Bilboko giro itogarria, eraso ultraren eragile

Bilboko giro itogarria, eraso ultraren eragile

Aurretik ere jendea jipoitzen ibilia ei zen arren, orain aste pare bat Bilboko Plaza Barrian burutu zuen eraso ultrak bihurtu du gurean Manuel Herrera Perejón nazia ezagun.

Betisek Bilbon jokatzen zuen egun hartan, eta zantzu pare bat nahikoa izan dira hedabide gehienek ultra futbol zale defini zezaten sevillarra. Baina Manuel Herrera Perejón, futbol zale baino areago da nazi, bere agurrek, esanek eta gorputz azalean tintaz idatzitako leloek argi agertzen dutenez. Nazi bat da eta harro dago.

Gizonak elkarrizketa bat eskaini dio El Español hedabideari -nori bestela-, eta bularrak puztu ahala burua zukutu zaiola erakusteaz gain -lehendik ere nahiko nahaba ematen du gizajoak-, bere esanek zer pentsatua eman digute.

Kazetariak erasoarengatik galdetu eta aurrekarietan arreta jarrita gaztigatzen dio Manuel Herrera Perejonek (Sevilla, 1989); giro itogarria bizi omen zuen Bilbon.

.

Bilboko giro itogarria, eraso ultraren eragile

Puntu horretara heldu ginen -kafea hartzen zegoen gizon bat erasotzera-, nire bi kideek eta hirurok umiliazioak jasan behar izan genituelako aurreko orduetan. Hiru baino ez ginen, eta Bilbon zehar egin genuen bidean tu egin ziguten, ETA eta honen presoen banderak pasa zizkiguten aurpegietatik, eta pitbull txakurrekin ere oldartu zitzaizkigun. Zaharrek ere “espainolito naziak” deitzen gintuzten.

Nik gizon horri Gabilondo deitzen badiot, aurretik gu iraindu gintuen hamabost bat punkiez osatutako talde baten kide zelako da. “Ni Gabilondo naiz, eta zuek, espainolitoak, hemendik ospa egin behar duzue”, esaten ziguten.

“Zu espainiarra zara, gu bezala”, erantzuten genien. Ihes egin genuen ahal izan genuen moduan, eta buelta bat eman ostean plazara jo eta bertan ikusi genuen berriro. Hankak dardarka nituen jasandakok irain eta umiliazioengatik.

Gainontzekoa mundu guztiak ikusi zuen…

.

Herrera naziaren adierazpenek barregura edo auzolotsa eragingo lukete, darabilen diskurtsoa eraginkorra agertu izan ez balitz beste zenbait gertakizunetan. Ez dago jakiterik kontakizunak bere abokatuek aholkatutako estrategia bati erantzuten ote dion, baina Hitler eta Mussoliniren tatuajeak dituen morroiak –“hauxe da nire ideologia” esan, eta Francori laudorioak eskaintzen dizkio elkarrizketan-, zuribiderik ez duen ekintza garbitzeko zer eta Euskal Herrian bizi dugun giro itogarria darabil, non espainiar usaina duen ororen kontra egiten dugun.

Kasu!, ea oraindik ere jazarpena egin izana egotzi behar dioten erasotuari.

Bilboko giro itogarria, eraso ultraren eragile