Bizitzaren antzerkia eta krispetak

Bizitzaren antzerkia eta krispetak –

Bizitzaren antzezlanak aurrera jarraitzen du, etengabe. Ikusle batzuk antzokitik ateratzen dira betirako, beste batzuek eserlekua hartzen dute, eta beste askok denbora luzea daramate eserita, emanaldia jarraituz arreta maila ezberdinekin. Guztiek krispeta-katilua eskuetan. Bizitzaren antzerkiaren ikusleak dira, behealdean, eszenatokitik urrun, antzezlanaren garapenean eragiteko ahalmenik gabe. Harmailak ikuslez beteta daude, baina taulan urriak dira protagonistak. Batzuk estra moduan eta oso gutxi batzuk benetako protagonismoarekin, ikuskizunaren norabidearen jabe.

Bizitzaren antzerkia eta krispetak

Emanaldiarekin nazkatuta, ikusle ausarten bat eserlekutik altxatzen da noizean behin taulara igotzen saiatzeko, antzezlanaren garapenean eragina izateko asmoz. Gehienentzako emanaldi hobea eta parte-hartzaileagoa izatea nahi du, baina antzokiaren itzal ilunek harrapatu eta aretotik at eramaten dute, ikusle gutxiren txaloak eta beste askoren txistuak eta irainak jasotzen dituen bitartean.

Beste ikusle batzuek ere ez daukate gustuko antzezlana. Ez dute krispetez gozatzen ikuskizun horrekin. Protagonista batzuen jarreren aurrean, iruzkinen bat egiten dute, ozenki. Antzokiaren itzalak hurbiltzen dira berehala eta, argi bortitza begietara zuzenduta, isiltasunean mantentzeko agintzen diete, aretotik botatzeko mehatxatuz.

Ikusle talde handi batek bizitzaren antzerkia begiratzen du eta, gutxi gorabehera, gai da haria ulertzeko. Emanaldia ez zaie asko gustatzen eta daraman ibilbidea beste bat izatea nahiago izango lukete, baina eserlekuaren erosotasunean mantentzea erabaki dute, krispetak banan-banan ahora eramaten duten bitartean.

Ikusle anitzek antzerkia begiratzen dute interes gutxirekin. Antzerkiaren gidoia eta protagonisten interesak eta haien arteko talkak ulertzen saiatzea baino, protagonista bakoitzak sortzen dizkien sentimenduetara mugatzen dira. Ez daude antzokian buruari bueltak emateko. Haiek bizitzaren antzerkia ahalik eta hobekien pasatzera etorri dira, konplikatu gabe. Alboko besaulkian dagoenarekin protagonista bakoitza sutsuki goraipatzen edo kritikatzen dute, jarrera emozionalak bultzatuta, krispetak dastatzen dituzten bitartean.

Beste askok ez dute ezta antzezlekura begiratu ere. Esku artean daukaten krispeten katilura baino ez dute zuzentzen begirada, eta bakarrik beren krispetei buruz hitz egiteko gai dira. Ez dira konturatzen ezta antzerkia zertan doan. Ez diote galdetu beren buruari zer egiten duten antzokian. Beren krispetetan kontzentratuegiak daude. Kolore ezberdinetako krispetak, zapore ezberdinetako krispetak, ehundura ezberdinetako krispetak. Hain zuzen, Food4future plataformaren azken topaketan krispetak izan dira protagonista. Krispeta berritzaile eta disruptiboak egongo dira aurki antzokietan, ikusleek krispeta-aniztasun gehiago izateko.

Krispetena negozio bikaina da. Aretora sartzen diren berriei eskaintza berezia egiten diete. Hurrengo krispeta-katiluak eta hauek sortutako egarria alferrik kentzen saiatzeko freskagarri komertzialak ikusleak ordainduko ditu. Antzerkiaren jabeek krispeta tonak dauzkate alboko gelan, inoiz faltan ez egoteko.

Krispeta-kontsumitzaile aniztasun horren aurrean antzezlanak segitzen du. Noizean behin, emanaldia eteten da minutu bat. Oihala jaisten dute eta “demokraziaren ospakizuna” irakur daiteke bertan josita, beste aldean aktoreak apaintzen diren bitartean. Tarte horretan aktore jatorrena bozka daiteke eta, modu apalean bada ere, espektakuluaren parte sentitu. Sakelako telefonoaren aplikazio baten bidez egiten da. Ez da beharrezkoa pasabidera ateratzea, ezta ipurdia besaulkitik altxatzea ere, ezta krispetak jateari uztea ere. Jarraian, antzezlanak jarraitzen du, ikusle guztiak besaulkiari ondo jasota.

Banan-banan, ikusle bakoitzari ikustaldia bukatzen zaio. Bizitzaren antzerkiaren saioa honaino heldu da. Behin antzokitik aterata, krispetez betetako hilkutxa bigungarri batean jarriko dute. Krispetak erostean beautiful popcorn gehigarria erosi dutenek azken abantaila izango dute: hildakoaren kokospea ez maspiltzeko, krispetekin beteko diete ahoa. Horrela, aurpegi hobeagoarekin aterako dira antzerkiaren azken selfiean.

Duela gutxi egin zioten elkarrizketa batean, Pepe Mujicak esaldi sinple bezain biribila bota zuen: kausarik gabe bizitzea ez da bizitzea, landare gisa bizitzea baizik. Kausarik gabeko begiespenera gonbidatu gaituzte, eserlekutik altxatu gabe. Horren ordez krispetak eskainiko dizkigute.

Zein da gutako bakoitzaren ikusle-mota? Krispeta-jale hutsa izateko prest al gaude? Akaso eserlekutik altxatzeko eta pasabideetatik mugitzeko prest, beste ikusleak altxatzera animatzeko? Agian krispetei begira katatonia-egoeran daudenei katiluan ukondokada eman krispeta guztiak gainetik botatzeko prest?

Bizitzaren antzerkiak aurrera jarraitzen du, taularen gainean. Har dezala eserlekua hurrengo ikusleak.

Bizitzaren antzerkia eta krispetak  Bizitzaren antzerkia eta krispetak

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude