Ez da Fronte Nazionalik Sestaon

Ez da Fronte Nazionalik Sestaon

Atzo arratsaldean, Europako Hauteskundeen emaitza lixeritzen ari ginen gehienak, pozik batzuk eta bihotzerrearekin beste asko; eta izango zen oraindik Eibarren igoera ospatzen ari zenik ere. Bitartean, hedabideetan, ordezkari politikoen ahotan zein kaleetan Le Penek Frantzian lortu duen arrakastak sortutako kezka zen mintzagai nagusietako bat.

Baina ordu berean, Le Penen arrakastak beste kezkatu beharko gintuzken gertakizun politiko bat izan zen Euskal Herrian bertan, Sestaon. Bertako herritar multzo handi batek -2.000 lagun Deiaren albistearen arabera- elkarretaratzea egin zuen Josu Bergara alkateari babesa adierazteko asmoz. Jakingo duzuenez, egun batzuk lehenago alkatearen adierazpen batzuk filtratu ziren, zeintzutan modu iraingarrian eta arrazistan mintzatzen zen etorkinez.

Dani Alvarez-en (@danielmetalcrew)  argazkia.

Ez da Fronte Nazionalik Sestaon

Deiaren albisteak dioenez, Sestaon bildutakoen artean “ez gara arrazistak, errealistak gara” leloa zuten kartelak ikusi ahal izan ziren besteak beste.  Errealista dela dio alkateak ere, eta etorkinen kontra beharrean, delinkuentziaren kontra dagoela soilik. Baina Berriak argitaratutako datuen arabera, Sestaon baino delikuentzia tasa altuagoa dute Bizkaiako 19 herritan, eta inmigrazioari dagokionean, erkidegoko bataz bestekotik behera dago. Hala ere, plaza bete zuen makina bat herritarrek, Marine Le Pen berak (eta behar bada, baita aitak ere) sinatuko lukeen diskurtso xenofoboa babestuz.

Komeni da Europako eskuin muturreko mugimenduak kezkaz jarraitzea, eta nola ez, baita Ipar Euskal Herrian FNk izan duen arrakasta ere. Baina ez gaitezen Le Penen emaitzekin soilik itsutu, hala badirudi ere, ez baita Fronte Nazionalik Sestaon.

Atzo arratsaldean, Europako Hauteskundeen emaitza lixeritzen ari ginen gehienak, pozik batzuk eta bihotzerrearekin beste asko; eta izango zen oraindik Eibarren igoera ospatzen ari zenik ere. Bitartean, hedabideetan, ordezkari politikoen ahotan zein kaleetan Le Penek Frantzian lortu duen arrakastak sortutako kezka zen mintzagai nagusietako bat. Atzo arratsaldean, Europako Hauteskundeen emaitza lixeritzen ari ginen gehienak, pozik batzuk eta bihotzerrearekin beste asko; eta izango zen oraindik Eibarren igoera ospatzen ari zenik ere. Bitartean, hedabideetan, ordezkari politikoen ahotan
Ez da Fronte Nazionalik Sestaon

22 pentsamendu “Ez da Fronte Nazionalik Sestaon”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-05-27 07:25

    Arrazakeria (lotsarik gabekoa, jendaurrean lasai-lasai erakusten dena) gure artera etorri da, bertan goxo egiteko etorri ere. Gainera, ez dakit zein arrazoirengatik, baina ematen du Bilbon eta inguruko herrietan ari dela bereziki errotzen, eta batez ere PNVri botoa ematen dion gizarte-sektore batean. Deia egunkariko berrien azpian herritarren batek iruzkin arrazista egiten duen bakoitzean aldeko boto zaparrada jasotzen du berehala.

  • Le Pen eta konpainiaren arrakastatik zerbait ikas dezakegu. Duela egun gutxi, bati entzun nion Espainia hegoaldetik sartzen diren immigranteen arazoa Europa osoarena dela eta Europatik erregulatu beharko litzatekela (erregulaturekin jendearen sarrera hobeto eragotzi esan nahi da, noski), eta bertan geundenon artea ez zitzaion komentario desegokia iruditu gehiengoari. Orain zorionak emango nizkioke lagunari, Europatik immigrazioa erregulatzea erabaki dute, baina zanga Ceuta eta Melillan ordez Piriniotan jarrita.

  • Erpin asko dituen kontua da hau. Beren burua teorikoki eta intelektualki arrazistatzat ez duten pertsona asko eta askori entzunak eta ikusiak dizkiot komentario eta jarrera arrazistak, arazo konkretuak muturraren aurrean izan dituztenean.

    Neu ere ez naiz arrazista, eta Sestaoko alkatearen hitzak eta jarrerak, edo LePenenak nazkagarriak iruditzen zaizkit… baina ez nuke eskua sutan jarriko sentitu edo izan ditzakedan jarrerengatik…

  • bedartzandi 2014-05-27 11:00

    Leire, bihotzerrea kentzeko ona ei da bikarbonatoa. Ze justua eta ona zaren.

  • Ni ez nago batere ados Sestaoko alkatearen hitzekin, jarrerekin ez ekintzeki. Baina uste dut gehiegitxo dela lotzea Le Pen-en garaipenarekin. Errespetu guztiarekin, baina kutsu demagogiko samarra hartzen diot loturari.

  • Batzutan euskaldunon zuzenketa politikoak goragalea ematerainokoa da. Sestaoko asuntoa adibide ezinhobea da: herrian kriston arazoa biziten ari dira elementu batzuekin eta ahal duten moduan saiatzen ari dira konpontzen. Baina etorriko zaie euskaldun petoak arrazistak direla esatera. Besteei lezioak ematea oso erraza da ondoko etxebizitzan errumaniar ijito batzuk ez badituzu.

    • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 13:06

      Ba nire etxe ondoan errumaniar ijitoak bizi dira, bai bertako ijitoak, eta bai bertako puruak ere (zuri? payo? kaukasiar?), tartean euskaldunen bat edo beste. Eta liskartienak euskaldunak dira, ondoren erdaldun ‘payo’ bat… Ijitoek ez dute batere arazorik sortzen; baina, hori bai, auzoko jendeak gaizki hitz egin ijitoez egiten du, ijitoez eta errumaniarrez. Hau guztia egia da, eta nahi duena etor dadila etxera eta erakutsiko diot panorama.
      Gaizkileak ez dira ez errumaniar, ez ijito, ez euskaldun, ez deus. Gaizkileak dira. Eta gaizkileentzat zigorrak daude. Eta inori ezin zaio zigor erantsi bat ezarri errumaniarra edota ijitoa izateagatik.
      Eta bai, gurean ere arrazismo nazkagarria. Faszistak pikutara!!!

      • Oso ipuin koloretsu eta polita, Eneko, baina etxebizitza edo lanbidea dela eta, zenbait talderekin tratatu behar dugunok gezur borobila dela dakigu.
        Hori bai, zure kontizientzia lasai edukitzeko, beste jendea pikutara bidal dezakezu, zure autoestimurako ona baldin bada aurrera, baino ez hartu besteok astakirtentzat, mesedez!

        • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 14:14

          Nik diodana egia edo gezurra den edonork egiazta dezake, nire izena hortxe dago. Zuk, ordea, nahi duzuna esan dezakezu zure anonimotasunetik, inork ez baitaki egia ala gezurra den. Muturra behar da, gero! Aurpegia estali eta besteoi gezurti deitu!

          • Erizaina naiz, orain Primarian nago baina urte askotan ospitale bateko urgentzietan egondu naiz. Oso momentu txarrak bizitu ditugu neronek eta nere lankideek Rumaniako ijituekin. Gure lanean une txar asko dago, baina osasungintzan lan egiten duen edonork esango dizu talde hori txarrena dela. Eta emakumea izanda esperientzia txarrago.
            Ez dut esango gezurretan aritzen zarenik Eneko baina oso arraro egiten zait kontatzen duzun auzokidetza goxo hori. Bueno, azken finean esperientzia pertsonalak dira eta nere esperientziatik ikusita hobeto entenditzen dut Sestaoko jenderaen jarrera krtikatzen dezutenarena baino.

          • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 19:21

            Iratxe, ez pentsa egunero pastelak oparitzen gabiltzanik ijitoen, errumaniarren eta gure artean; ez. Besterik gabe, ez didate batere molestatzen. Gure etxetik 100 bat metrora errumaniatik etorritako talde handi bat bizi da, abandonatutako biltegi batean (uste dut errumaniarrak direla; badakizu, Europa urruneko hizkuntza arraro batean hitz egiten dute, eta itsusiak dira; ijitoak, ziur aski). Astean zazpi egunez, goizeko seiretatik arratsaldeko seirak arte, lanera ateratzen dira, euren gurditxoekin, hutsik egin gabe. Noizbait burdin astun puskaren bat eman diet, zakarretara bota aurretik norbaitek baliatu zezakeela pentsatzen nuelako. Ez dakit…, behintzat egun horretan bokata hotzen bat jan zezan norbaitek. Esker oneko aurpegia ikustekoa zen. Geroztik, gizon batek irribarre zabal batekin agurtzen nau.
            Bertako ijitoak (badakizu, hitz egitean zeozer ulertzen zaie: fregoneta eta halakoak) ondoko atarian bizi dira, bai eta pareko blokean ere. Auzoan erabat integratuta daude. Eta ijito-ijitoak dira, ez uste!
            Gure goian dagoen etxebizitzan euskaldun bat bizi da, bere neskalagun erdaldunarekin. Egunero-egunero, goizeko lauretan esnatzen gaituzte, hutsik egin gabe. Eta ez dira lanera joateko jaikitzen. Haien zalapartak entzutekoak dira, eta kontuan hartuta gure etxeko hormak paperezkoak direla, ba, pentsa! Ze jatorra euskalduna!
            Azpiko pisuan 45 bat urteko mutil bat bizi da bere amarekin. Horrek gauez, ez; zalaparta egunez ateratzen du. Askotan, bere amak ez dituelako etxeko lanak bere gustura egin. Gure etxeko atea kolpatu du noizbait, xurgagailua goizeko 10etan pasatzen ari ginelako, esnatu egin genuela eta. A! Ez dut esan: ez da ez ijitoa, ez errumaniarra. Auzokoa, jaio zenetik.
            Baina, horiek guztiak, den-denak, pertsonak dira. Ez dira “talde” batekoakedo bestekoak. Egiten dituzten kalteak edo onurak, nork bere izenean egiten ditu. Eta ondorioak norberak jaso behar ditu.
            Ba, nik ez dut ulertzen zergatik gaizkile batzuk “gure” herritik bidali behar ditugun, eta beste batzuek soilik dagokien zigorra jaso behar duten.
            Arrazakeria hitz itsusia da. Denok pentsatzen dugu: ni ez naiz arrazista! (Beno, batzuk harro aitortzen dute). Baina guk denok daramagu arrazista bat gure barruan, matxista bat daramagun bezala. Gure baitan daude denak; baita horiei aurre egiteko mekanismoak ere.
            Eta jendea jatorriarengatik eta arrazarengatik sailkatu eta epaitzea arrazismoa da. Eta ezin zaio inori zigor gehigarririk erantsi, inolako arrazoiengatik. Eta ezin zaizkio kolektibo bati pertsona batzuen jokabidea leporatu.
            Adibidez, zergatik zigortu behar dira gaizkile horien seme-alabak, eta gaizkile horien hezkuntza jasotzera kondenatu?
            Eta zer egin, adibidez, bankari lapurren kolektiboarekin? Euren familiak ere zigortu behar dira? Nora bidali behar ditugu?
            Ospitalean, pertsona batzuekin arazoak baldin badira, arazo horiek saihesteko bideak topatu beharko dira. Izan errumaniatik etorritakoak, izan Caceresetik etorritakoak, edo izan ondoko herritik etorritakoak.

  • Iraindua sentitzen bazara barkamena eskatzen dut. Arrazoi duzu, nire ikuspegia da eta zurea ez da gezurra izan behar nirearekin bat ez datorrelako.

    Baina zuk, zure aldetik, gauzak ikusteko duzun modu guay eta politikoki zuzenarekin bat ez datozenei arrazista eta faszsita oso errez deitzen diezu eta izena eta argazkiarekin agertzeak ez du horretarako inolako eskubiderik ematen.

    • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 14:43

      Berdabio, berdion diotsut, iraindua sentitzen bazara, barkamena eskatzen dizut. Baina, ekintzengatik epaitu eta sailkatu beharrean, jendea bere arrazarengatik edo jatorriarengatik epaitzeak eta sailkatzeak, izen bat dauka: arrazakeria (zuk esana: “Besteei lezioak ematea oso erraza da ondoko etxebizitzan errumaniar ijito batzuk ez badituzu”). Eta hori ez da ez guay eta ez politikoki zuzena; hori pikutara bidali behar da!

  • Bakarrik esan nahiko nuke Enekok esan dituenak egokiak iruditzen zaizkidala. Kulturartekotasunaren inguruan dauden diskurtso batzuk kritikatzea zilegi da, hainbatek egin dute, baina arrazakeriari erreparatzen ez badiogu azkenean Ciutadans edo Frente Nazionalaren antzeko diskurtsoak egiten ditugu. Horregatik zintzoa eta eskertzekoa zure erantzuna, Eneko. Lagun batek duela gutxi esan zuen: “norbaitek dioenean politiko zuzena ez den zerbait esango duela, gehienetan arrazista edo matxista da esanjgo duena”. Ez zebilen urrun.

  • Zorionak sestaoko alkateari pertsona liskargileak kanporatzeagatik, sestaoko herritar zintzoak bakea behar dute eta ez lapurketarik edo erasorik.

    • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 17:05

      Lapurketek eta erasoek euren zigorrak dituzte. Ezin zaio inori zigor gehigarririk jarri, eta, are gutxiago, pertsona batzuen jokamoldea kolektibo bati leporatu.

      • Zigorra baliogarria ez denean, astero lapurretan ibiltzen dira, irtenbide berriak bilatu behar dira.
        Zein da lehentasuna? Biztanleriaren segurtasuna ala gaizkileak ez mintzeko balio ez duten zigorrak mantentzea?

  • Amonamantangorri 2014-05-27 18:57

    Berriaren artikuluak gauza batean asmatu du: erakusten du Sestaon inmigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura ez dagoela frogatua, eta langabeziaren eta segurtasun faltaren arteko erlazioa berriz bai, frogatua dagoela.
    .
    Bestalde, nire ustez, huts egiten du beste gauza batean: datu objektibo batzuk aurkezten ditu, salatzen den arazoa hainbesterainokoa ez dela edo are esistitzen ez dela frogatu nahian. Seguru asko, Sestaoko eta Txabarri auzoko biztanle askoren perzepzioa ez dute estatistikek aldaraziko. Izan kanpotarrak, bertako-bertakoak, zuriak edo urdinak, auzoaren degradazioa nabari dute askok, eta gainera, degradazio hori auzora bizitzera joandako kolektibo jakin batzuen errua dela sumatzen dute.
    .
    “… arrazakeriari erreparatzen ez badiogu azkenean Ciutadans edo Frente Nazionalaren antzeko diskurtsoak egiten ditugu”.
    .
    Nire ustez, elkarbizitza-arazo zenbaiti erreparatzen ez badiogu, azkenean Frente Nazionalaren antzekoak etorriko zaizkigu tostada jatera.
    .
    Diagnostikoa egin beharko da, arazo hauek nondik sortzen diren eta zergatik. “Lunpen” delakoa, oro har, auzo jakin batzuetan metatzen da, hango etxebizitzak merkeenak direlako eta han bizi diren bitartean ez dietelako beste eremuetakoei traba egiten. Eta auzo horietan “lunpena” hazten baldin bada, auzoko jendea haserretu egiten da, eta agintariei “egurra” eskatzen hasi. Krisi ekonomiko eta langabezia garai batean, edozein politikarik ustiatzen ahal du “segurtasuna” eta “navajeroari gerra” kontsignen inguruko diskurtsoa, bozak aise irabazteko.
    .
    Ezkerra, ordea, hain jatorra denez, gutxitan mintzo da “segurtasun-politikaz”. Edozein herritan ezinbestekoa den eremu bat, oso-osorik uzten dio eskuin-demagogiari.

    • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-27 19:52

      Ados nago diozun gauza askorekin. Eta begiratu beharko da nola egin izan izan zaion aurre arrakastaz arazoak egon diren herrietan.
      Baina pertsonen pertzeptzioaz ari bagara, ez dakit zergatik, baina susmoa dut batzuk beti kaltetan aterako direla. Adibidez, auto-gidari batek infrakzio bat egin eta, kasualitatez, emakumea baldin bada, gizon askok esango dute: “Ikusten? Emakumea!”. Baina gizona baldin bada, ez dira konturatuko ez dela emakumea. Besterik gabe, infraktore bat ikusiko dute. Gizon horien pertzeptzioa hauxe da: emakumeek gaizki gidatzen dute.
      Pertzeptzioak ezin dira egoeren analisi zorrotzerako kontuan hartu. Jendearen pertzeptzioa analizatzeko bai. Eta arazoa hemen daukagu: inmigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura frogatuta egon gabe, jende askok pertzeptzio arrazista daukala.

      • Amonamantangorri 2014-05-27 21:14

        Egunkari askok -behar den bezala, nire ustez- ez dute etnia edo jatorria inoiz aipatzen:
        “Bi familien arteko borroka batean, hildako bat”.
        “Familia bereko bi gizon eta bi emakume atxilotu dituzte, erietxe batean mediku bat eta zaintzaile bat erasotzea leporatuta”.

        Seguru Leaburukoak zirela. Herri horretakoak ez daude batere sano burutik. Makina bat maisu-maistra, mediku, erizain eta gizarte-langile ezagutzen ditut nik, leaburutarrekin sekulako istiluak izan dituztenak.

        Dena den, perzepzioak engainagarriak direla, ados. Hori saihesteko, has gintezke datu zehatzak begiratzen. Bilatu etnia edo herri jakin bateko kideen artean antezedente penalak dituzten pertsonen ehunekoa, analfabetismoa, umeen eskolatzea, emakumek zenbat seme-alaba munduratzen dituzten batez beste, osasun datuak, laguntza sozialak jasotzen dituztenen familia kopurua, eta abar. Hori “generalizatzea” litzateke, baina ongi eginda. Eta uste dut datuak beldurgarriak izanen liratekeela.
        .
        Alegia, “ez generalizatu, mesedez” esatea, batzutan, errealitatearen aurrean begiak ixtea da.

  • Baina inork ez du publikoki esango hemengo egia sinplea: Sestaon eta Hego Euskal Herri osoan etorkin gehienak alde handiarekin etorkin espainolak direla.

    Norbaiti Sestaoko langabezia edo delinkuentzia arazoak inmigrazio espainolaren errua direla esatea otuko balitzaio…?

  • Andoni Errazkin Beratzadi 2014-05-28 12:36

    Ni terrorista, misoginoa eta eskizofrenikoa naiz, beraz ez nago inor epaitzeko moduan. Baina nire iritzia eman nahi dut. Guztiok nahi dugu ongi bizi. Mundu osoan. Guk europarrok ongi bizi nahi dugu. Sestaoko hirian ere. Horrela da. Orain, krisia dago. Plutokrazia globalak klase baxua eta ertaina zorpetu ditu. Gaur egun ia ez da klase ertain alturik existitzen. Klase baxua eta klase altua existitzen da. Era berean Europaz, Ameriketako Estatu Batuaz eta Japoniaz gaindiko munduko Estatuak ekonomikoki hazten ari dira. Honek guztiak eraldaketa arraroan uzten ari gaitu. Mundu guztiak nahi du amets europarrean bizi. Honen kasu argigarriena Japonia da. Baina, japoniarrak turista etortzen dira edo beka unibertsitario batean ezagututako kuttunaren bidez. Gainerakoak bizitza baten eske etortzen dira. Euren Estatuetako hedabideetan edo aldizkarietan ikusentzuten dituzten argazkiak, irudiak, soinuak. Irrika haundia da. Ez dira gai irrika horri aurre egiteko. Afrikan, adibidez, ez dira euren sinesmenez eraikitako sozietateari aurre egiteko gai. Afrikaren patua hezkuntzan oinarritzen da. Baina, zenbat urte behar dute Estatu afrikarrek prozesu horiek guztiak garatzeko? Ngugi wa Tiong’o jauna edo Tsitsi Dangarembga anderea. Arazoa globala da. Eta ez gure eskaratzan aurkitzen dugunaren araberakoa. Sestao aunitz daude gure kolonian. Hemen kriminal haundienak Wall Street·eko kapitalista anarkoliberalak dira, eta gero frantziar kolono armatuak eta espainiar kolono armatuak. Buhameekiko edo ijitoekiko gorrotoa ongi bideratu ez den gorrotoa da. Niri pertsonalki euskaldun baserritar begi berde, ile gorri eta altuez gain ez zait inor gustatzen. Ni munduan dagoen xenofoborik haundiena naiz. Pagaburu bat. Adibidez, Hondarribian, urtero, irailaren 8ro, 1941. urtean fundatu zen lagundi falangista eta errekete batek parte hartzen du. Madrildarrak eta iruindarrak dira. Jendeak txalo egiten die. Botere kontua da. Orain Errusiak eta Txinak botere globala lortuz gero, errusiar emakumeak eta txinatar emakumeak modan jarriko dira. Niri mundu osoko emakumeek jartzen naute, ederrak badira…