Sortu alderdiaren logotipoa arriskuan dago

Sortu alderdiaren logotipoa datsegizu? Bai? Albiste txarra eta ona dugu zuretzat. Txarra: logotipoa aldatzeko aukera handiak daude. Ona: Amaitu da zure gustuengatik irainak jasotzea.

2011 urteko otsailaren 7an aurkezu zituzten Sortu alderdiaren estatutuak, Euskalduna Jauregian. Makina bat zeresan eman zuten Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek irakurri zituztenek. Ezker abertzaleak alderdien legea betetzea erabaki zuen. Ez zekiten, ordea, otsailaren 8an gainera zetorren iskanbila kolosala. Sortu-ko sustatzaileek alderdiaren logotipoa aurkeztu zuten, eta okertzeko beldurrik gabe, esan dezaket, Bermeotik Tuterara eta Lantziegotik Maulera, herritarren erreakzioa komuna izan zela: Ze logo zatarra!

Otsaileko egun beltz hartatik, hamaika gertakizun historiko izan dira gurean, tartean Sortu-ren legalizazioa 2012ko ekainaren 20an. Alderdia sortzeko tramiteak geldo doaz, baina etenik gabe. Sortu-k otsailaren 23an egingo du lehenbiziko kongresua. Bitartean, Sorturen Eratze Prozesua izenekoa jarri du abian ezker abertzaleak, zeina sortzaileen esku egongo den. Lehenengo ponentzia argitaratu berri dute sarean eta PDFn jaisteko aukera jarri dute.

Ponentzian berpiztu da berriz eztabaida guztien muina: logotipoa. Sorpresa: laranja-limoi logoa ez da inondik inora ageri. Horren ordez, gorri, zuri eta morez erabiliz egindako logoa agertzen da ponentziaren azalean. Koloreak ezberdinak dira, baina ez formak. Beste behin, ortzemugan ageri den eguzkia antzematen da logoan. Irudia ez da ponentzian soilik ageri, baita Sortu-ren twitter kontuan ere.

Euskal herritar askok buruan zuten galdera, ausart eta taburik gabe, @kokoteko erabiltzaileak jaurti du:

Logo berria “prozesuaren irudiaren atal bat da. Gero zein izango den logoa, prozesuak berak esango du”. Ondorioa: laranja-limoi logotipoa zalantzan dago. Erabakitzeke dute, “prozesuak esango du”, logoa zein izango den. Une honetan beraz logoaren aukeraketa erabat zabalik dago. Bi dira orain arte ikusi diren logotipoak.  Jasotako kritikak kontuan badituzte, Sortu-ren orain arteko logo ofizialak diseinu grafikoaren porroten zakarrontzian amaituko du.

Bakea eta zoriona guztiontzat! 🙂

logotipoa, sortu

2 pentsamendu “Sortu alderdiaren logotipoa arriskuan dago”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague

    Hamaika buelta eta hamaika buruhauste eta niri oraindik “Herri Batasuna” gustatzen zait, eta ikurrina koloretsu hura, eta Euskal Herriaren mapa irribarretsua. Halere, PNVk Pepsiren logotipoarekin hauteskundeak irabazi baditu, bada, edozer logok balio du,

  • Sorturen logoa, cherry coke eta Sony-ren minidisk-a.
    Nire bihotzean hiru zulo beltz, hiru porrot mingarri…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude