Beizamako krimena: “Korosagasti” filma

Beizamako krimena: “Korosagasti” filma –

Beizamako krimenaz idatzi nuen ZuZeun, eta hortik abiatuta, beste idatzi bat plazaratu dut Bertsolari aldizkarian, gaiaren bueltan bertsoak jarri zituen Patxi Erauskin aitzaki. Beizamako hilketei buruz film bat grabatzen dabil Erabaki Produkzioak taldea, eta Asier Sustaeta zuzendariak pelikularen nondik-norakoez eta krimenaz daukan iritzia eman digu.

Paper horituetatik pantaila handira: Korosagasti filma

Grabaketako irudiak

Zalantza izpirik gabe, Beizamako krimenak ematen du, bai, pelikula bat egiteko, eta badago dagoeneko zeregin horri heldu dionik. Jo eta su dabiltza lanean Azpeitiko Erabaki Produkzioak taldeko kideak. Iaztik daukate esku artean Korosagasti filmaren proiektua, eta pixkanaka badoa gorpuzten.

Dokumentazio lan handi bat egin eta gero sortu zitzaien gidoia idazteko aukera Miren Gorrotxategi eta Alaitz Olaizolari, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiaren Sorkuntza Beka baliatuta. Asier Sustaeta azpeitiarra da zuzendaria, eta grabazioaren inguruko zenbait azalpen eman dizkigu.

Erabaki Produkzioak taldeak hainbat ikus-entzunezko egin ditu, eta azkena sortzen ziharduten bitartean, Pedro Otaegi beizamarrarekin egotea tokatu zitzaien, eta harekin izandako elkarrizketa izan zen ibilbide honen abiapuntua. Otaegirekin izandako berriketaren ondoren, Sustaeta ordenagailu aurrean zela (2017ko udan) sorpresa batekin egin zuen topo: norbait Korosagastiko hiltzailearen erretratua agertzen zen egunkari zahar bat saltzen zebilen. Sustaetari seinale bat iruditu zitzaion. Erosi egin zuen, noski.

Egunkari horretatik abiatuta, hainbat hedabidetako hemeroteketan arakatzen hasi ziren, erreferentziazko datak aintzat hartuta eta kontuan izanda, bistan dena, zeintzuk ziren garai hartako Gipuzkoako hedabide nagusiak: La Voz de GuipúzcoaEl País Vasco eta Argia. Kronologia bat eraikitzea lortu zuten.

Tamalez, ikerketa lan hori egiten ari zirela ez zituzten Patxi Erauskinen bertsoak topatu, eta ondorioz ez dira pelikulan agertuko (gerora jakin dute Pio Barojak ere Beizamako krimena aipatu zuela bi liburutan).

Beizamako krimena: "Korosagasti" filma
Asier Sustaeta (Arg: Uztarria)

Sustaetari bertsoen inguruan galdetu diogu, eta adierazgarria da bere erantzuna: “Normala da Erauskinek bertso horiek idaztea, kontuan hartuta bere inguruan gehien zabaldu zen tesia itsasondotarren errugabetasunarena zela, eta ondoren Itziarko tratantea erruduntzat jotzea, apaizari konfesatu zitzaiola eta… Baina ez dago horren frogarik. Frogetara jotzen badugu, dakiguna da froga mordoxka batek Lizardikoak jartzen zituztela jo-puntuan. Ikertzen aritu eta gero jakin dugu Lizardikoak boteretsuak zirela, dirudunak eta elizkoiak (baserri jabeak, ganadu asko, zerrategi bat zabaldu zuten, ermita bat konpontzeko dirua eman…); jakin dugu, halaber, Korosagastiko emakumeak liberalagoak zirela, gorriagoak. Errua Itziarkoari bota zitzaion, baina guk gure susmoak dauzkagu. Garai hartan Elizak zeukan boterearekin, ez dugu zertan sinetsi apaizak, Luzianoren azken hitzen lekuko bakarrak, egia esan zuenik. Justiziak apaizarengana jo zuenean ez zuen berriz ezer aitortu, aitortzan esaten dena isilpekoa dela argudiatuta”.

Zuzendariaren aurreikuspena da grabaketa lanak otsailerako amaitzea eta filma 2019aren amaieran estreinatzea. Aktore gehienak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan antzerkian diharduten herritarrak izango dira, amateurrak izan arren esperientzia handia izan dutenak beste hamaika proiektutan. Aktore zuzendaritza Idoia Urangak egingo du (Goazen!,Goenkale…), Arte Zuzendaritza Itziar Eliasen ardurapean egongo da, Irudi Zuzendaritza Oihana Amezuarenean (Erabaki Produkzioak), eta zuzendaritza lanak, arestian aipatu bezala, Asier Sustaetaren kargu.

Grabaketak Azpeitian, Azkoitian eta Beizaman egin dira.

Irrikitan nago emaitza ikusteko. Zorionak ekoizpen hau aurrera ateratzeko lanean diharduzuen guztioi. Urte amaieran euskal zinemak pieza bat gehiago izango du.

 

Beizamako krimena: “Korosagasti” filma
Beizamako krimena: “Korosagasti” filma

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.