Ekainaren 8an asko dago jokoan

Ekainaren 8an asko dago jokoan

Ekainaren 8an asko dago jokoan

Aldarteek bizi dituzte giza taldeak. Kantauri itsasoarekin alderatu ohi dute euskaldunena. Batzuetan oldarti, oztopo handiena gainditzeko indartsu, baina berehala bare-bare, ekaitzik jasan ez balitz bezala. Hurrengo astinduaren zain, daukan onena enegarrenez erakusteko.

Metaforaren doitasuna gorabehera, ekainaren 8a aldarte aldaketa eguna izango da, sektore abertzalearentzat batik bat. Langa goian jarri eta gainetik jauzi egiteko gaitasuna demostratzeko eguna. Saiakera frustratuen biharamuna. Ezkortasun kolektibo ikusezinaren ainguratik libratzeko eguna. Gehiegi uste izatea ote da hegemonia politiko baten hastapena hor kokatzea? Uste hori ustea ez al da jada garaipena?

Asko dago jokoan, Gure Esku Dago ekimen handinahitsuak erronka itzela jarri baitie euskal herritar askori. 123 kilometro, eskuz esku, mendiz mendi, Durango eta Iruñea lotzeko. Erabakitze eskubidea da aldarrikapena, paperean bederen, baina askoz ere gehiago dago jokoan. “Sinistu behar dugu gure esku dagoela, inoren zain egon gabe“, errepikatu du maiz ekimenaren aurpegi den Angel Oiarbidek. Autoestima kontua.

Bi faseren artean gaude, iraganak etorkizuna buztanetik harrapatuta balu bezala. Aldartea ere horrelakoa izango dute kate-begi bihurtuko direnek, itxaropen txingartuak hauspotu nahirik. Konparaziotan jarri eta Kataluniari inbidiaz begiratzea bihurtu baita aldarte. Ondotik, masokismo ariketa bat erantsiz.

Ekainaren 8an herri zoko eta errepide ugerrenak ere beteko badira ilusioaren edalontzian ur txorrotada garbia sartuko da. “Posible da” sinple bezain geldiezin bat. Aurrera doala geurea, atzera joan beharrean. Hori ere aldarte kontua da.

Ekainaren 8ko giza katearen iragarkia:

Ekainaren 8an asko dago jokoan