Ttirritta, doakotasunetik bizitzen dakien hori!

Ttirritta, doakotasunetik bizitzen dakien hori! –

Aurreko artikuluan jada adierazita moduan, ttirritta izan nahia, eta hortaz behingoagatik azkenik inurria izateari uzteko desira, ez zitzaion inondik ere egun batetik bestera ernatu Gandiagari, aurrera eta atzera askoko prozesu luze-luze baten ondorena izan zen. Gandiagaren bizitza aldaketa sakon honetarako azken eta behin betiko mugarria benetan 1990eko Ttirrittaren Deklarazioan badugu ere, gertakari hau ez zen kolpe bakar batez, bat-batean, gertatu bere baitan; jada 1978an Lurralde Santura egin zuen erromesaldian, Tel Aviv-eko hotelean idatzitako “trilogiako” olerki batean, “Begien osteko zakurra” deituriko horretan, argi jartzen zigun erakutsian ordura arteko bere bizialdian inurri izate horrek sortarazten zion barne sentipen gazia:

Zintzotasun tonto batez
tonto galanta izan den
zakur honi
erruki diot
alferrikako
errukiabada ere (Adio, 69)

Apurño bat aurrera eginaz, eta “inurri” eta horren kontrastean dagoen “ttirritta” bi eredu horiek zertan dautzan, zer esan nahi duen zinetan Gandiagak bi kategoria horien bitartez azaltze aldera, zera esan; Gandiagaren ikusian, inurri izatea gizaki zintzo, estua, arduratsu, kezkati eta bere buruarekin gogorra izatearekin dagoela hertsiki lotuta. Horretatik nahi du berak erabat bere burua askatu, gizaki libre, gozo eta bakeoso izateko. Baina ez da eta ez zaio erraza, samurra izango. Gora-behera eta atzera-aurrera ugarirekin egingo du topo aurrerabide horretan zehar. Gorago esanda moduan, jada Tel Aviv-en izan zuen hartaranzko deia, hartaranzko barne bulkada. Artean baina, hastapenetan baina ez zeukan sentipen, irudipen hori. Handik hiru bat urtera, 1981.ean izandako antsietate-krisi sakonaren baitan jasotako terapia psikiatrikoak bultzatuta idatzitako Denbora galde alde liburuan adieraziko du era sendoago batez bizimolde berri horretarantz duen guraria. Ikusten dugu hortaz, harian-harian, prozesualki joan zela egosten bere baitan bizitza-aldaketa hori. Gerora, Ttirrittaren Deklarazioan horren aldeko aldarria jada argi eta behin betikotua geratuko da, eta azken urteetan, eta era berezi batean, azken gaixoaldian eta hilzoriko aste eta egunetan. Azken urte hauetako sentipen hori argi jasotzen du Sarriugartek: “Zintzotasun «behartu» batetik, bere buruarekiko zintzo izatera pasatu da poeta. Inurri zintzo izateari itxi eta kantari oparotsu bihurtu da. Berez zintzoa zana orain zintzoagoa da (Hitz lauz Idazten, 31).

Zer da, hortaz, ttirritta izatea bizitzan? Edo ttirrittaren eredura hartzea bizitzan? Gandiagak berak argituko digu ongien zer adierazi nahi duen ttirritta izena eta biziera horren aldeko hautua egiteak:

“Biziera jakin bat erakusten du aurrenik gure poetarentzat ttirritta kantariak, Asisko Frantziskorentzat adierazten zuen bezala seguruenik, bestalde: Ttirritta izate-modu bat da, aritze modu bat, agertze modu bat, bokazio bat eta erabaki bat (Biziminez, 77)

Bizimolde horrek, inurriarenarenaren aldean, hiru ezaugarri nagusi ditu; etekinaren morroi ez izatea, lanaren morroi ez izatea, eta doakotasuna balioestea bizitzan (P.AGIRREBATZATEGI, Bitoriano Gandiagaren espiritualitate eta inspirazio frantziskotarrak. Ttirrittaren parábola, cfr. 59):

a) Interes eta etekin ekonomiko edo horien antzekoei begira soilik edo batez ere horiei begira ez bizitzea da ttirrittaren bizimodua:

“Ttirrittak ere besteak ditu bere neurri. Bere inguruan mundu guztia ari da zerbait emendiozkotan, onurakotan. Egitearen emankortasunak, irabazkinak, etekinak markatzen du pertsonen, animalien eta gauzen balioa. Ekoizpen eta produkzio gaitasuna da estimatzen, miresten eta goresten dena. Ikusi egin behar da, bistan egon behar du ihardute ororen probetxutasunak” (Hemen dago Ttirritta)

b) Arrazoiaren aginduetatik aske bizitzea, beti ere lanerako eta lanak harrapatuta ez bizitzea:

“Inurrien mundu honetan asko janzten du bat eginkizun eta arazo hauetan burubelarri sartuta nabil esateak. Probetxuzko gizontzat jotzen du halakoa edonork, eta poza ematen du halakotzat hartu izateak. Alderantziz, berriz, nork agertu behar du inoren aurrean, berak ez duela ez egiteko bereizirik, ez lan-modu jakinik, erantzunaz? Seguruenik ez diote esango, baina gizajo ikusiko dute halakoa, haurrek berek ere. Ttirritta, ostera, ez da gizajo, ez errukarri” (Biziminez, 76).

c) “Ttirritta ez da gizajo, ez errukarri, eta horietan funtsezko bat: bizitzaren doakotasuna eta doako gauza eta eginkizun «txikietan» jardutea; hala nola: poesia, jolasa, kontenplazioa,otoitza, kanta, etab…. Gure ttirritta euskalduna da, fraide frantziskotarra da, eta huskeriatxoakidaztea, otoitz egitea, paisaiari begira egotea, zoardi tipilera adi irautea eta horrelakoak gustatzen zaizkio, baita hunkiberatasuna, dohakotasuna, jolasbidea, huskeria, filosofaritza, erlijiolaritza, solidaritza eta gure arteko bizimodu sistemak gutxiesten dituen beste balio arin edo hutsaren hurrengo batzuk” (Hemen dago Ttirritta)

Idazki berberean, “txikiaren” aldeko aldarri orohartzaile horren baitan, euskara ere txertatuko du Gandiagak; bere idazki, kantu eta poesietarako euskararen alde hautu oso kontzientea egingo du Gandiagak (“hizkuntza txikia eta errentagarritasun ekonomikorik gabea”, bere esanetan); euskara aukeratzen du eta horren bitartez “doakotasun-balioaren” alde egin; “beren negozioetan eta etekinetan dabiltzanek baliogabetzat gutxietsi eta baztertzen duten hizkuntza “zoragarri” horixe maite du, hain zuzen, Ttirrittak” (P.AGIRREBALTZATEGI, 60).

Ttirrittaren Deklarazioan, dena den, aurkituko dugu inoizkorik argien ttirrittaren aldeko hautua egiteak zer dakarren berekin, zerk du eskakizun eta, oroz gain, bere esanahi eta atzealde sakon-sakona. Gandiagak bere bizialdiko azken urteetan jada guztiz ere guztiz barneratuta daukanean bere ttirritta bokazio berria, bere bizitzako azken hamarkada horretan, are kutsu aszetikoko ibilbidetzat ere joko du hartutako bidea, ibilbide aszetiko-literariotzat. Bestetik, egia esatera, zinez, Gandiagak ez zion sekulan uko egin lan egiteari, bere eginbeharrei arduraz erantzuteari, baina aurrerantzean ez zuen berriz ere inurri moduan hartuko direnak direlako betekizun horiek. Fraide alperra ez da izango, “eulia” ez da izango, inondik ere, baina ez eta inurri ere. Aurrerantzean lanera honaino edo haraino bere burua emanda ere, begirada zeharo ezberdinez jardungo du; jada ez du lanerako bizi nahi izango, betebeharren gatibu eta beroiek harrapatuta. “Jubilatuaren espiritu alaiaz” bete nahi izango ditu aurrerantzean bere eginkizun guzti-guztiak, poesiak egitea dela, kantatzea dela, besteekin solastatzea dela,… Bere ikusian, doakotasuna da hain justu ere “jubilatuaren pribilegiorik” handiena, bizitza doanik bizi ahal izatea, errentagarritasuna eta produktibitatearen presio gupidagabearen morrontzapean ibili beharrik gabe.

Igor Goitia

Ttirritta, doakotasunetik bizitzen dakien hori!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude