Isilik egoteko ordua

Isilik egoteko ordua –

Twitter izeneko azpimundu horretan eztabaida sutsuan ari dira batzuk. Berdin dio noiz irakurtzen duzun hori. Oraingoan, enegarren aldiz, atzerriko helduendako filmak euskarara bikoizteaz ala azpitituluak jartzeaz ari dira eztabaidatzen.

Isilik egoteko ordua

Nahiko errepikakorra izaten da ika-mika hori. Batzuok zein bertzeok uste baitute beren hautuak, eta ez bertzeak, egiten diola mesede euskarari, eta ezin-ezinezkoa izaten da erdibideko adostasun batera ailegatzea.

Oraingo nobedadea da bikoiztaile euskaldunak ahaldundu egin direla, beren eskubideak defendatzeko elkarte bat sortu dutela, greba hasi dutela eta beren aldarrikapenak gizarteratzen saiatzen ari direla.

Eta halako abagunean niri guziz sobratzen zaizkit azpitituluen aldeko eta, beraz, bikoizketaren kontrako argudioak. Erran nahi baita bikoiztaileek zerbitzu publiko ona, txukuna eta aberasgarria egiten dute, gizartearendako onuragarria; ez diote inori minik egiten; ez dira zentral nuklear bateko langileak, edo Itoitz eraiki zutenekoak bezalakoak, edo bizkartzainak, edo nik zer dakit, desagertzea nahiko genukeen lanbide batekoak. Eta langile horiek -ziurrenik autonomo faltsu gisa lanean ari direnak- altxatu egin dira, sektoreko hitzarmen baten alde, lan baldintza duinen alde.

Eta, berriz diot, testuinguru horretan, niri guziz sobratzen zaizkit langile horien lana zalantzan jartzen duten argudioak. Batzuetan, isilik egotea, onena.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko otsailaren 5ekoa]

Isilik egoteko ordua

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.