Berastegiko Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiari helegitea jarri dio Urkijok

Berastegiko Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiari helegitea jarri dio UrkijokBerastegiko alkatearekin batera hedabideen aurrera agertu dira UEMAren Zuzendaritza Batzordeko hainbat kide.  UEMAk, bat eginda, babestu du Berastegiko Udala. Agerraldian hainbat alderditako ordezkarik parte hartu dute; EHBildukoak, EAJkoak eta Independienteak. 

Berastegiko Udalak UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, sartzeko erabakia hartu zuen, 2014ko martxoaren 31n egindako osoko bilkuran.  Aho batez hartu zuten erabakia Berastegiko udal ordezkariek.  Erabakiaren ondotik, Estatuko abokatuaren lehen errekerimendua 2014ko maiatzaren 30ean jaso zuten Berastegiko Udalean. Errekerimenduei erantzun arren, irailaren 1ean helegitea jarri dio Berastegik hartutako erabakiari. Bere esanetan, legez kontrakoa izan daiteke, Berastegiko Udalak  UEMAn sartzeko hartutako erabakia. Bitartean, gero eta udal gehiago dira Berastegiko udalaren antzera Mankomunitateko kide izateko erabakia hartu dutenak.  Inolako eragozpen eta oztoporik gabe egin dute bidea.

Haritz Mujika Berastegiko alkateak Estatuko Abokatuaren esku hartzea salatu du. “Berastegiko Udalari eta bertako ordezkari politikooi dagokigu Berastegiren etorkizunerako erabakigarriak diren erabakiak hartzea, eta Karlos Urkijo ez da nor Berastegiko udaleko osoko bilkuraren gainetik ipintzeko.” Berastegiko alkateak gaineratu du Berastegiko Udalak ez duela atzera egingo eta epaitegian ere defendatuko dutela hartutako erabakia. “Berastegiko Udala UEMAko kide da eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean ere. “

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak bere aldetik, Berastegiko udalak UEMAren eta UEMAko kide diren udal guztien elkartasuna eta laguntza izango duela jakinarzi du. “Sentsibilitate politiko ezberdinetako kideak izanik ere euskarak batzen gaitu. Eta elkarrekin euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko egiten ari garen ahalegin honetan, bat eginda babestu nahi dugu Berastegiko Udala.”

Legegintzaldian zehar, euskara sustatzeko erabaki ugari jarri ditu ezbaian Estatuko Abokatuak. Hainbat udalek jaso dituzte Urkijoren errekerimenduak, baita, helegiteak ere.  “Orain salatzera gatozen helegite hau, euskararen aurkako erasoaldi orokorraren baitan kokatzen dugu. Izan ere, Berastegiko udalaren aurkako eraso hau, UEMAren aurkako ere bada, eta ondorioz, baita euskararen aurkako erasoa ere.”

UEMAko lehendakariak salatu du udalerri euskaldunak babes gabe aurkitzen direla. Belastegiren arabera, udalerri euskaldunek hizkuntza politika bereziak behar dituzte. Baina “udalerri euskaldunek ez dute trataera berezirik izan. Eta datuek erakusten dute zerbait gaizki egiten ari garela.” Izan ere, egindako azterketa guztiek erakutsi dute udalerri euskaldunetan atzerakada nabarmena gertatzen ari dela, bai ezagutzan, baita erabileran ere. Eta joera hori mantentzen bada, “euskararen arnasguneek etorkizun iluna izango dute.”

Belastegiren arabera UEMAk joera hori “gelditu eta irauli” nahi du. “Horretan saiatzen ari gara. Baina bidea oztopoz betea ageri zaigu. Estatuko abokatuak eguneroko jarduna baldintzatzen digun moduan, legearen mugak eta indarrean diren legeen irakurketa murriztaileek nekez lagun dezakete horretan.”

Gauzak horrela,  “euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko adostasun zabala eta konpromiso zehatzak behar direla” nabarmendu du Belastegik. Eta udalerri euskaldunetan eragiten duten instituzio publiko zein pribatuen inplikazioa eskatu du, euskararen arnasguneak babesteko. “Euskararen arnasguneak kaltetu ditzaketen erabaki eta jarduerak ezabatu behar dira. Hori da UEMAren borondatea, eta bide horretan lan egin nahi duten guztiekin elkarlanean aritzeko prestutasun osoa daukagu.”

Berastegiko Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiari helegitea jarri dio Urkijok
UEMA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude