat botatzea eskertuko nioke ELAko zuzendaritzari.

 

5 pentsamendu “ELAren bidea”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2012-11-07 19:26

    Alegia, elorrietaren lan taldeak jubilazioa hartu zuelako izoztu al zen LABekiko hartu-emana?

    Beharbada ELAk nahiago du Bilduren politikak gogor kritikatu eta egurra ezker-eskuin banatzen segitu, horrela bere apartidismoari eta independentzia irudiari eusteko, edo baita ere, beharbada, ELAk ederki daki bere afiliatu gehienek, “klaseko sindikatu abertzale” bati kuota ordaindu arren, hauteskunde garaian “klase-interesak” ezertarako aipatzen ez dituzten programa politikoen alde botoa ematen dutela…
    .
    ELAk behingoz asmatu beharko du nola bateratu bere autonomia sindikala, eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustuarekin.
    .
    ELAren aldarrikapenak eta irtenbidea.net-eko puntuak konparatu eta ez dut nik diferentzia nabarmenik ikusten. Ez dakit ELAko buruek dokumentu horretaz zer iritzi edukiko duten…

    • Ez dakit ELAko buruek zer iritzi duten dokumentu horretaz, baina iruditzen zait arazoa ez dagoela dokumentu, deklarazio eta antzekoekin. Arazoa dokumentu eta deklarazioek errealitatean duen isla eskaxarekin dagoela iruditzen zait.
      Bilduren politika kritikatzea ez zait iruditzen ELAren nahia. Gaia ez da nahi edo ez nahi, behar edo ez behar baizik. Herritarron edo langileon kalterako diren politikei egurra ematea ez da ELAren nahia. Murrizketak salatu eta hauen aurka borrokatzea ez da nahia. BEHARRA da.
      Erabat ados nator zurekin autonomia sindikala eta eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustua bateratzea nola egin asmatu beharko duela ELAk. Baita LABek ere. Eta Bilduk ere bai.
      Ea denon artean lortzen dugun.
      “Nirekin edo nire kontra” estiloko planteamenduek ez dute batere laguntzen.

    • Ulertzen dut Bilduk izugarrizko mugak dituela instituzioetan Irtenbidea dokumentuan jarri duena egiteko. Alderdi edo koalizio politikoek muga horiek dituzte. Orduan nola egin aurrrera? Kaletik mugimendu sozial eta sindikatuek esan behar dute: egin duzun hau ez da nahikoa (adib ezarri duzuen zerga hori 2007an zegoena baina okerragoa da, gainera PSEkin adosteko agian okertu egingo da). Hemen zerga-erreforma sakona behar da murrizketekin amaitu nahi badugu. Eta kaleko mugimendu horrek gaiaren inguruan kontzientziazio eta pedagogia lana egin behar du.
      Oso desberdina da esatea “kristona da lortu duguna, eta kritikatzen gaituenak PNVri mesede egin nahi dio”, edo “nahi duguna ezin izan dugu egin, motz gelditu gara, kaletik zuek behartu beharko gaituzue nahi ditugun neurriak hartzen”.
      Hori ez da berria, eta adostu daiteke nahi izanez gero. Baina oraingoz ez da nahi.

  • Amonamantangorri 2012-11-08 17:12

    Oro har konforme biekin. Agente sozialek independentziari eta izpiritu kritikoari eutsi behar diote, edozein alderdi politikoren kontrol eta fagozitazio saioen aurrean, eta herri-mugimenduek akuilu lana egin behar dute.
    .
    Baina bestalde, “nirekin edo nire kontra” jarrerak deus onik ekartzen ez duen bezala, “niretzat den-denak berdinak zarete” jarrerak ere ez du askorik laguntzen, hori ere oso erosoa izanagatik ere..

    Zerga politikaren zenbait aldaketa, jendartera aurkezten direnean beti LEHEN URRATS GISA aurkezten baldin badira, eta kontuan hartuta urrats txiki horiek Gipuzkoan oposizioko alderdiekin akordioak egin gabe (EAJ, PSE batez ere) eta armonizaziorik gabe ezin direla aurrera atera, ez litzateke bidezkoa izanen norbaitek egoera konplikatu hori baliatzea langileriaren defentsan puxtarriak irabazteko. Eta ez dut esaten ELA horretan dabilenik eh…
    .