Bandera espainolaz gain, beste 25 naziotako banderak jarriko dituzte Eskoriatzako udaletxean

Bandera espainolaz gain, beste 25 naziotako banderak jarriko dituzte Eskoriatzako udaletxean

Bandera espainolaz gain, beste 25 naziotako banderak jarriko dituzte Eskoriatzako udaletxean

Eskoriatzako Udala banderen legea betetzera behartu dute. Ondorioz, udaletxeko balkoian eta pleno aretoan bandera espainola jarri beharko dute. 2010. urtean iritsi zen denuntzia, eta eman ahal ziren pausu guztiak eman ondoren, sententzia bete beharko dute hamar eguneko epean. Beraz, datozen egunotan Eskoriatzako udaletxea bandera Espainola jarrita ikusi ahal izango dugu, baina Espainiakoaz gain, Eskoriatzan bizi diren beste 25 nazioetako banderak ere jarriko dituztela erabaki dute. Izan ere, Eskoriatza herri anitza dela diote.

(Jatorrizko artikulua Amaia Txintxurretak idatzi du Goienan)

Bandera espainolaz gain, beste 25 naziotako banderak jarriko dituzte Eskoriatzako udaletxean from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Bandera espainola Eskoriatzako udaletxean jartzeko prozesua 2010ean hasi zen Estatuko Abokatuak denuntzia bat jarri eta gero. Legeak dio erakunde publiko guztietan bandera espainola jarrita egon behar dela balkoian eta barrualdeko leku preferente baten, pleno aretoan kasu, eta Eskoriatzako Udalak hori ez duela betetzen esanaz eskutitz bat heldu zitzaien udaletxera.

Ordutik hona gobernuko delegatuaren hainbat eskutitz jaso dituzte udaletxean; lehenengo denuntziaren eskutitza, gero sententzia, ondoren sententziaren errekerimendua, bigarren errekerimendua, kontentziosora ere joan da eta orain amaitutzat ematen da prozesua. Ondorioz, Eskoriatzako udaletxea behartuta ikusi da bandera espainola jartzera, bestela Udalaren aurkako neurri zorrotzak aplika daitezke. Hauxe esan digu Beñat Herce alkateak: “Eskoriatzako Udala hori guztia ekiditzen saiatu da ez dagoelako batere ados eman den sententziarekin, baina pausu guztiak emanda omen daude eta ez daukagu beste biderik sententzia betetzea baino. Bestela, izango genituelako ondorio ekonomikoak eta legea ez betetzeak ekarri ahal du baita ere alkatearen inhabilitazioa”.

Hori ikusita, Eskoriatzako Udalak atzo egindako ohiko osoko bilkuran erabaki zuen, gogoz kontra bada ere, agindua betetzea; baina euren erara beteko dute. Alkateak esan zigun, berak uste duela Eskoriatza herri inklusibo bat dela, herrian bertan jaiotakoak eta hainbat naziotatik etorritako pertsonak ere bizi direla, eta beraz, 10 eguneko epean Eskoriatzan bizi diren pertsonen nazionalitate guztietako banderak jarriko dituzte balkoian. 2012 hasieran 26 nazionalitatetako eskoriatzarrak zituzten, eta beraz, guztira 26 bandera jarriko dituzte, besteak beste, Argentinakoa, Boliviakoa, Frantziakoa edota Japoniakoa. “Eskoriatzan bizi garen pertsonon nazionalitate guztietako banderak jarriko ditugu; bai kanpokoenak, bai ikurrina bera ere eta Eskoriatzako bandera ere jarriko dugu. Horrela, legea betetzen dugu eta adierazten dugu Eskoriatza zein herri anitza den eta udaletxea denon erakundea dela islatzen dugu”. Kolorez jantziko da, beraz, egunotan Eskoriatzako udaletxea eta itxura berezia hartuko du.

Herritarrendako deia

Bukatzeko, alkateak jazarpena gogo biziz salatu zuen, baina era berean herritarrek egoera hori aprobetxatu behar dutela azaldu zuen. Horregatik, herritarrak gonbidatu nahi izan zituen sententzia horren aurkako jarrera adieraztera, nork bere etxeko balkoian bere nazioko bandera eskegitzera animatuz.

Alkatearen adierazpena oso-osorik

Eskoriatzako udaletxea banderen legea betetzera behartu dute

2010. urtean Estatuko Abokatuak Eskoriatzako Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea eskatu zion: hau da, Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzea. Udalak, sententzia horrekin ados egon ez denez, bi urte hauetan ez du eskatutakoa bete, baina momentu honetan sententziak dioena derrigorrez bete beharra dago, bete ezean udalaren aurkako neurri zorrotzak aplika daitezkeelako.

