Ez zitzaion samurra egin Gandiagari inurri izatetik ttirritta izatera pasatzea

Ez zitzaion samurra egin Gandiagari inurri izatetik ttirritta izatera pasatzea – 

Ez zitzaion samurra egin Gandiagari inurri izatetik ttirritta izatera pasatzea

Gandiagak Asisko San Franziskok ttirrittari zuzendutako arreta eta aipamena hartu zuen eredu bere bizialdiaren azken txanparako (zuzeu.eus/gandiagaren-ttirrita-bizimolde-sakona). Alabaina, ez da inondik inora berria ttirritta eta inurriaren ereduak elkarren ondoan kontrastean jartzea; ttirritta eta inurria aurrez aurre agertu ohi dira alegi eta ipuinetan, bata bestearen kontra, txitxarra kanta eta kanta, inurria, aldiz, lan eta lan. Euren arteko muturreko aldeaz gain, ezin uka ekarri dioten ezinikusia ere. Hein horretan, bizitza-ereduen arteko talka horretan ikusten du oso islatua bere burua Gandiagak:

“Ttirritta -txitxarra- naiz, izan».
Ttirritta naiz ni
uztaileko iratzeak
bezalako berdea
Matxinsalto antza badut ere
ez naiz matxinsalto
Kantatzea zait gustuko
kantuan berriz hasi eta hasi
aritzea
amaigabeko hasi eta hasi
amaibakoan.
Txindurriek ez naute
bistan ikusi nahi
besterik gabe” (Biziminez, 25)

“Txindurriek ez dute bistan ikusi nahi”, hala sentitzen du bere burua Gandiagak eta hala adierazi ohi zuen olerki honetan zein besteetan, argi eta aho-bizarrik gabe. Orain inurriak ditu aurka, eurak dira Gandiaga ulertzen ez dutenak. Nago, dena den, ziurrenik, zenbait eta zenbaitetan jasoko zituen erasoak eta ulertu ezinak ez zetozkiola soil-soilik kanpotik; maiz askotan bere barnean bazter utzitako aurreko bizimoldera, lehengo inurri eredu horretara, berriz ere erakartzeko deiak sentituko zituela sutsu. Azken batez, bera ere, ordura arte, 45 urtez inurri hutsa izandakoa da eta eredu hori oso ere oso zuen barneratua ezinbestez. Bererarentzat, ttirrittaren aldeko hautua, ez da zirt edo zart harturiko erabaki bat, askotan nahitik, desiratik zuen artean asko; artean ez da zin-zinez eta bene-benetan ttirritta, hala nahiko luke, bizimolde eta bizitza ikuskera horretara abiatu nahi du, zailtasunak zailtasun eta atzera egiteak atzera egite:

“Ohizko bizimodu zeregintsuari ihes egin nahi diot, inurriak gorabahera (aspertu naiz inurri izatez), ez dut pilatzaile-lanik egin nahi, ttirritta bezala, irabazirik gabeko kantari oparotsu izan nahi dut. Ez dut izan nahi euli, «ezer onik egin ez eta besteen lana alperrik galtzen zutenetarikoa… Eulia eta ttirritta bereizten ez dakitenengandik jaso beharko dut zimiko zorrotzik” (Biziminez, 76)

Gandiagaren ikusian, San Frantziskorenean izan zen moduan, ttirrittak ez du euliarekin zerikusirik batere. Eulia, izatez, alperra da, alper hutsa da. Hala deitzen zien Frantziskok fraide alperrei, euliak, euli alperrak. Alabaina, eta Gandiagak goiko olerkian ondo adierazten digun moduan, jakin behar da euli eta ttirritten artean ondo bereizten; alde handia baitago euren izan moldeen artean, eulia alper hutsa da eta ttirritta, ostera, errealitateari kantatzeari dago emana bete-betean.

Handia da zinez Gandiagak bere bizitzari eman asmo dion buelta, bere bizimoduari eman nahi zion errotikako aldaketa. Halere, barne-barnean oso ondo zekien betidanik inurri izan nahi zuela, nahiz-eta, zirkunstantziek hala agindurik, inurri izan behar izan zuen ordura artean. Kontuak horrela, eta gorago esanda moduan, erabakia ez zen erreza izango inondik Gandiagarentzat:

“Ausardia handia beharko dut hartutako erabakia aurrera ateratzeko: Lehenengo, inurri itxura eman dut orain artean, inurri itxura ematen saiatu naiz behintzat. Gero, inurri-pentsamoldea duen jendetartean bertan jarraitu gura dut, ahal izatera, eta denen aurrean aitortu eta bizi izatera eraman ttirritta izateko nere gogo eta erabakia” (Biziminez, 77)

Erabaki honek, hain justu, bere bizitzako krisirik handiena eragin zion (AGIRREBALTZATEGI, cfr, 58). Eskizofrenia moduko batean murgilduta bizitzera emango zuen harturiko erabakiak; “Jokabide horrek (zintzotasunezkoak), inurri langile perfekzionista izan behar horrek, krisiraeroan eban gizaki kezkaz beterikoa” (I.SARRIUGARTE, Hitz Lauz Idazten, 30). Denbora galtzen ikasi behar duela gizakiak, eta berak berorrek, esana ziola psikiatrak aitortu zuen Gandiagak behin baino gehiagotan. Denbora galtzen ikasi, astia irabazten ikasteko, esana zuen inoiz, “inurritasunetik” “ttirritasunera” igaro ahal izateko behingoagatik.

Igor Goitia

Ez zitzaion samurra egin Gandiagari inurri izatetik ttirritta izatera pasatzea

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude