Euskadi, behin-behineko oasi hori

Euskadi, behin-behineko oasi hori –

Funtzionarioak pribilegiatu saldo bat omen dira lan segurua eta lan baldintza bikainak omen dituztenak (denak “alfer hutsak” direla ere jakina da, noski). Gainerako langileen errealitatearekin ez omen dute zerikusirik, aparteko kasta bat omen dira, eta beraz, ez dute inolako begirunerik merezi…

Deskribapen latz hori, baina, nik ezagutzen dudan errealitatetik oso urrun dago.

EAEko Administrazio Orokorrean adibidez, Eusko Jaurlaritzaren beraren datuen arabera (Enplegu Plana), langileen %35 baino gehiago behin-behinekoak dira. Bestela esanda, 2.000 langile inguru daude Jaurlaritzak erabakitzen duen egunean kale gorrian geratzeko arriskuan.

Behin-behineko langile gehienek urte asko daramatzate gainera ezegonkortasun egoera horretan, badira 5, 15, edo 25 urtez “interino” gisa jardun ondotik kaleratuak izan diren langileak, esku bat aurrean eta bestea atzean, inongo kalteordainik gabe!

Izan ere “interino” edo behin-behinekoek ez baitute indemnizaziorik jasotzeko eskubiderik, “nahikoa zorte” izan omen dute urte luzez lanean arituta, batzuen ustez!!!

Euskadi, behin-behineko oasi hori

Areago, EAEko Berdintasun Legea onartu eta 11 urtera, EAEko Administrazio Orokorreko lehenengo Berdintasun Plana onartu du Jaurlaritzak, harro salduz “lorpena”. Alabaina, aipatutako 2.000 behin behineko langile horien artean, gehienak emakumeak dira…

Hori guztia gutxi ez eta, badira ehunka langile azpikontratatu ere, gure erakunde txit eredugarrietan oso lan-baldintza kaxkarretan lan egiten dutenak, ez egonkortasunik, eta sarri ezta soldata duinik ere jasotzen ez dutenak!

Hain da eskandaluzkoa Administrazioek urte luzez egin duten behin-behineko langileen erabilpen okerra, ELAk (besteak beste) aurkeztutako demanda baten baitan Europako Epaitegiek salatu behar izan dutela Espainiako nahiz EAEko Administrazioetan sistematikoki erabiltzen dela behin-behineko kontratazioa behar estrukturalei erantzuteko, iruzur eginez. Gainera Europak dio ez dela onargarria Administrazio publikoetako behin-behineko langileek inolako kalte ordainik ez jasotzea kontratua amaitzean.

Izan ere, oso merke irten izan zaie bertoko Administrazioei, langileontzat hain ondorio kaltegarriak dauzkan behin-behinekotasuna.

Europar auzitegiek ateratako txartel gorriak eraginda, Gobernu espainiarrak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek, “Enplegu Publikoaren hobekuntzarako akordioa” deituriko dokumentua sinatu berri dute. Akordio hori, Estatuko Gobernuak onartu duen aurrekontu-proiektuaren barne dago, eta eskasa da benetan enplegu publikoari dagokionez: LEPera atera daitekeen lanpostu kopurua mugatzen du oraindik ere, behin-behineko langileei ez die egonkortasun-bermerik eskeintzen, zenbait eremutan behin-behinekotasuna betikotzeko balio du eta Euskal Erakundeek funtzio publikoa antolatzeko eskuduntzaren aurkako eraso zuzena da, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak berak salatu bezala. Areago, Espainiar Gobernuari eskatu zion “Euskadirako ezarritako mugak atzera bota ditzala berehala” eta “euskal administrazio publiko desberdinek, hemendik eta gure premia espezifikoen arabera, behar ditugun plantilak finkatu ahal izatea, euskal herritarrei zerbitzu publiko egokia eta eraginkorra eskaintzeko”.

Sailburuordearen salaketarekin bat gatoz. Bereziki hemen erabakitzeko eskaerarekin eta euskal herritarrei zerbitzu publiko egokia eskeintzeko tresna gisa aldarrikatzearekin.

Alabaina, Zearreta Jauna, %35eko behin-behinekotasuna, urte luzez behin-behineko izan beharra, edota lan bizitza osoan zehar langile finkoek berariazko promoziorako aukerarik ez izana, ez dira krisiak sortutako fenomenoak, baizik eta erro zaharrak dituen eta Eusko Jaurlaritzak Estatuko gobernuarekin partekatzen duen erabaki politiko baten ondorioa.

