EAko sektore kritikoa eta parte hartzea

EAko sektore kritikoa eta parte hartzea –

Besteen etxeko aferetan sartzea ez da egokiena, baina talde batek bere gorabehera plazara ateratzea erabakitzen duenean, irakurleoi iritzia ematen aukera ematen digutela pentsa genezake. Horrela bada, nolabait, zilegitzat jotzen dut EAko “sektore kritiko” berriak zabaldu duen iritziaren inguruko hitz batzuk argiratzea

EAko sektore kritikoa eta parte hartzeaBestalde, argazkian ikusi ditudan pertsona batzuk ezagutzen ditudalako, eta batik bat EHBildu aurretik egon zen Bilduren sorreran parte hartu genuenok garai zail hartan gertatutakoak ezagutu genituelako, interesgarria izan daiteke inpresioak konpartitzea.

Argazkian dauden pertsona batzuk ikusteak ez ninduen horrenbeste harritu, “Ezkerra” hitza “aurrerakoi” hitzaz ordezkatu nahi izan duen esparru ideologikoan kokatu baitira beti, eta hortaz, Ezker Soberanistaren kide izatea askotan ez da guztiz erosoa izan horietako batzuentzat. Euskal Herriko sozialdemokrazian, Europako sozialdemokrazia osoan bezalaxe, krisi larria dago eta alderdi sozialdemokratetan aritutako kide askok egungo testu-inguruan hautatzeko beharra izan dute. Askok ezkerrarekin bat egitea erabaki dute, besteek asmakizun berrira hurbildu nahiago izan dute, sozial-liberalismoara, alegia. Gertu ditugu mugimendu horren adibideak: Macron, Valls, Patxi Lopez…

Ziurki sektore politiko berri honetan lerrokatu diren hainbat kide erosoago sentituko lirateke erdialdeko eremu ideologikoetan, ezker eraldatzailearen eremuetan baino. Aldiz, hautu hori ez da, itxuraz, talde honek plazaratu nahi izan duen kritikaren muina, eta horregatik harritu ninduen agerraldi publikoak, ideologiaz hitz egin beharrean partehartzeaz mintzatu direlako.

Batik bat harrigarria da salaketa hori une honetan entzutea, EHBilduk berezko izaera hartzea erabaki duenean, eta kongresu eratzailea egiteko ateak zabaldu dituenean.

Susmagarria, argazkian daudenetako askok ez zuten-eta inolako arazorik izan zerrendetan egoteko bereak eta bi egiteko. Bilduren hastapenean barne demokrazia zantzurik ez zegoenean, alegia. Lehengo zuzendaritzaren aginduak betetzea sariak jasotzeko bidea zelarik, arrapaladan eta otzan joan ziren toki eske, eragozpen gutxi garai hartan. Aitzitik, hasieratik partehartze-eza eta gardentasuna-eza EHBilduren arazo larriena izan zitekeela salatu zuten sektoreek jasan zuten bazterketa politikoan maisu izan ziren sektore kritiko honen ordezkari batzuk.

Beraz, nik behintzat, talde horren gidari dabiltzan jendearen diskurtsoa ez dut sinesten. EHBildu demokratizatzeko eta birsortzeko egiten ari den ahalegin honi beldur dion politikari profesionalen mugimendu taktikoak besterik ez ditut ikusten, EHBilduren baitan alderdien kuoten sistemari eutsi nahi dion gure kasta txiki bat.

Paradoxa bat mahaigaineratu dute, euren alderdiaren barruko barne demokrazia gehiago eskatzea, barne botere-harremanetan aldaketa bat sortze aldera, hori lortutakoan, EHBilduren berfundazioan partehartzeari mugak jartzeko, horra!!!

Eta berriro esan nahi nuke ur hauetan sartzen naizela talde honek euren proposamena hedabideetatik helarazi nahi izan duelako, eta ikusle partaide izateko aukera eman digutelako. Esan gabe doa, talde horretan, ala edozein talde politikoan, ari den militante-boluntario guztiekiko nire elkartasun eta errespetu handiena dudala, ederki baitakigu politikan aritzeko toki askoz erosoagoak eta errazagoak egon badaudela, eta jakin badakit, bertan izena eman duten asko zintzotasun osoz ari direla.

