Euskaraz Bizi Nahi Dut film labur lehiaketako sarituak

Kontseiluak Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren laugarren edizioaren sari-banaketa gala egin zen atzo. Iaz egin bezala, bi kategoriatan banatuta egon da sariketa, profesionalena batetik eta amateurrena bestetik; hiruna sari banatu dira kategoria bakoitzean.

.

Iker Azkoitiaren “Semeak” film laburrak irabazi du profesionalen atalean.

“Filmean zerbait desberdina egiten saiatu dira eta horri balio handia eman dio epaimahaiak… Hizkuntza ikasteko arrazoien beste ikuspegi bat azaltzen du… eta hainbat topiko hausten du” laburrak, epaimahaiaren iritziz.

.

Mattin Zeberioren “Nire eguneroko hautuak” gailendu da amateurretan.

Epaimahaikideen ustez, “filmak erritmo bizia du eta oso ondo kontatzen du nahi duena, alegia, norberak egiten duen hautua euskaraz bizitzeko. Film dinamikoa da, bai eta arina ere”.

 

Gainontzeko sarituak

Profesionalen atalean, Patxi Basaberen “Lasterketa” film laburrak jaso du bigarren saria; kalitate teknikoa nabarmendu du epaimahaiak. Eta hirugarrena Pere Galbeteren “Josuneren bidaia” film laburrak eskuratu du; “ideia oso interesgarriak” jasotzen dituela azpimarratu dute.

Amateurretan berriz, Egoitz Albizuren “Balu eta balitz” filmak erdietsi du bigarren saria, “mezu interesgarria” zabaltzen duela ondorioztatu baitu epaimahaiak. Hirugarren saria Andrea Merinoren “Zentzu guztietan” filmari ematea deliberatu dute, “askotan erabili den ideia bat baliatu arren, dotore egiten duela” iruditu baitzaio epaimahaiari.

Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak, Donostia Zinemaldiko zuzendaritzako kide Maialen Belokik eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok osatu dute aurten epaimahaia.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek parte hartu duen galan, lehiaketara aurkeztu diren lanetatik hamar onenak ikusteko aukera izan da. Eta gainera, aurreko urtetan bezalaxe, eskertzarako tartea ere egon da. Aurten, Zinea.eus atariko sortzaileei egin zaie omenaldia; “zinemazale euskaldunentzat espazio birtuala sortzen egindako lana” saritu asmoz.

.

PROFESIONALAK

  • “Semeak”, Iker Azkoitia (1. saria)
  • “Lasterketa”, Patxi Basabe (2. saria)
  • “Josuneren bidaia”, Pere Galbete (3. saria)

 

AMATEURRAK

  • “Nire eguneroko hautuak”, Mattin Zeberio (1. saria)
  • “Balu eta balitz”, Egoitz Albizu (2. saria)
  • “Zentzu guztietan”, Andrea Merino (3. saria)

.

Saritutako lan guztiak www.euskarazbizinahidut.eus atarian dituzue ikusgai.

Baita epaimahaiaren ebazpena oso-osorik ere.

Euskaraz Bizi Nahi Dut film labur lehiaketako sarituakEuskaraz Bizi Nahi Dut film labur lehiaketako sarituak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.