Egin dezagun otoitz

Egin dezagun otoitz

Berriki –duela bi egun hain zuzen ere– Nafarroako lehendakariak urtero Iruñeko katedraleko Ama Birjinari egiten zaion eskaintzan parte hartu eta laguntza eskatu zion gizarte hobea eraikitzeko. Gainera, otoitz egin zuen lanik aurkitzen ez dutenen alde, bai eta eri edo baztertuak daudenen alde ere. Eri daudenek naski ospitale egokiak behar dituzte otoitzak baino gehiago, eta, horregatik, ni Ama Birjina banintz (tira, mintzatzeko manera bat bertzerik ez da, hipotesia aise adierazten baita, baina zaila da benetan Ama Birjinaren lekuan sartzea: uso batek iragarri balit jainkoaren semea ekarri behar nuela mundura, baliteke ni ere jainkotu samarra sentitzea eta, beharbada, gauzak bertze modu batez ikustea); beraz, ni neroni izateari utzi gabe, Ama Birjina banintz, harrituko nintzateke ikustean osasun sistema publikoaren kalitatea hondatzeko eginahal guziak egin dituenak eri daudenen alde otoitz egiten duela. Baina hor dago koxka: ez dakigu koherentzia inportantea ote den otoitz egiteko tenorean, eta, oro har, gardentasun falta nabaria dago Ama Birjinari, sainduei eta bertze zeruko biztanleei gauzak eskatzeko kontu honetan.
Nolanahi den ere –eta akaso gardentasun falta horregatik–, aspaldi honetan, politikarien artean modan dago otoitz egitea eta naturaz gaindiko laguntza eskatzea: Espainiako Barne ministroak Santa Teresaren bitartekaritza aipatu zuen, eta Lan ministroak Rocioko Ama Birjinaren babesa bilatu zuen, krisitik ateratzen laguntzeko. Politikarien artean moda berri samarra dena, aspaldiko kontua da futbolarien eta futbolzaleen artean. Aurten, adibidez, Xabierrera abiatutako batzuek erraten zuten Osasunaren alde zihoazela gaztelura. Halere, Osasuna bigarren dibisiora jautsi zen: beraz, zer ondorio atera beharko genuke hortik? Osasunaren alde Xabierraldia egin zutenek ez zutela fede nahikorik? Otoitz egitean eskatutakoa, zeren arabera ematen zaio otoizlariari? Zein irizpide erabiltzen dira eskaera bat ontzat edo txartzat emateko? Are gehiago: futbol –edo bertze edozein kirol– partidetan, baliteke bi taldeen zaleek –eta baita jokalariek ere– jainkoari, jainkoaren amari edo auskalo zer sainduri eskatzea beren taldeak irabaz dezala; horrelakoetan, nola erabakitzen du zeruan ardura hori duenak garaipena nori eman?
Bertzalde, hor problema moral bat ere sortzen ahal da: demagun bi talde ditugula; bata arrunt katolikoa, eta bertzea ateoa. Demagun orain talde ateoa jo eta su aritu dela entrenatzen eta bere burua partidarako prestatzen; eta talde katolikoa alferkeriaren bekatuari emana pasatu duela astea –gauzak oraindik gehiago makurtzeko, jokalariren batek pentsamendu lizunak ere izan ditu–. Halere, jarraitzaile katoliko guziek indar handiz egin dute otoitz beren taldearen alde. Bidezkoa eta zuzena litzateke talde katolikoak irabaztea? Logikoena entrenatu duenak irabaztea litzateke, baina miraria, naturaz gaindikoa horixe da, ezinezkoa edo ilogikoa dena gertatzea.
Nire ustez, azterketetan eta lana eskuratzeko etsaminetan bezala, aldez aurretik otoitz egiteko oinarriak publikatu beharko lituzkeela elizak, eta horrekin batera puntuak lortzeko irizpideak eta auzoko parrokian aurkeztu beharreko agiriak. Adibidez: eskale bati txanpon bat eman izana: puntu 1 (eskaleari erreziboa eskatu behar zaio); homosexuala izatea baina handitan bertze sexuko batekin kristauki ezkontzeko asmoa izatea: 1.000 puntu (zinpeko adierazpena). Adinaren arabera ere mailakatzen ahalko lirateke puntuak: aste honetan masturbatzeko tentaldiari hiru aldiz eutsi izana: 60 urterekin, 0’05 puntu; 16 urterekin, 100 puntu (ohatzeko maindirea –xuabe-xuabea– aurkeztu beharko litzateke).
Bertze aukera litzateke pentsatzea futbol talde bati berez entrenatzea dagokiola, eta politikari bati politika egokiak egitea, eta ez inolaz ere otoitz egitea. Barcinak katedralera eginiko bisitaren kontura Txiolari batek (Twitterreko profilean apolitikoa dela dio, eta egia omen da, bere iritziek beti bat egiten baitute PPrekin, eta hori, dudarik gabe, apolitikoa izateko modu bat da) hauxe idatzi zuen: “Kritikatzekotan, politiko katoliko batek gizarteko problemak konpontzeko otoitzik ez egitea kritikatu beharko genuke”. Duela urte batzuk, zenbaitendako –niretako, adibidez– eskandalagarria zen Nafarroako Ezker Batuko bikote batek –senar-emazteak ziren, baina ez du balio izenik ematea– seme-alabak eskola pribatu batera eramatea; behin, horixe aurpegiratu zion bietarik bati Barcinak Iruñeko udaletxean, eta kritika horren aitzinean, Ezker Batukoak erantzun zuen eskubidea zutela nahi zuten eskola aukeratzeko, hura kontu pribatua baitzen. Eta arrazoi zuen, edo kritika gaizki egina zegoen: niri ez zitzaidan gaizki iduritzen umeendako nahi zuten eskola pribatu edo kontzertatu bat aukeratu izana (nahiz eta nire hautua bertzelakoa izan); niri gaizki iduritzen zitzaidan hautu hori egina zutenak Ezker Batuko buruzagiak izatea. Orobat, ez zait gaizki iduritzen txuleta bat jatea (are gehiago, neronek gustura jaten dut haragia), baina, zer nahi duzue, arraroa eginen litzaidake begano ultra-ortodoxoen elkarteko lehendakariak egunero aratxea janen balu. Beraz, Yolanda Barcinak edo bertze edozein katolikok otoitz egitea, arrosarioa errezatzea edo egunero bi aldiz mezatara joatea ez zait gaizki iduritzen, ezta problemak konpontzeko bide nagusia zerutik etorriko zaigun laguntza dela pentsatzea ere. Gaizki iduritzen zait hori egiten duena inongo presidentea izatea. Otoitz egin nahi izatera, bai bailituzke delako horrek tokia – komentua– eta lanbidea –moja–.
Hala izan bedi.
Amen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.