EAko sektore kritikoa eta parte hartzea

Donostiarra Pasaiaratua.

18 pentsamendu “EAko sektore kritikoa eta parte hartzea”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2017-05-10 16:03

    Zalantza batzuk: Nafarroan militante franko “NaBai 2011” eta Geroa Baira alde eginda, Hamaika 1 grupuskuloa sortu eta EAJn desegin ondoren, zenbat aktibo gelditzen ote zaizkio EAri? Eta gelditu diren horiek dauden lekuan gustora ote daude?

  • Patxi Azparren 2017-05-10 16:40

    Alderdi politiko guztiak “minimoetan” daude. Militantzia politikoaren krisi larria dago. Erakunde politiko guztiak birfundatu behar dira, bestela, den-denak kobratzen duten liberatuen esku geratuko dira.

  • Botere borrokak gorabehera, EHBilduren egiazko galbidea bertan nagusi den ideologia progre-buenrrollista dela esango nuke. Estrategia elektoralista hutsaren eraginez bozka emaileak ideologizatu gabeko sektoreetan bilatu nahian, jarrera identitario sendoak (noizbait egon al dira?) alde batera utzi eta ahalik eta promesa ezkertiarrenak egiteari ekin dio aspaldi, kristo guztiari independentziaren bidez hau paradisu progrea izango dela sinestarazi nahiaz.
    Ez al da inor konturatu, ordea, alde batetik progreek arazo nazionalataz paso egiten dutela? Eta bestetik, ideologia progre horrek berak gure herria desagerpenera daramala uste baino lehenago?
    Bada garaia egiazko abertzaleek planto egin eta zoramen hau geratzeko, gauzak argi adieraziz. Edo espabilatu, edo pixkanaka-pixkanaka hiltzen joan, herri honek ez du beste aukerarik.
    Uste baina gehiago gara esnatzen ari garenak, goazen bat egin eta herri hau aurrera ateratzera!

  • ganbaratxotik 2017-05-10 19:13

    Nere ustez euskal alderdien mapa pollitikoa egituratzen ari da. Tratsizio horretan bi haizek eragiten diote puzzleari egonkortasuna lortzea oztopatuz. Batetik borroka armatuaren zikloaren bukaeraren ondorengo giroa eta bestetik Europako ezkerraren krisia. Alegia, dekantazio-fase batetan gaudela. Borroka armatuaren bukaerararekin posizio ideologikoak ez ziren zehazten, polarizazioa erabatekoa zen. Orain berriz gauzak normalizazio bidean daude nahiz eta bere denbora beharko den.Zer da herri-gizarte normala Europa mendebaldean? Oinarrizko mapa politikoa osatua duena, lau gurpileko gurdia: eskuina (abertzale) muturrekoa eta erdikoa eta ezker(abertzale) muturrekoa eta erdikoa. Instituzioetan alternantzia bermatuko duena(gardentasuna eta kudeaketa egokia) eta bestetik gizartea dinamizatuko duena.
    EAko militante edo kargudunen ezinegonaren jatorria hor ere egon liteke, dekantazio-fase horren baitango noraez horretan.

  • Patxi Azparren 2017-05-10 19:49

    bai, nik ere gakoetako bat hor dagoela uste dut “ganbaratxotik”, Hego Euskal Herriko eskaintza abertzalea sinplifikatutakoan, dekantasio-fase hori bukatzeke dago.

  • Nire ustez Bilduko operazioak Herri Batasunak 80 hamarkadan egindakoaren parekoa da. Lehenengo alderdi desberdinak bildu eta aniztasun piurak eskaini. Gero, goitik eta behetik eragindako prozesuaz ANV desitxuratua gelditu zen, ESB desagertua, LAIA hobiratua… Eta ezker abertzaleko aparailu klasikoak gelditu ziren finki: HASI alderdia, LAB sindikatua eta JARRAI gazte erakundea.
    Oraingo operazio honek iragarri egiten zuen SORTU alderdiak ABIAN ponentzian Fronte Zabalaren izaera aldarrikatuz. Beraz, goitik ezarritako prozesu bat da non eta noski independiente eta bestelako saltsen bidez demokratizazio itxura eman nahiko zaion koalizioari. Baina arraina saldua dago eta labean irakiten. Hori badakite EAko hoiek eta ikusten dute EA galzorian gertatuko litzatekeela horrelako prozesu baten azpian. Hau da, orain arte izan duen erakunde independientea galduko litzatekeela, SORTUk dekretatutako prozesuaren mesedetan. SORTUk soka motzagotik lotu nahi du Bildu eta hortara doa. Herri Batasunak berdina egin zuen eta horregatik ez zen desegin alderantziz baizik goitik behera datorren ikuspegi leninista eta kontrolatzailea. Ezker abertzleko hauek beren botere pausoei beti itxura polita eman nahiean! Exitoa badute, RIP EA.

  • Patxi Azparren 2017-05-10 21:27

    Ba ez Bentazar jauna, ez dut uste egiten duzun narrazioa egiteko asmoa dutenik. Ezker Soberanista eta independentista dagoeneko esparru soziopolitiko zabala da, adierazpen ezberdin dituena eta izango dituena. 80. hamarkadako eskemek ez dute balio. EHbildu osatzen duten lau alderdietako kideek badakite. 6 urteko esperientzia egon da eta gehiago ala gutxiago gustatu arren, esparru zabal eta anintz hori modu eraginkorrean antolatzeko era bakarra aniztasuna errespetatzea da. Aniztasun hori ikusi, entzun eta nabaritu behar da. , egun ezkerra oso zbala delako eta erealitatea oso dinamikoa delako.

  • Barkatuko didazu Patxi baina SORTUk eragin du Bilduren ber moldaketa, frente zabala deitu dio eta bertan eskua sartu du hori aurrera eramateko. Horrek kontraesanak sortu ditu EAn eta auskalo zer gertatu daitekeen.

  • Patxi Azparren 2017-05-10 21:59

    Sortuk beharra erabatekoa dela ikusi duelakoan nago. Fronte Zabal hori berme demokratiko guztiekin eratzen bada gehiengoak erabakiko duen norabidea hartuko du. .

  • Gehiengoaren erabakia, kasu hontan, ez da demokratikoa, alderdi politiko bati dagokiolako, EA, eta honek berezko nortasuna du. Arazoa da EAk utziko dion Bilduri bere barruan eskua sartzen ala ez. Eta bai bada, orduan EArenak egin du, txotxongilo astingarri bat gertatuko da SORTUren komisarioen eskuetan.

  • Patxi Azparren 2017-05-10 22:21

    Gauzak ondo eginez gero, lau alderdiek berezko erabakiguneak izango dituzte eta berezko eremu ideologikoak. Eta arrakasta izanez gero, EHbilduren baitan arituko diren kide gehienak lau aldedietatik kanpokoak izango direla uste dut. Hau da, Fronte Zabala osatzea guztion onerako izan liteke, alderdiek handitzeko aukera izango dutelako; eta alderdi horietatik at lerrokatuta gaudenok berme demokratikoez parte hartzeko bideak arautuko direlako. Erabateko gardetasuna nagusituko ezean, alderdi zaharren jokabide zaharkituak ez dira bukatuko eta EHbilduk ezin izango du bere oinarria zabaldu. EAko sektore kritiko esaten duenaren kontra ari da gertatzen, EHbildu aurautzean, oinarria zabaltzeko eta aniztasuna handitzeko parada iritsi ahal da.

  • EAkoek ikusi beharko dute komeni zaien beren estrategia eta bere ideologia fronte zabal baten azpian edukitzea. Hor badira batzuk esaten dutenak EAk ez duela berezko nortasuna galdu behar eta galduko duela bere goiko ejekutibak nahi duena betetzen bada eta era berean SORTUk eragindako organigrama inposatzen bada. Herri Batasunarekin egin zen gauza bera egin nahi da: itxura difuso-likido baten bitartez arrain gehiago sareetara biltzea. Gauza berdina egiteko garai berri bat irudikatu nahi da. Aniztasunarena, barkatuko didazu berriz ere, ez dut inondik inora sinesten, gauzak arautzean gauzak itxi eta estutu egiten baitira eta nik uste dut beharrezkoagoak behar direla alternatiba politikoen artean autonomia dois gehiago, kontuan harturik ezker abertzalearen politika interbentzionismo etengabe batean oinarritzen dela. Ez dago berezko antsi baterako ere aukerarik ematen. Bai, garai batean HBk eman zuen aniztasun itxura hori. Errepikatuko al da? Baina dena planifikatua dago eta klaro sorpresa, berrikuntza eta demokrazia gehiagorako oso aukera gutxi.

  • Patxi Azparren 2017-05-11 09:23

    Ezker Abertzalea eta ezkerreko independentismoa beti oso zabala izan da. HBk ezkerreko independentismo horren enbor nagusia egituratu zuen, baina lehen ere ezker abertzale soziologikoa hori baino zabalagoa zen. Ipar Euskal Herria AB izan da eta da ordezkaritza zabalena duena. Orain zer esanik ez, eremua zabalagoa da, esparru berri batzuk independentismora hurbildu direlako; borroka armatua amaitu delako eta kapitalismoak forma basatia berreskuratu duelako. Ezker Independentista soziologikoak hainbat adierazpen izango ditu, politikoa, sindikala, herritarra…esparru horren motorretako bat EHbildu izango da eta ondo ateratzeko modua aniztasunak ematen duen indarra erabiltzea. Beste garai bateko metodoek ez dute balio.

  • Ezker abertzalea oso erakunde zentralista eta dirigista izan da beti. Bere hasera haseratik, ETAk montatu zituen bere aparailu politiko, sindikal eta masetakoa eta gehienekoz bestelako indar politikoekin aliantza batera iritsi da. HBn kasuan argi dago Batasun Herrikoia mortala izan zela parte hartu zuten partidoentzat, ESB, ANV eta LAIA. Ezker abertzaleak ez du besterik ulertzen, Fronte Zabala konzeptua bera, mugimendu iraultzaile baten eratze modu bat, berez EA alderdi politiko gisa duen independentzia apurtu egiten du, bere estrategia konzeptu horretara makurtzen duelako. Beste garaiko metodoak errepikatu eta aplikatu egiten dira, ezker abertzaleak ez duelako biraketa ideologikorik izan nahi.

  • “(…) besteek asmakizun berrira hurbildu nahiago izan dute, sozial-liberalismoara…” esan duzu testuan. Nondik atera duzu sozial-liberalismoa asmakizun bat denik? Korronte edo ideologia bat da, besteak bezain legitimoa.
    Wikipedia: https://es.wikipedia.org/wiki/Socioliberalismo (Gaztelaniaz, euskaraz ez baitago horren sarrerarik)

  • Patxi Azparren 2017-05-11 13:08

    kaixo “bat” arrazoi duzu, ez da korronte berria, berria nioen pertsona batzuentzat , Macron aipatzen nuen esprexki. Sozialiberalismoan, esaterako UPy D kokatu zen.

  • Joxan Garaialde Manterola 2017-05-15 14:48

    Ados nagok hirekin, Patxi. Dena dela, “Bentazarri” erantzutea, nire ustez, alperrikakoa duk, ordularia atzeratuta baitauka. Oraindik Fronte Zabalez ari duk, eta hori, EH Bilduren aureko zuzendaritzak, estabaidarako, proposatzen zuen alternatiba zuan. Gaur egun estabaidatzen ari dena beste bat duk, bertako lau alderdiek adostutako bidea, eta, dirudienez, “Bentazar” ez duk enteratu, ez zaizkiok dokumentu berriak iritsi.

  • Patxi Azparren 2017-05-15 18:45

    Saltseatzen, hau aurkitu dut, 2011an , Bildu egin aurretik, partehartzea aldarrikatzen genuen zenbait kidek egindako artikulua: http://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/002/2011-01-16/gehiengo_berri_baten_izenean.htm