EH Bildu eta ezker independentista

EH Bildu eta ezker independentista

Duela egun batzuk EH Bilduko eledun ezagun batek «ezker independentista osoaren bozka EH Bildun pilatu dela» esan zuen. Adierazpen horren ildora kezka batzuk plazaratzeko gogoa piztu zait, Bilduren aldeko grina apaltzen ari dela uste baitut.

2012ko Hego Euskal Herriko udal hauteskundeetan bozka uholde batek aldebakartasunaren estrategia bermatu ahal izan zuen. Bilboko kaleetan desobedientziarako prest ginela adieraziz, ilegalizazioaren mehatxua gainditu genuen. Hauteskunde horiek zorioneko uneak izan ziren azkeneko hamarkada luze hauetan ETArik gabeko ezkerreko independentismoa bultzatu nahi genuontzat.

Baldintza zailak, epe laburra, eta halere, emaitzak itzelak izan ziren: bigarren indar politikoa, EAJtik oso hurbil, eta, hedapen geografikoari dagokionez, ordezkapen orekatuagoa beste alderdiek lortu ohi dutena baino. Ipar Euskal Herriko egoera ere itxaronpetsua, ipar isurialdean azkeneko hamarkadan ezkerreko abertzaletasunak gorakada handia izan baitu eta Bilduren aurrekaria, EH Bai, egonkortzen hasita zegoen.

Hiru urteren buruan, berriz, garapena ez da gertatu batzuek uste genuen moduan, eta abiadurak bainoago, edukiek kezkatzen naute. Jakin badakigu lauzpabost hamarkadatako inertziak ezin direla hiru urtean gelditu, baina lemalariek hartu duten norabidea ez zait batere gustatzen.

2012ko emaitzek bi ate nagusi zabaltzen zizkiguten: lehengoa, tresna politiko eta zibilaren bidez eta aldebakartasunaren estrategiaz burujabetzarako jauzi kualitatiboa eman ahal izatea; bigarrena , euskal abertzaletasunean Ipar zein Hego Euskal Herrian ezkerra EAJ behin betiko gainditzeko modua zegoela.

Tamalez, nire ustez, emaitza horiek kudeatzeko garaian irudimen falta oso larria izan da. Egia da Bilduko zerrendak egiterakoanAlderdien Legearen eraginez baldintzak gaiztoak zirela. Egia, era berean, tradizio politiko ezberdinetatik zetozen pertsonak elkartzeko askoz denbora gehiago behar dela. Zerbait ezberdina espero genuen askok, ordea. 365.000 bozka horiek indar handia ematen zioten/diote ezkerreko independentismoari, baina arestian nioen bezala, ahalmen hori ez dute garatu nahi izan eta politika tradizionalaren bideak jorratu dira.

EH Bilduko eledunak «ezker independentista osoaren bozka» pilatu dutela zioen, eta neurri handi batean horrela da eta horrela izango da ziur aski hurrengo hauteskundeetan, beste zerrendarik sortuko ez baita (batzuk Podemos-ekin liluratuko dira akaso). Bozka ematera joango diren ezkerreko independentista guztien bozka lortuko du EH Bilduk, baina burujabetzaren aldeko prozesuaren kalterako, nire ustez, EH Bilduren jardun politiko osoa egungo erakundeetan kokatu duelako eta aukeratu duen taktika politikoak menpetasunera eraman gaitzakeelako. Menpetasuna Estatuen indarrekiko, menpetasuna independentzia eta eraldaketa soziala sekula bultzatuko duten alderdien laguntza behar dugula sinarazi nahi dutelako.

Aralarreko eledunek EH Bildu osatzen duten lau alderdiek erakunde bakarrean bat egin behar dutela proposatu dute. Ezker Abertzalearen enbor nagusiaren zatiketa batetik datorren arren, Aralarrek egin berri duen proposamena koherentea da, Batasuna prozesutik at geratu zirenetik hori bultzatu dute-eta. Jardun armatuaren kontra ginelarik ezkerreko independentismoa elkartzea proposatzen genuen beste sektore batzuei, berriz, Aralarrek eta beste batzuek egin duten proposamena ez zaigu erakargarria.

Euskal Abertzaletasuna korronte sozial, kultural eta politiko gisa jaio zen. Frantziar eta espainiar nazionalistek esaten dutenaren kontrara, hastapeneko euskal abertzaletasuna garaikideak ziren ideologia aurrerakoien parean koka zitekeen. XX.mendean euskal abertzaletasunean korronte kontserbadoreak nagusiak izan dira eta horiek EAJn aurkitu dute tresna. Ordea, euskal abertzaletasunean, azkeneko hamarkadotan, ezkerreko pentsamoldea zabaltzen eta errotzen joan da. Soziologikoki aspalditik, euskal abertzaletasunaren baitan ezkerraren balio franko nagusitu da. Gure gabezia guztiekin, 1.go munduko herritarrak baikara, baina egun ezkerrak eskuinari aurre hartu diola esatera ausartuko nintzateke.

Egun, gainera, abertzaletasunak (ezkerrekoaz ari naiz oraingoan) adierazpen sozial, kultural eta politikoak ditu. Koalizio edo alderdi bakar batean mugatu nahi izateak indarra kenduko diolakoan nago. Ezkerreko independentismoak boto-emaileen herenera iristeko gaitasuna du eta, herenen babesaz, aldebakartasunaren estrategiak askatasunera eta eraldaketa sozioekonomikora eraman gaitzake. Hori gerta dadin, ezker independentistaren esparru guztiak antolatu eta garatu behar dira: soziala, herri mugimenduekin eta jendarte sare zabalaren laguntzaz; ekonomikoak, kooperatiba sozialak, sindikatuekin eta langileen asanbladaz; kultura, kultur eragileen laguntzaz eta politikoa Fronte Zabal baten laguntzaz.

Zenbaiton ustez, aspalditik, ETA ezkerreko independentismorako zama bilakatu zen. Emaitzek oso oker ez ginela egiaztatu dutela ematen du. Zama hori gainetik kenduta, hegan egiteko moduan gaude. Esan gabe doa jardun armatuak utzi dituen kaltetuen egoera guztion ardura dela, baita preso politikoena ere, euren gainean jauzi dena jasangaitza eta onartezina baita. Haatik, bide batez, aro historiko berri batean ere bagaude eta hego berriek urrunagora eraman gaitzakete, dugun indarra kudeatzeko gai baldin bagara, bederen.

Ezker independentista alderdi politiko arrunten esparruan arituko den koalizio batez lotu nahi bada, bere ahalmen eraldatzailea apalduko da, itoko da. Fronte Zabal, malgu, parte hartzaile, herritar, plural eta garden bat herri mugimenduekin, sindikatuekin, langabetuekin eta kultur sortzaile eta eragileekin estrategia independentista adosteko gai balitz… bilakaera historikoaren norabidea gure esku legoke.

EH Bildu eta ezker independentista

Donostiarra Pasaiaratua.