Langileen %68 jubilatuko dira hurrengo 15 urteetan EAEko Administrazio Orokorrean, 3.000 langile inguru! Lanpostu hauek nola beteko ditu Jaurlaritzak?

Zabaldu berri dituen lan poltsen bidez, ehunka euskal gazte behin-behinekotasunera kondenatuz berriz ere? Beteko ditu sikiera lanpostu horiek guztiak, ala amortizazioak gauzatzeko asmorik badu?

Zer gertatuko da “gazte-gazte” Jaurlaritzaren zerbitzura lanean sartu ziren eta oraindik ere behin-behineko egoeran dauden langile guztiokin?

Zer aurreikuspen dauka Jaurlaritzak, urte luzez “behin-behinekotasunean” bizitzera zigortu dituen 2.000 langile horiekiko?

Langileak ustiatzen dituzten enpresak azpikontratazen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak?

Euskadi, behin-behineko oasi hori Euskadi, behin-behineko oasi hori  

EAEko administrazio orokorreko ELAren arduraduna

9 pentsamendu “Euskadi, behin-behineko oasi hori”-ri buruz

  • Enpresa pribatuan, hiru urte egin ondoren, langile finko egin beharra eta administrazioan berriz hainbeste urte egin ondoren, kale gorrira joateko arriskuan eta inongo kalte-ordainketarik jaso Gabe.

    Lotsagarria eta onartezina benetan gobernua, administrazio publikoan egiten ari dena!

  • Artikuluaren tesiaren arabera, funtzionarioak ez dira pribilegiatuak behin behinekotasun tasa altua delako. Beraz, denak finkoak balira pribilegiatuak lirateke? Argudio ederrak daramazki ELAren ordezkariak zerbitzu eta langile publikoak defendatzeko! Eta non dago langile publikoek urtetan galdutako eskubideen defentsa? Kasurako, aparteko pagak, soldaten jaitsiera, eskubide laboralen galtze etengabea, promoziorako aukera falta?
    Horietaz ahaztu da ELA? Zer egin behar du administrazioak, interinoak eta axpikontratetako langileak fijo egin?
    Demagogia bide lagun eskasa da, ELAko lagunok, eta egoerak gogoeta sakonagoa eta anitzagoa behar du.

    • “Beraz, denak finkoak balira pribilegiatuak lirateke?” EZ, baina gutxienez interinoak ez lukete sufritu behar legez kanpo dagoen kontratazio modu hori. Behar bada eskubide gabeko kontratazio horren alde egongo zara, ni neu, EZ.

      “Eta non dago langile publikoek urtetan galdutako eskubideen defentsa?” “Horietaz ahaztu da ELA?” Hau da ELAren aldarrikapen nagusi bat, baina akaso ELAren aldarrikapen guztiak monopolizattzeko asmoan zaude? Batak ez du bestea gutxitzen.

      Zer egin behar du administrazioak, interinoak eta axpikontratetako langileak fijo egin? BAI, kontratazio legea jarraituz eta langileen eskubideak errespetatuz.

      “Demagogia bide lagun eskasa da” Zoritxarrez, gaur egun interinoak bizitzen ari diren egoera larria zalatzeak, ez du demagogia arrastrorik.

    • “Salatzeak”

  • Harrapazank 2017-05-10 23:44

    Eskerrak “Txutxi” ELAkooi argi egitera etorri den berori, bidean galduta luze jarraituko genukeen bestela. Dena den, ELAk sarri-sarri salatzen ditu berorrek aipatutako guztiak. Ez agian berorrek bezain modu “sakon eta anitzean”, baina saiatzen gara.
    Demagogia ariketa latza berorrena, Txutxi jauna.

  • Ez bakarrik demagogia, ironia ere lekuz kanpo dago, baina besterik ezean, eta jarduera sindikala kontsignetan geratzen denean, hori gertatzen da, Harrapazank jauna.

  • Harrapazank 2017-05-11 09:58

    ELAren jarduera sindikala auzitan jartzea ere… adorea behar da.

  • Artikulu bikaina , benetan!
    Kontsignak?
    Benetan langileriaren alde borrokatzen ari den sindikatua daukagu ELA!
    Eutsi emakumeak!

  • Markakoa da herri honen eztabaida-kultura.
    Sindikatu batek, ELAk kasu honetan, Jaurlaritzaren lan-politikari kritika ondo oinarritua egin orduko, agertu da bazterretik ezker puruko ustezko sindikalista purua, txorrotxarenak egitera.
    Eta horrela, egun handira arte!