Banderen jatorria Erdi Aroan bila dezakegu lurraldeek gudatan beren tropak identifikatzeko erabiltzen zituzten estandarteetan. Mendeetan zehar gizakiok harrotasunez erakutsi izan dugun ikurra izan da, gure herritartasunaren adierazle gisa. Baina zenbat eta zenbat guda eratorri dira lurralde bati bandera bat inposatu nahiagatik? Zenbat ezbehar eta heriotza etorri da ikur hau aurkariaren etxean jarri nahi izateagatik? Zenbat zoritxar herri bati nahi duen herritartasuna ukatzeagatik?

Gaur egun XXI. mendean bizi gara, eta nork bere aberria zein den erabakitzeko eskubidea izan behar du, inori zer eta nola sentitu behar duen inposatu gabe. Euskaldunoi urte askotan ukatu zaigun autodeterminazio eskubidea, alegia.

Gaur gertatzen ari dena, eskoriatzarron eskubideen urraketa bat da. Beste herri batzuetan egin duten bezala, Eskoriatzan ere, espainiar bandera gure udaletxean jartzera behartu nahi gaituzte.

Honen aurrean, alkate naizen honek, Eskoriatzako Udalaren izenean, egintza hau salatu nahi dut. Zergatik behartu nahi dute Eskoriatzako Udala bandera espainola jartzera? Zergatik horrelako neurriak, Espainiar estatuan ere hainbat udaletxek lege hau betetzen ez badute? Katalunian hezkuntza espainolizatu nahi duten bezala, Euskal Herrian gure erakundeak espainolizatu nahi dituzte. Nork sortzen du eztabaida identitarioa? Guk argi daukagu, gu euskaldunak gara, eta Euskal Herri libre eta independente bat nahi dugu.

Tamalez, neurri honen kontra Eskoriatzako Udalak egin zezakeen guztia egin du, baina ez du ondoriorik izan, eta orain derrigorrez jarri beharko dugu espainiar bandera udaletxeko balkoi nagusian eta pleno aretoan. Jarri ezean, multa koertzitiboak (ekonomikoak) jasoko ditu udal honek eta alkate naizen honen inhabilitazioa eskatu. Panorama honen aurrean Eskoriatzako Udalak, gogoz kontra bada ere, sententzia betetzea erabaki du.

39/1981eko Espainiako banderaren erabilera legeak, bere lehen artikuluan, Espainiar banderak nazioa sinbolizatzen duela adierazten du. Eskoriatzarren gehiengoak, aldiz, Euskal Herria sentitzen du bere aberri, bere nazio. Baina gaur bizi dugun mundu globalizatu honetan, bada urrutitik etorritako jende asko gure artean. Bada etorkizun hobeago baten bila etorri denik, edota maitasunak behar dugu eta gaur egungo egoerara egokitu.

Arrazoi horiengatik, Eskoriatza herri inklusiboa dela aldarrikatu nahi dut. Eskoriatzako Udala eskoriatzar guztien erakundea dela adierazi, betirako edo denbora baterako bertan bizi garenon herria. Beraz, Eskoriatzako Udalak, 39/1981eko Banderen Erabileraren Legea betetzeko Eskoriatzan gaur egun bizi diren herritarren bandera guztiak jarriko ditu udaletxeko balkoian eta pleno aretoan.

2012an hasieran 26 nazionalitateko eskoriatzarrak dauzkagu, beraz, 26 bandera hauek jarriko dira: Argentina, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Kuba, Dominika, Txile, Ekuador, Dominikar Errepublika, Honduras, Venezuela, Maroko, India, Japonia, Pakistan, Alemania, Frantzia, Irlanda, Italia, Portugal, Herbehereak, Espainia, Eslovenia, Errumania, Ukrainia eta nola ez, Euskal Herria. 26 nazio horiez gain, Eskoriatzako bandera ere egongo da Udaletxeko balkoian eta Udal pleno aretoan.

Bukatzeko, jazarpen hau gogo biziz salatu nahi dut, baina era berean egoera hau aprobetxatu behar dugu. Horregatik, herritarrak gonbidatu nahi ditut sententzia honen aurkako gure jarrera adieraztera, nork bere etxeko balkoian bere nazioko bandera eskegitzera animatuz. Bakoitzak berea eta euskaldunok, Ikurrina.

Bandera espainolaz gain, beste 25 naziotako banderak jarriko dituzte Eskoriatzako udaletxean
bandera, eskoriatza, Ikurrina

2 pentsamendu “Bandera espainolaz gain, beste 25 naziotako banderak jarriko dituzte Eskoriatzako udaletxean”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude