El País egunkaria hausten ari den estatu baten metafora bezala

Lagunartean beti komentatzen dudan zerbait da: 15-M mugimendua orain bi urte eta erdi inguru besterik ez zen hasi. Oso denbora gutxi da. Ordura arte, Euskal Herritik Espainia leku otzan eta lasai baten moduan ikusten genuela uste dut, herri mugimenduei dagokionez bederen. Bai, bagenekien eta ezagutzen genituen talde sozial aktiboak baina beraien lana gizarteratzea lortzen ez zutenaren ustea ere bagenuen; gainera, ez zegoen benetan kritikoa zen komunikabide garrantzitsurik, eta iritzi publikoak kontsensu maila nabaria zuen, gai konkretu batzuetatik at, trantsizioan eraikitako batasun horri pitzadurarik ez zitzaiola ageriko inoiz zirudien. Halere, 2011ko maiatzean ezustean harrapatu gintuen politizazio prozesu bat jarri zen martxan.

Honen harira, askotan entzun dudan galdera da honakoa: zer gertatu behar da Espainian eztanda sozial bat gerta dadin? Azkenean erantzuna, azalekoa bederen, Burgos aldetik etorri zaigu, obra publiko batek sortutako haserrearekin erlazionatua. Gamonal auzoa izan da lehena eztanda egiten eta bolbora asko banatu da urteotan, txispa horren eragina zein izango den jakiteko, nork daki anekdota litzatekeen gertakari hau trantsizioko zutabe sendoen pitzadura garrantzitsu bilakatuko ez ote den. Bitartean, guk Euskal Herrian eta haiek Katalunian ere sortu ditugu beste pitzadura txiki batzuk eta hasiak gara pentsatzen agian, agian bakarrik eta behingoagatik, gauzak mugitzen has daitezkeela, nahiz eta norabidea erabakitzeko egon.

Noski, horren aurrean botereak erreakzionatu egiten du. Botereak, ez gobernuak bakarrik. Eta horren isla dira espainiako komunikabide progresistak, hau da, espainiako normaltasunean ezkerra hitzarekin identifikatu izan direnak: La Sexta edo El País, esaterako. Azken egunetan zentratuz, biek ala biek egin dituzte irakurketa interesatu eta manikeoak edo irakurketa ezak, Bilboko manifestazioarekin adibidez, eta baita orain Gamonalekoarekin ere. Halere, ez dut jarrera hortan aurkitzen artikuluari izenburua emateko arrazoia, beste gertakari batean baizik.

Gaur, 2014ko urtarrilaren 14an, El País egunkariak azala eskaini dio gobernuak ministroak saldutako errekuperazio ekonomiko bati. Berez gobernuan dagoen alderdiarekiko kritikoa den medio batek bere propagandari men egin dio eta guztiz agerian utzi du beti ezkutatzen saiatu dena: gainbeheran doan bipartidismoak oinarrian dituen kontsensuak kuestionatzen hasten direnean bat egingo dutela behinola poloak antzezten zituztenek. Eraikin osoaren zutabeak jokoan baitaude.

elpais.750

egunkariak, El Pais, Espainia
Jon Urzelai

Gertutik begiratzeko betaurrekoak jartzen ditudanekoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude