Egokitzapena

Barikua bigarren eguna genuen. Lurrean etzanda geundela hezitzailea hurreratu eta esan zigun, “ea zer moduz astelehenetik aurrera, haurra bera bakarrik. Aitatxok pena izango du” (!?!?). Bea Salaberriren txioarekin akordatu nintzen derrepente.

Gure bigarren xitoa haur eskolan hasi zen egunean, egokitzapena zela-eta, nik neuk ere gelara bueltatu beharra izan nuen, ordubete bi egunez; bigarrenean kafetxo bat hartzera bidali baninduten ere, Lo lasai zegoela-eta.

Gero, astelehenetik aurrera, apurka-apurka denbora tartea luzatu genuen; beti ere umearentzat mesedegarria delakoan. Lehen egunetik irrifartsu hartu izan du haur eskola Lok, oraindik ere urte luzez gainera datorkionaz ohartu ezinik.

Bigarren xitoak haur eskolan ikasturte osoan zehar izango duen ordutegia osatu zuenean, oraindik egokitzapenean zen lehenengo xitoa eta, beraz, ordu batean txikia aldean hartuta joan behar izan dut nagusiaren bila beste aste betez; bazkaldu eta gero, ordu bietan baitzuen irteera Tek. Bost urterekin bi aste behar izan ditu arrastira arteko ordutegira heltzeko.

Bai lagun, egokitzapena deitzen diote honi hezkuntzan (seinen eskolaratze mailakatua eta aitamentzako anabasa lehen egunetan); gurasoa denak ondo daki zertaz ari naizen.

EgokitzapenaEta kontuz, ez dut zalantzan jarri gura egokitzapenaren egokitasuna, batzuetan zozokeria bat dela pentsatu izan dudan arren, ez, ulertzen baitut onurak izan ditzakeela haurrengan. Kontua da ez dudala ulertzen nola den posible, amek eta aitek etxetik kanpo lan egiten duten garaiotan, nola demontre den posible gaur ordu bat, bihar bi eta etzi hiru eskolara adi egotea, beharretik kaleratua izan gabe. Zelan?

Jardunaldi malgu edo murriztua izan ezean baduzu lana eskola ordutegietara moldatzen, lagun.

Ez da kontu erraza; bi aukera okurritzen zaizkit, eta… ezdakipa. Baga, aitite-amamak ilobei estu lotu eta hauen zaindari (eta gidari) ofizial izendatzea, gaixotzeko edo Mediterraneo aldera jotzeko aukerarik eman gabe, zeresanik ez Historia del Arteko ikastaroetan izena ematekoa. Marka da gero, behin jubilatu eta gero seme-alabengandik egunero-eguneroko betebeharra jasotzea.

Biga, umezaina (edo neskamea) kontratatzea, ahal dela jatorra, euskalduna eta… merkea. Aukeran, etxea garbitzen dizun horixe bera -Pikarak eztabaidatu zuen honetaz-. Argi berba eginda, umeak `gobernatzea┬┤ etxeko lanen parte baita, etxekoandreen kontuak; eman buelta bat edozein eskolako patiotik.

Kontuak kontu, eta basatzara bueltatuta, atzo astelehena egun handia izan da gurean, Lo eta Te, halako batean, ordutegi osoz eskolaratu baitira. Eta ez zaitezte haserretu nirekin baina… desiratzen nengoen!

Aldarrikatu gura nuke, biharko ahal bada, haurren eskola eta gurasoon lan ordutegietan ere egokitzapena edo oreka. Hau al da kontziliazioa deitzen duten hori?

Egokitzapena

Egokitzapena, haur eskola, kontziliazioa, ordutegiak

2 pentsamendu “Egokitzapena”-ri buruz

  • Iparraldean ez da holakorik.
    Beti entzun diet bestaldeko lagunei “egokitze” fase horrena. Ez nuen ulertzen zertaz ari ziren. Orain jada bai.
    Eta gaitza iduritzen zait.
    Hemen, ikastolaren lehen egunean, egoten gara haiekin tarte batez. Ordu bete gehienik eta gero gomitatzen gaituzte lekutzera. Haurrak negarrez edo pozik. Baina bagoaz.
    Eta uste dut hobe dela horrela. Eskolako adina dutenean haurrek, aitamek aspaldian dute berriz hartua lana, lan erritmo bat eta ordutegia egokitua haurtzaindegietara joateko, hitzorduak kalatzeko eta beste. Haurrek ere ohitura dute beste norbaitekin egoteko egun osoa. Beraz bada emozinalki azkarra eskolan sartzea baina sinbolikan nik uste, haur-aitama banaketan baino.
    Ontsa iduritzen zait nahiz piskat zaila izan, haurrak eskolan hasi eta ez egotea “ipurdia bi aulkiren artean”. Gaur bai, bihar ez, gaur ordu bat, bihar hiru…. etab….
    Zuenean egokipen fase hori hain progresiboa, pixkanaka, eta luzea izatea, ez dakit zeren/noren probetxuko den.

  • HIrugarren aukera bat ere existitzen da Anartz maitea. Eszedentzia deitzen zaio honi eta konbenioetatik haratago ,soldatapeko langileen eskubidea da ( orain mundu guztia autonomoekin gogoratuko da bere burua zuritzeko ariketa miserablean) .
    Baina hara, gizarte kapitalista honetan, “produktibo” izatea denean balore garrantzitsuena haurrak eta zaharrak soberan daude.
    Gero, gure seme-alabak emozionalki orekatuak izatea nahi dugu. Baina nola horrelako gurasoekin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude