Egon ala izan?

Egon ala izan? –

Komunitate menderatua ala menderaezina, zer gara gu? Herri kolonizatua ala miragarria? Zerekiko edo norekiko gara asimilatuak edo aitzindariak? Ikusmira non, gakoa han. Datozen hilabeteetan azterketa hori egiteko hiru aukera izango ditugu. Otsailaren 18an hauteskundeak dira Galizian.Urkulluren erabakiaren zain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —agian— apirilean. Eta ekainean, Europan.

Egon ala izan?
Arg: StockSnap

Inkognitak: lortuko al du Feijoorik gabeko PPk, bosgarrenez, gehiengo absolutua, ala BNGren Ana Pontonek sorpresa emango du eta, gainerako ezkerreko indarren laguntzaz, izango da Galiziako lehen emakume presidentea? Europatik datozen haize ufadak makurrak dira. Elkartasunik ezaren ondotik eskuin muturraren uluak ozen iristen dira. Ikusi egin behar horren ondorioak noraino iristen diren.

Euskal Herria erreferente al da? Gai horren inguruan, azken hilabeteetan gogoeta interesgarriak irakurri ditugu. Gure herria gertutik ezagutzen duen David Fernandez kazetari eta ekintzaile kataluniarrak garbi utzi zuen gurekiko duen mirespena Euskalduna jauregian, joan den abenduan, EH Bilduk antolatutako ekitaldi jendetsuan. «Etorkizuna zarete» esanez hasi zen. Eta honakoak ere utzi zituen: «Orain badakigu basakeriak utopiak besteko aukerak dituela irabazteko. Baina gure esku dago balantza gure aldera biratzea. Ez dago ihes egiteko lekurik. Etorkizuna hemen eraikitzen da. Hemen, denon artean. Horri etorkizuna esaten zaio. Eta hori nik hemen ikasi dut, Euskal Herrian. Iparrorratza zarete. Gaur egun, erreferente globala. Babesleku demokratiko bat, muturreko eskuindar guztien zitalkeria eta ankerkerietatik aske, libre, bizi den herria. Orain ez bada, noiz egingo dugu? Protagonistak zuek ez bazarete, nortzuk izango dira?». Harrera beroa izan zuten hitzok.

Pako Aristiren begirada, berriz, ez da hain onbera. Berripaper honetan idatzitako artikulu gogoangarrian —Espainia gara eta— ezkor ageri zen (2023-08-13). Azpimarratu egiten zuen —arrazoi osoz— gaur egun hainbat eremutan zein heroikoa den euskalduna izatea. Hizkuntza auziaz haragoko gogoeta mardulak ere egin zituen. Kexu zen azkenaldian Espainiak guregan hartu duen nagusitasun eta ezinbestekotasunaz. Ohikoa duen ironia lagun, urrestildarrak hauxe gaineratzen zuen: «Madrilen jokatzen da gure etorkizuna! Barka? Nola? Ez nazazue diazepan dozena bat hartzera behartu!».

Dilemak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izango diren hurrengo hauteskundeek zenbait dilema planteatzen dituzte. Lehendabiziko aldiz, EAJ ez da hauteskundeak irabazteko faborito garbia izango. Zaila dirudi Imanol Pradalesen hautagaitzak Iñigo Urkulluk duela lau urte lortu zituen 31 jarleku haiek orain ere erdiestea. Jakin-mina daukat: kanpainan, EAJk zeri emango dio lehentasuna, jarraitutasunaren ideiari ala reset egiteko beharrari?

PSEren dilema ere ez da makala. Eneko Anduezak egiten dituen aldarri triunfalistez harago, sozialistek erabaki beharko dute Jaurlaritzan zertarako nahi duten egon: jeltzaleen abaroan segitzeko ala bestelako egitasmoak abiatzeko?

Gainerako aktoreek dituzten erronkak ez dira ttipiak. Sumar/Podemos espazioan etxeko lanak egin beharko dituzte lehenik. PPren kasuan, dilema argia da: Vox-en aldera diskurtsoa muturtu ala, euskal profila bilatze aldera, mezua samurtu?

Hurrengo asteetan galtza bete lan dute alderdi guztiek. EAJk eta PSEk izerdi franko bota dute azken hamarkadetan beren jendea kokatzen. Gogoan dut lagun batek orain gutxi aipatutakoa. Duela zenbait urte gertatu zen, lagun giroko bazkari batean. Orain erretiroa hartzear dagoen jeltzale aski ezagun batek hauxe bota zuen: «A! Polimili zaharrak! Lau katu ziren, baina guk ehunka kokatu ditugu». Gaurko izerdia, biharko ogia, pentsatuko zuten batzuek.

Lan dezente izan dute, bai. EAJk eta PSEk bezeria-sare trinkoa ehundu dute. Bi alderdiok milaka konfiantzazko kargu, aholkulari, kabinete buru, komunikazio arduradun, sailburu eta sailburuorde, zuzendari eta zuzendariorde, lurralde ordezkari, zerbitzuburu eta abar luze bat izendatu dituzte. Paratu dituzte. Multi-task dira. Gaur Trafikoan daude. Bihar Lanbiden. Etzi Lurralde Garapenean. Etzidamu Osakidetzan edo EITBn. Denetarako balio dute. Hori bai abilezia! Legio horiei EH Bilduk hauteskundeak irabaz ditzakeela pentsatze hutsak barrenak iraultzen dizkie. Dagoeneko izerdi hotzaren usaina sumatu da Lakuako korridoreetan: nora joango ginateke? Alderdiak estaldura ematen ez badigu… zer egingo dugu? Gure adinean, nora goaz?

Hauteskundeen ostean, seguru asko dilemarik zailena PSEk izango du. Norekin egingo du bat Eneko Anduezak? Zer komeni zaie: Jaurlaritzan egon ala gobernu progresista baten parte izan? Pello Otxandiano egingo dute lehendakari?

Espektatiba larregi piztu gabe, bistan da hurrengo hauteskunde autonomikoak garrantzitsuak direla. EH Bilduk ziklo aldaketa berretsiko du ala zikloi baten abiada inauguratuko al du?

Etorkizuna eta nortasuna dituzte hizpide Fernandezek eta Aristik. Hitz potoloak. Nire uste apalean, hurrengo hauteskundeak baliagarriak izan beharko lirateke etorkizuna behetik, ezkerretik eta euskaraz ardazteko. Garrantzitsuena ez da Jaurlaritzan egotea baizik eta egitasmo eraldatzaile, solidario eta feminista baten parte izatea. Nekeza izango da. Ez baita gauza bera egonean egotea edo lan egitea.

Egon ala izan. Hori da hautua.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Egon ala izan? Egon ala izan? Egon ala izan?

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude