Zertarako balio izan du Bilbokoak?

Bilboko Manifestazioa
Bilboko Manifestazioa

Aztoratuta bizi izan ditugu Bilboko manifestazioaren osteko egunok. Egunkarien azaletara eraman dute “errebelio abertzalea” Espainian eta erreakzio andana izan da, gehientsuenak manifestazioaren deitzaile zen EAJ kritikatzen. Eroso zen asko, orain deseroso da. Zerbaiterako balio izan du Bilboko zartako t’erdiak bada. Txepelkeriaz eta alperrik agian, baina honako galderari bueltaka ibili naiz azken egunotan. Zehazki zertarako balio izan du Bilbokoak?

Manifestazioek ezertarako ez dutela balio diotenak ixiltzeko balio izan du, besteak beste, Bilbokoak. Ez baita izan urteroko presoen manifestazioa (hau gutxiesteko asmo zipitzik gabe), Madrilen eta Euskal Herriko gehiengoaren arteko xake partidako jokaldia baizik. Jakina da Estatua eroso dagoela tableroa bere horretan, ezker abertzaleak (eta orokorrean gehiengo subiranistak) unilateralki emandako pausuei jaramonik egin gabe. Baina EPPKren adierazpenarekin, eta osteko euskal preso ohien prentsaurrekoarekin, eskuin muturraren baitan piztutako arrakalak medio, tableroan fitxa mugitzera behartuta sentitu zen gobernua Tantaz Tanta manifestazioa debekatuz. Eta honen aurrean, EAJk eta Ezker Abertzaleak erreflexu onak izan dituzte sorpresaz alfila mugitzeko. Jake. Orekatik, erabakiak erabaki eta mugimenduak mugimendu, desorekara pasa da amen batean Mariano Rajoyk zuzendutako gobernua.

Estatua aldebakarreko erabakiekin mugiarazi daiteke,
eta honek mugitzen denean hanka sartzeko aukera asko ditu


Bilbokoak tablerotik kanpo daudenei lotsak ateratzeko ere balio izan du. Begirale huts direnak, nahiz eta, eszenatoki berria gogoan izan eta berau bizi, manifestazioan egon ez izana justifikatu ezinda dabiltza. EAJri harrika eginaz , gutunak idatziz Parlamentuko Presidente Bakartxo Tejeriari, Manifestazioa zein “kaltegarria” izan zen oroitaraziz edo eta Odon Elorzak egin bezala iritzi artikulu oso arraroak idatziz.

Xake partidako azken mugimendu honek, goibel zen gehiengo subiranistarengan ilusioa pizteko balio izan du.  Eta erakutsi du halber, Estatua aldebakarreko erabakiekin mugiarazi daitekeela, eta honek mugitzen denean hanka sartzeko aukera asko dituela. Gero, hanka sartze horiei nola errenta atera da kontua, erreflexuak izatea alegia. Nola lortu beste peoi bat jatea, edo errugbiko simila erabiliz, nola irabazi yarda batzuk?

Bilbokoak euskal gatazka agenda nola politiko,
hala mediatikora eraman du, halabeharrez


Gaur El Mundo egunkariak bere azal digitalera darama “Euskal Herrian trantsizioa ideatzeko” ETAren asmoa; datu argigarriekin eraman ere: “ETAkideen %80,4ak definitibotzat du atentaturik ez egiteko erabakia”, dio CISek egindako ikerketa bailitzan, batek daki zein iturritatik ateratako “datu fidagarriekin”. Kazetaritza gaurkotasun izugarria duten datuak hauek, sektore batengan sortu ezinegonaren erakusle. Azken batean, Bilbokoak euskal gatazka agenda nola politiko, hala mediatikora eraman du, halabeharrez.

Ea honetaz guztiaz gain, Bilbon erori zen domino fitxak, lerroaren amaieran bada ere, euskal presoen dispertsioaren amaiera eta giza eskubideekiko errespetua dakarren.

 

Ekaitza bainuontzi batean

3 pentsamendu “Zertarako balio izan du Bilbokoak?”-ri buruz

  • “giza eskubideekiko errespetua “: hori alde bakarreko independetzia aldarrikapenaz lortuko dugu bakarrik: Espainia ez demokratikoa ezta izan nahi ere!!

  • Zertarako balio izan du? Abertzaleak engainatzeko. Inperialismo egoera luzatzeko. Dependentzian jarraitzeko. Ez badago hasieratik independentziarako estrategia bat; zer dago? Dagoena da sumisioaren “estrategia”. Gero eta garbiago ikusten da deia egin dutenek alde batetik eta beste aldetik bilbora joan direnak eta ez garenok joan artean helburuak desberdinak ditugula.

  • Balio izan du ikusarazteko egitasmo ustez-aratz itxietatik eta kudeaketa diruzaletik gaindi, badagoela herri bat izateko nahia, eta jende askok partekatzen duela nahi hori. Askok. Manifestazioan izan zirenak eta beste asko ere bai.
    Batzuek eta bestetzuek ezerezean utziko dutena beste behin ere, baina izan bada.
    Alderdiak dira nahi horren etsairik behinena (eta jende gehienaren otzana, dena esan behar bada).