Balore kontua

Balore kontua –

Badirudi bere burua ezkertiartzat duten lagun batzuk azken boladan urduri eta lekuz kanpo ari direla jartzen zenbait eztabaidari ekiteko orduan. Ez da gauza berria, beti egon dira eztabaida sutsuak ezkerraren baitan, eta bati baino gehiagori berotu zaio muturra, edo bor-bor jarri zaizkio garuneko neuronak.

Balore kontua

Gainera, gaur egun, berehalako hausnarketa txatxuak botatzen dira tupustean Twitter moduko sareetan, eta sekulako astakeriak idatzi izan dira sare sozial horretan, zenbaitzuetan norberaren burua isilarazterainoko damuaz. Izan da bere kontua itxi duenik esandakoaz erabat lotsatuta.

Baina duela urte batzuetara arte, ika-mikak ñabardura kontuak izaten ziren sarri, ez ziren kolokan jartzen ezkerraren ildo ideologiko nagusiak edo oinarri garrantzitsuenak, ezkerrari berezko zaizkion elkartasun eta berdintasun baloreak beti aurretik jartzen ziren, mugiezin.

Zoritxarrez, azken boladan, ustezko ezkerraren baitan sektarismo, dogmatismo eta nahasmendu ugari dakusat arerio politikoak aukeratzerako orduan, baita eztabaida politikoan sortzen diren aurrez aurrekoak izaterako unean ere.

Gazte neo-komunisten artean dakusat, zenbait eztabaida feministetan ere bai; eta baita azken astean ezker abertzalean historikoa den editore batek sinatutako migrazioaren inguruko artikulu lotsagarrian ere.

Garbi dago mundua hankaz gora dagoela, arazo handiak nonahi daudela, baina mesedez, ikas dezagun aurretik egindako akatsetatik eta euts diezaiegun pertsona berdinzale, solidario eta abegikor egiten gaituen baloreei. Hori da gutxieneko erronka.

Badugu nor eta zer kritikatu, badago zeri egin aurre eta egurra eman: krisi garai latz hauetan euren irabaziak etengabe handitzen ari diren horiei zuzendu beharko genizkieke gure irainak, eta haien aurka borrokatu.

Gure pribilegio txikiek ez gaitzaten nahastu, itsutu, eta defenda ditzagun oinarrizko balore iraultzaileak.

Balore kontua

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

12 pentsamendu “Balore kontua”-ri buruz

  • Zuen jarrera honekin balorez beteriko herria izango gara, baina ez Euskal Herria, País Basko edo País baskongadoa bai, euskararen herria dagoeneko desagerturik izango delako.
    Balore kontua da; edo herri moduan biziraun, edo mundua salbatzen desagertu.

  • Kuriosoa da “ezkerra” deitzen den bloke moduan funtzionatu nahi duen espektru hori beti ostiaka ibiltzea. Batasun irudia eman nahi eta ezin. Ezkerra mamu bat da, edo ezerezaren gainean eraikitako kontzeptu bat. Hain da anitza “ezkerra” egun ezen haien barne gatazkak konpontzeko taktikarik txatxuena darabilten. Nirekin ados ez bazaude “ezkertiar” etiketa kenduko dizut, hau da, zure identitatea. Hori baino zigor handiagorik ez dago identitatea ezerezaren gainean eraikitzen duen “mugimendu” batentzat.

  • Bizitza ez da justua, ez berdinzalea ez eta solidarioa ere, maila absolutu eta unibertsalean. Balio horiek giza gogamenean dute jatorria eta giza gogamenean dira soilik perfektuak. Balio horiek modu inposatu eta sistematizatuan (legearen eta bortxaren bitartez) bizitzaren esparrura ekarri ohi direnean, beti egiten dute huts, eta, are, espero eta desio ez diren albokalteak eragiten dituzte. Bizitza ezin baita gogamenera mugatu.
    Zer dira “oinarrizko balore iraultzaileak”? Zer dira “ezkerraren ildo ideologiko nagusiak”? Kredo bat, sinesbide bat, fedeko sinbolo bat. Inolako egiaztapenik erakutsi ez dituzten asmo platonikoak.
    Zer espero da lortzea balore horien bitartez? Arimaren salbazioa, norberaren kontzientzia zuritzea, ingurune sozialaren onarpena. Bitartean, gure herriaren ordezkapen etnikoak ez du etenik.

  • Baloreak, bai, balorea behar da halakoak idazteko. Niri balioak gehiago interesatzen zaizkit.

  • Gazteleraz da, baina liburu bat gomendatuko dizuet:
    La superioridad moral de la izquierda, Ignacio Sánchez-Cuencarena

  • Benat Castorene 2022-11-12 12:24

    Egun on Iñaki,
    Ez dut ongi konprenitzen baloreen gaineko debate hau beste anitz bezala. Baina ez du inportarik zeren nik nahiago baititut printzipio politikoen gaineko eztabaidak. Izan ere ene gustuz printzipio politikoak errazionalagoak baitira eta aplikagarriagoak baloreak baino.
    Horretaz aparte nahi nuke jakin nortaz mintzo ziren izendatzen ez duzun “ezker abertzalean historikoa den editore” hura aipatzen duzunean. Azkenean zure artikulu hau egina da editore hura atakatzeko.
    Gainera erraiten ahal bazenigu zer gaitzesten diozun, zer duen “lotsagarririk”. Zure artikulu hau argiagoa eta baliagarrigoa litzateke denen hausnarketarako.
    Adeitasunez

  • Eta balio handiagoa izanen zukeen. Balorea behar da gero!

  • Balorea, ausardia.Koldarkeria, kakatitasuna, antonimoak.
    Balioa, arrazoi, uste, argudioa….

  • Benat Castorene 2022-11-12 22:49

    Egia Iñakiri erran behar nion:
    Zure artikulu hau argiagoa izango litzateke eta “balio handiagoa izanen zukeen” denen hausnarketarako.

  • Polemikoak? Argiak eta aratzak. Polemikoak espainolistak dira, haiek ere etorkin erdaldun dira eta. Istorio hau hamaika bider ikusi dugu geronen herrian eta herri kolonizatu eta akulturizatu guztietan. Zipaioak nonahi, beti ere espainolak

  • Benat Castorene 2022-11-14 11:54

    Milesker Aitor. Badut susmoa Zuzeun agertu ziren eta irakurri nituen Josemari Esparzaren bi artikulu horiek izan zitezkeela.
    Ba Aitor, Inaki ezagutzen baduzu erraiozu konfirma dezala Josemariren artikuluez ari zela gaizkika eta esplika diezagula zer den hain lotsagarririk artikulu haietan.
    Berrirakurri ditut ,eta nahiz batzutan Josemarik ez bezala pentsatu, ez dut momentuz deus lotsagarririk ikusi. Baina badirudi anitzek ( eta ez beti elita kapitalistak) ez dutela imigrazioa beste proiekturik gure problema guziak konpontzeko baita gure problema nazionala ere. Fede berri baten agerraldia ematen du.