Cristina Uriarte sailburu andreari gutun irekia

Cristina Uriarte

Datorren astea erabakiorra izango da euskararen etorkizunean. Zuk zuzentzen duzun Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Sailak Blanca Urgellek utzitako “patata beroa”-z ebatzi beharko du: 34 Irrati lizentzien esleipena (11 “euskarazko erreserba”-k barne) bertan behera uzteko erabakiak kaltetutako euskarazko irratien helegitea, alegia. Aukera historikoa da, galdu ezin den aukera, eta horrela adierazi diogu Jaurlaritzari gure helegiteetan. Lehiaketa behin-betiko bertan behera uztea erabakitzen baduzu, euskal diala gaur bezala geratzera kondenatuko duzu: %80a gazteleraz den irrati eskaintza, egoitza Madrilen duten irratiek ekoizten dutena; euskararekiko inongo begirunerik gabe. Hizkuntz-normalizazioan duen eraginarekin. Aitzitik, gure helegitea onartzen baduzu, lurralde osoko euskarazko eskaintza anitza irrati gehiagoz aberastea eta interes partidisten gainetik euskara garaile ateratzea posible egingo duzu. Interes partidistak asetzeko irregulartasunez beteriko prozesu bat izan dela badakigu. Baina euskara izango da egoera honetan kaltetuena. Horregatik, irregulartasunak hasi ziren puntuan lehiaketa berrartzeko eskaera egin diogu Jaurlaritzari. Egokiagoa ikusten badu, ohi denez, bigarren balorazio independentea eska dezala. Baina prozesua bukatzeko indar guztiak jartzea eskatzen dizugu, Uriarte andrea, eta ez ordea definitiboki bertan behera uzteko.

Jaurlaritzak lehiaketa behin-betiko baliogabetzen badu, inolako oinarri juridikorik ez lukeena, 34 lizentzia hauek (esleituak eta modu irregularrez baliogabetuak) egoera juridiko berezian lotuko dira, errekurtso kate etengabean, beste lehiaketa bat deitzea urte luzez atzeratuz. Izan ere, kaltetutako irratiok epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari gara, herri honen irrati eskaintzan euskarak merezi duen lekuaren alde egiteko prest, urte luzez egin behar badugu ere. Ondorioz, 34 lizentziak epaitegietan murgildurik egonda, ez luke zentzurik izango beste lehiaketa bat martxan jartzeak. Iruñeko Euskalerria irratiko egoera etortzen zaigu gogora.

Egoera larria da

Gutun hau sinatzen dugunok irabazi asmorik gabeko erakunde eta enpresak gara. Gure helburua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara hutsezko irrati eskaintza anitza egitea da. Aurreko Jaurlaritzak abiatu zuen lehiaketaren inguruan sortutako zalapartaren harira elkartu gara, bakoitzak bere ibilbide propioa badu ere.

Jaurlaritzak, iazko udaberrian deitutako lehiaketa ebatzita, behin behinean lizentzia lortu genuela komunikatu zigun. Ondoren, gure harridurarako, jarduneko Gobernuak ebazpena behin-betiko bihurtzea hurrengo Gobernuari lagako ziola esan eta, 15 egun geroago, lehiaketa bertan behera utzi zuen.

Espedienteei begiratu bat ematea besterik ez dago hasieratik irregulartasunez beteriko lehiaketa izan dela ikusteko. Irregulartasun horien zergatia azaltzea, ordea, beste batzuei dagokie.

Uriarte andrea, erabiliak eta gutxietsiak sentitzen gara. Guk ondo egin dugu gure lana. Euskal irratiok kalitatezko proiektuak aurkeztu ditugu, ekonomikoki bideragarriak eta herritik eta herriarentzat eginak. Eta horrela baieztatu du Jaurlaritzak berak. Guk lan, ilusio eta diru kopuru handiak inbertitu ditugu lehiaketan, egoitza Madrilen duten komunikazio talde handien presiopean, euskara interes-politikoen arabera erabilia izaten ari dela ikusteko. Lehiaketa honetan jokoan dagoena euskaldunok dugun informazio eskubidea da, euskarazko irrati eskaintza anitzago izateko eskubidea, gure hizkuntza eskubideak, alegia.

Beste ikuspegitik, hiru hiriburuetan lizentzia bana lortu dute irrati komunitarioek. Irrati komunitarioen sektorea (legedi espainolak baztertua) aintzat hartuko lukeen lehenengo lurraldea litzateke EAE. Egun Valentzian soilik dago lizentziadun irrati komunitario bat.

Euskararentzat aukera historikoa

Egoera larria da, sailburu andrea. Jaurlaritzak hartuko duen erabakian euskara interes partikularren gainetik egotea espero dugu. Baina, lehiaketa bertan behera uzteko erabakia mantentzen bada, azken 26 urtean diala euskalduntzeko egon den aukera bakarra galduko da: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleriaren %90entzat euskara hutsez garatuko diren proiektuak; frekuentzia legalez, berdintasunean lehiatuko diren proiektuak. Irrati eskaintzari, eta bereziki euskarazko irrati eskaintzari, aniztasuna eta freskura emango dioten proiektuak. Komunikabideak –publikoak, pribatuak zein komunitarioak–, euskararen normalizazioan berebiziko garrantzia duten tresnak dira. Aniztasuna gure sistema demokratikoaren eta eztabaida demokratiko baten bermatzaileetako bat da.

Ezin dugu onartu hurrengo urteetan ia erabat espainolez izango den diala. Legala izango den benetako presentzia behar du euskarak. Ziur gaude, Uriarte andrea, zuk eta zuk zuzentzen duzun Sailak gure argumentuak aintzat hartzen jakingo dituzuela.

Agus Hernan, Ibon Altuna, Aitziber Zapirain, Ruben Sanchez eta Iñigo Fernandez de Martikorena Antxeta, Araba eta Justuri irratien zein Euskal Irrati Zerbitzuen izenean

Antxeta, Araba eta Justuri irratiak zein Euskal Irrati Zerbitzuak euskarazko irratiak gara, irabazi asmorik gabekoak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara hutsezko irrati eskaintza anitza egin nahi dugunak. Beste batzuen interes politikoek baldintzatuta lizentzia eskuratu genuen irrati lehiaketa bertan behera utzi izanagatik frekuentzia legalik gabe lotu garenak.

4 pentsamendu “Cristina Uriarte sailburu andreari gutun irekia”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude