Aitxitxa Kasimiro ala ni?

Eibarko Untzaga plaza goitik ikusten zen nire aitxitxaren etxetik, Mekolatik. Ia astebururo joaten ginen familia bisitatu eta amamaren jaki goxoak bazkaltzera. Arratsaldez litxarkerien bila dos de mayora, edo S.D. Eibar ikustera Ipuruara: Bixente eta Artetxeren talde bikain hark harrotzen zuen Ipuruako zelaia ume nintzen artean.

Eta bazegoen argazki bat Mekolako etxe hartan, beti nuena begiz jota. Aitaren begirada, imintzioa, ageri zen zuri beltzean. Nire aita. Baina beti esaten zidaten ezetz, Pedro Basaras zela, amama Maritxuren neba. Gelatxo trikitilarien leinukoa. Nolakoak diren gauzak.


Nerabezarora iritsi nintzenean aldiz, luxe eta sudur luze, asteburuko ostera haietako batez konturatu nintzen 30. hamarkadan argazkiren bat atera zidatela. Bai jauna, familiako pianoaren gainean, tiro al platoko (Oroitu Eibarrez ari garela)  aitxitxaren trofeoen artean nengoen, zuri beltz zaharrean erretratatua. Denboraren makina esaten zaio. Gero esan zidaten ezetz, ez nintzela ni, aitxitxa Kasimiro bera zela. Zur eta lur geratzekoa aizue. Denboraren makinan itzuliko bagina gure arbasoen garaietara, haiekin konfundituko ligukete. Niri aitxitxa kasimirorekin.

Bobby Neels Adams argazkilariaren lanak ekarri dit guzti hau gogora. Neels Adamsek senide hurbilen argazkiak nahasi ditu, antzekotasun harrigarriak erakutsiz. Askotan ez baikara konturatzen zein antzekoak garen aiton-amonak, aita-amak, seme-alabak eta ilobak… Eta ziur askotan ez dela soilik antzekotasun fisikoa, kasu!

Ez al dira harrigarriak ondoko argazkiak?

http://www.bobbyneeladams.com/

Ekaitza bainuontzi batean

2 pentsamendu “Aitxitxa Kasimiro ala ni?”-ri buruz