Baina hik beti jai
Baina hik beti jai
Euskal Herriko jaietan dabilen sexu eraso ekaitza gai hartuta, “Hik jai eta guk lan” idatzi du Maider Galardik Klitto agerkari feministan.
Uztailaren hasieratik daramat bekadun kazetari moduan. Sekula albiste bat idatzi gabekoa izanda, pazientziaz eta ilusioz heldu nion lan berriari. Hala jarraitzen dut hilabete berand ago, bulegoan eserita, grabagailua eskuan edo elkarrizketa bat egitera bidean, ilusio handiz eta ikasteko gogoz.
Pazientziak, ordea, baditu mugak eta uztaila hasi zenetik apurka apurka amaitzen ari da nirea ere. Lankideena ere paretsu dagoela esango nuke. Lanean egonagatik, herrietako festek badute oihartzuna erredakzioan. Tamalez, ez soilik jaiei dagokien atalean. Kontzertu, buruhandi, diana, eta gaupaseroen argazkiaz gain, egitarauan zirrikitua bilatu dute beste bi gertakarik; gauez edo goizeko ordu txikitan jazotako sexu erasoek eta hurrengo arratsaldeko erantzun feministak. Erasoen aurkako protokoloak ere bai, noski.
Harrigarria litzateke tankerako zenbat albiste gehiago idatzi beharko genituzkeen mugimendu feministak horrelako lanketa dotorea egingo ez balu. Etsigarria baita arratsaldeko seietan bakoitza bere gaia jorratzen ari dela beste sexu eraso baten berri izatea eta, inertziaz kasik, orrialdeak aldatzea. Etsigarria ia egunero antzeko albiste bat idaztea. Ziur, biharko albistea idazten asmatuko genukeela, herria eta ordua aldatuz, asko jota. Ukituak, bortxaketak, jazarpena, irainak, piropoak, lizunkeria. Eta bihar berriro: Iruñea, Baiona, Barañain. Tartean hilketa bat; Bilbo. Lizarra, Gasteiz, Donostia, Leitza. Noiz izango da hurrengoa? Erredakzioan bati entzun nion abuztuan albiste lehortea egoten dela. Gurean, sexu erasoei dagokienez udako ekaitza izaten ari dela esango nuke.
Ostirala iritsi eta, gazte eta errebelde, festak non, gu hara mugitzen gara. Jaiak zein lekutan direnaren arabera ezagutzen ari gara aurten Euskal Herria, eta asteburuko plana egiten dugu ostegunetan pintxopotean kuadrilakook. Ohitura dugu egunkariren bateko agendan begiratzeko edo Topatuko Festtak atarian. Baina Ane Labakak arrazoi. Azkarrago asmatuko genuke astean zeharreko albisteak errepasatuta: “Euskal Herriko festen egutegia ez dakienak izandako eraso sexisten albisteen bidez jakin dezake non/noiz diren festa egunak”. Albiste horietako asko, tamalez, geuk idatziak dira, eta ez dakizue zer nolako amorruz.
Iruñean, esaterako, txupinazoan feminista talde bat espazioaren jabe egin zen, eta aldarria erdiguean jarri zuen: Gora autodefentsa feminista. Segituan zabaldu zen sarean eta herri hedabide ezberdinetan. Titular handiak eta egunkari azalak, ordea, beste albiste batek hartu zituen biharamunean: bost tipok emakume bat bortxatu zuten lehen gauean. Dakizuen bezala, eraso matxista gehiago bata bestearen atzetik etorri ziren hurrengo egunetan. Zer da albiste eta zer ez? Aurrekoan aditu nuen, zoritxarrez, berri txarrak bakarrik izaten direla notizia.
Hamaika ahots batu dira aurten eraso sexisten aurka, txosnaguneak, jai herrikoiak, herri komunikabideak… eta mugimendu feminista sekulako lana egiten ari da jazarpen sistemiko honen aurrean. Ez ezetz da. Baina hala ere, hik jai eta nik (guk) lan. Protokolo, autodefentsa tailer, pareta enpapelatu, manifestazio eta ekintza zuzenak egin arren, hik jai. Hik jarraitzen duk gaueko errege izango bahintz bezala emakumeak begiradarekin biluzten. Hik jarraitzen duk hire zakila paseatzera ateratzen kaleko edozein izkiñetan pixa egiteko, eta guk pixa egiten diagunean, goitik behera begiratzen gaituk. Hik pentsatzen duk Blusa haizelako hire pegatina nahi diadala nire titian. Eta uste duk hire beharra diadala etxera joateko. Pentsatzen duk munduko eskubide guztia duala ni trago batera gonbidatzeko. Eta ezetz erantzuten diadanean ez duk ulertzen. Hik beti jai. Trago bat. Bi trago. Hiru trago. Eta zergatik ez muxu bat? Ez ezetz duk. Baina hik beti jai. Festa giroan dena posible duala uste duk. Aizan zergatik ez dun nahi? Piropo bat gero, ukitu bat ondoren. Ez ezetz duk, ostia.
Baina hik beti jai. Bihar, berriz albiste berdina idatzi beharko diat. Bihar, guk lan, bihar elkarretaratzea, bihar asanblada. Baina hik, hik bihar berriz festa.
Jakin ezak beldurra aldez aldatu diagula, eta oraingoan, oraingoan hik izango duk gurekin jai.
Baina hik beti jai
Eta San Ferminetan egon zen eraso sexista faltsu baten ondorioz bi mutiko gartzelara bidaltzeagatik zer deritzote?
Kuriosoa da, egia da eraso sexista maila asko igo dela denbora gutxian, baina egia da ere
nik ez albistegietan ez iritzi guneetan ez nuela gero kasoalidadez topatutakorik ikusi……
http://www.telegraph.co.uk/travel/picturegalleries/8620603/Wine-soaked-revellers-celebrate-the-start-of-the-2011-San-Fermin-Festival-in-Pamplona.html
https://doblandotentaculos.files.wordpress.com/2016/07/sexual-sanfermines-2.jpg?w=640
http://4.bp.blogspot.com/-wP0ZYqr3KHc/UeqxDbVpxYI/AAAAAAAACp0/lVWZleps0xQ/s1600/pamplona-san_fermin_tits_pechos-spain.jpg
http://i.telegraph.co.uk/multimedia/archive/02269/womans-breasts_2269516k.jpg
http://photogallery.indiatimes.com/photo/9284074.cms
https://i.ytimg.com/vi/ry6LFgsVGWg/hqdefault.jpg
http://www.telegraph.co.uk/news/picturegalleries/worldnews/9392733/In-pictures-the-atmosphere-in-Pamplona-during-the-San-Fermin-festival.html?frame=2269516
http://wloghero.blogspot.com.es/2011/07/una-para-todos-todos-para-una-viva-san.html
http://media.gettyimages.com/photos/pamplona-spain-a-woman-bares-her-breasts-prior-to-jumping-from-a-picture-id71379848
http://johnny-john.com/knew/wp-content/uploads/2014/08/Fiesta-de-San-Fermin.jpg
http://4.bp.blogspot.com/-khbgdjaVt9Y/UeqxmBS-MpI/AAAAAAAACqE/0YjX4Zv13go/s1600/san_fermin_tits_pechos-spain_pamplona.gif
http://telecincostatic-a.akamaihd.net/informativos/sociedad/San_Fermin-Sanfermines-Pamplona-abusos_sexuales-agresion_sexual-agresion_sexista-sexismo_Sanfermines_MDSVID20160705_0195_17.jpg
http://img02.lavanguardia.com/2014/07/07/Un-hombre-toca-un-pecho-a-una-_54411639757_51348736062_224_270.jpg
Argi dagoena da Irunako San Ferminetako jaia askorentzat sexu desenfrenu lekua billakatu dela urte gutxitan,eta hoek bere arriskuak dauzka.
Bihar, guk lan, bihar elkarretaratzea, bihar asanblada. Baina hik, hik bihar berriz festa.
Benetan sentitzen dut emakume batzuentzat, militantzia zama handiegia izatea. Eta bai mutilok festa, pribilegiatu batzuk garelako beti. Guk gartzelan intsumiso izanda eta zuek festa. Guk lan istripuetan hiltzen eta zuek…
Garbi dago erasoak eta jarrera bortitzak pairatzen dituztela emakumeak jaietan, arazo oso larria izanda. Dena den jartzen diren adibideak (ligatzea eta erlazioekin lotuak) nik nire inguruan ez ditut ikusi. Nire lagunak (emakumezkoak) kexatu dira askotan beraiek direla lehen pausua eman behar dutenak ligatzerakoan. Noski! Nik neska ezezagun bati begiratu, hitz egin, edota trago bat ateratzea eraso matxista bada…
Bada garaia eraso sexistei buruz modu sakonean idazteko, datuekin eta argudio sendoekin. Ez egun egiten den bezala gehienetan ERRUA GIZONAK.
#Mansplaining pixkatxo bat egingo dut, nere iritzia emanez (Troll bat naizela pentsatu ta jarraitu zeuen jolastoki ideologikoan, zakila daukat eta).
Ondorengo jarrera hauek salatzen dituzu:
-Emakumeak “begiradaz biluztea”: Sarritan gertatzen da, baita alderantziz ere. Denbora motzez egitea portaera normala da. Ez al duzu hauxe bera alderantzizko norabidean somatzen? Mesedez. Batzuetan begirada bat baino gehiago ere izan da, abisatu gabe ipurdi planetarioren bat igurtzika hasi zaidanean, ni haren orbitatik ihes egin ezinik, lagunak barrezka ari direla #victimblaming #microgordismo #fatspreading #lodifobia
-Kalean pixa egitea: Okeymakey, arrapatu gaituzue. Zakila tresna bikaina da egin beharrekoa azkar ta erraz egin nahi denean, bikainegia, alegia. Botere handia, erantzukizun handiegia patriarkatu mozkorrarentzat. Danok kartzelara.
-Emakumeak pixa egiten daudenean begira ibiltzea: wat. Behin ere ez dut ikusi ezta entzun horrelako gertakizunik. Ez da normala, ezta kulturalki onargarria. Zerriren bat hau egiten arrapatuz gero, edozein gazte taldek jarriko luke etxera bueltan, propinaz aurpegia berotu ta gero.
-Blusei eta titi-pegatienei buruz idearik ez
-Emakume bat etxera eramatea eskeintzea: Burutik jota al gaude? Norbaitek laguntza edo konpainia eskainiz gero, eta behar ezean, ezetz esan ta kitto.
-Trago batera konbidatzen SAIATZEA ERE: Sekula ez dut egin baina batzuek ohitura dute, bai. Batez ere lagun hego amerikarrekin noanean ikusi izan dut. Neska askok harro zenbatzen dituzte ordaindu gabe lortutako kopak. Eskina guztietan omen dauden bortxatzaileei ez diete beldur handirik, behin eta berriro ikusten baititut, gizonak aukeratzen, begiradatxoak botatzen eta saria lortu bezain pronto ihes egiten.
Ez dakit zertan ari naizen horrelako adibideak ematen, dagoeneko imagina dezaket erantzun feminista kanonikoa, portaera hauen sustrai matxista feminizidak azaltzen.
Piropo bat bota edo trago batera konbidatu ondoren, edo beste edozein egoeratan, “ez ezetz dela” ulertzen ez dutenak, sexu erasotzaileak egon badaude. Jaietan jendea konzienziatzeko lana egitea, erasoen ondoren herriaren haserrea erakustea eta abar ideia onak dira segurtasuna hobetzeko eta putakumeak ikaratzeko.
Baina joder, kausalitatea eta proportzionalitatea leihotik kanpora botatzen dituzue emakumeen gaitz guztien “benetako erruduna” zein den behin eta berriz “azalduz”, dagoeneko hirugarren boladako feminista sasiintelektualen zorakeriak ezezagunak bagenitu bezala.
Zuen etsaia ez da sistema, gizartea ez duzue zuen kontra, lan beragatik soldata bera jasotzen dute gizonek eta emakumeek, sexuen artean desberdintasun biologikoak daude, bai gorputzean baita pentsatzeko eran ere. Hori bezain beste ulertzea ez da zaila.
Benetako diskriminazio sistemikoa aurkitu nahi baduzue, benetako patriarkatua martxan, bideratu zuen kazerolada ta titi errebeldeen energia gertuen duzuen moske musulmaneruntz. Begira haien jaioterrietan egindako inkestetako datuak: emakumeentzako arropa egokiak, emaztea senarraren menpe egon beharra, eta antzeko gaiei buruz pentsatzen dutena argi erakusten dute.
Ohartzen naiz,bai, islamofobiaren eremuan sartzen ari gara. BOOM! gaur egungo feministen amets gaiztoa, alde batetik errefuxiatu musulmanak (eta beste edonor) herrira gonbidatu, beste aldetik portaera matxistak salatu eta gizon europearrei errua bota sexu erasoak areagozten direnean.
“Beldurrak aldez aldatu du” diozu. Ze beldur? ze alde? Mamirik gabeko edozein tontakeri bota, ta denok ados egotea espero duzue, zuen lana txalotzen.
Antolatu itzazue tailerrak, asambladak eta sanblasak, nahi bezain beste, baina burua ipurditik atera ezean ez duzue ezer lortuko. Bueno, bai, kaleak garbiago izango ditugu brigada feministak zakil mozkorrak ehizatzen hasten direnean.