Telesailak: urrea eta latorriaren aroa

Telesailak

TelesailakTelesailen urrezko aroan bizi gara, eta HBO HD-n atsegin dugu. Baina telesailak al dira? Berez bai, baina gutxik ikusten dituzte telebistan, nire inguruan bederen. Telebistan jartzen (edo botatzen, edo ipintzen) dutenean ikusi behar izaten baita, eta ordenagailuan sudurraren puntan jarritakoan; gehienetan, behintzat, aurreko batean ikusi bainuen telebista bat internetekin lehen aldiz, eta existitzen zirela jakin arren, txundituta utzi ninduen. Telebista geratu? Bideo bat bezala? Txirrindulariak ikusten nituen aldapa gora, geldi, zirkinik egin gabe, eta nire golkorako pentsatu nuen: “ziur orain madarikazioka ari direla, ea laguna noiz itzultzen den komunetik haiek jarraitu ahal izateko”. Ez, ez naiz kobazulo batean bizi, baina oraindik ere badaude telebista zaharrak, eta musika kaseteekin daukaten autoak, eta itxi eta ireki egiten diren mugikor txatxiak.

Hastapeneko haria galdu gabe, telesailen inguruan gauza pare bat aipatu nahi nituen. Aurreko batean lagunekin garagardo bat hartuz gaiaren bueltan genbiltzan berriketan, txor-txor, eta unibertsitate garaiko azalpen batzuk erreskatatu zituen nire garunak ganbaratik (“zakarrontzia-berrezarri”); noski, elkarrizketari itzelezko maila akademikoa eman nion, ohikoa dudan legez, eta pentsatu nuen nire txirriporrokeria ezin zela terraza batean xahutu lagun arteko hitz aspertu batean, sarean zabaldu behar nuela, Zuzeun, euskaldunon agora birtualean.

Oraintxe ez naiz oso ondo oroitzen Aitor Arregiri entzun nion azalpen hau, edo Andres Gostini. Baina argi gera dadila, bai Aitorrentzat eta bai Andresentzat, egun horretan ez nengoela klasean lo (hiru puxtarri!)

Bazen behin, behin bazen, Lizarra-Garaziko akordioa eta milurteko berria iritsi aitzin, telesailei dagokienez behintzat, aro zarpail, triste eta erdipurdiko bat, Lerde Aroa eta Erdi Naroa gisa ezagutua; kafe deskafeinatuarena, kola light-arena, 0.0 garagardoarena, arroz “esnearena” (postrea ez, beste zera hori), pasteurizazioaren aurretik fermentatutako jogurtena, esne-gain gaingabetuarena…

TelesailakZe telesail zeuden garai horretan? Ni Superbaten baja eman gabe egongo nintzen oraindik, beraz ezin dut gauza gehiegi baieztatu, baina oroitzen naiz batzuez: Walker, Pacific Blue, Friends, Los Vigilantes de la Playa… eta Goenkale, aparteko kasu bezala aztertu beharko genukeena beste egun batean, eta ni ez naiz horretarako gai ikusten. Aipatutako telesail guzti horiek hainbat ezaugarri dituzte komunean, eta orain oroitu eta otutzen zaizkidan esanguratsuenak aipatuko ditut: denbora, narratiba eta pertsonaiak.

Hogei minutu inguruko atalak izaten ziren, ez zuten normalean askoz gehiago irauten. Narratibari dagokionez epe motzekoak ziren, beste ezer baino: atal hasieran gertakizun bat sortzen zen, protagonisten martxa aldatzen zuena; horren aurrean erreakzionatu, eta normalean, atal amaierarako konponduta egoten zen. Beti protagonisten mesedetan, bistan dena. Epe luzerako tramak ere egon ohi ziren, esaterako nola garatuko zen Monika eta Chandlerren harremana, edo Rachel eta Rossena, baina ez zegoen suspense handirik horren bueltan, garrantzitsuena atal zehatz batean sortutako problematika zen. Pertsonaien rolak oso itxiak izaten ziren, hermetikoak; pertsonai onak onak ziren, oso onak, apartekoak, MacGyverri nire ilobak utziko nizkion asteburu osorako; eta ze gaiztoak ziren gaiztoak, demonioak, infernuko uzta, Satanen samalda. Friends bezalako sitcomak, aipatutako ezaugarriak dauzkaten umore telesailak, ez daukate iraungitze datarik, eta bere oinordekoak dira, esaterako, How I Met Your Mother edo Big Bang Theory bezalakoak.

TelesailakBaina bat-batean telesailak aldatu ziren, eta horrekin batera ikusteko modua, eta telesailaren katxe soziala igo zen, baloratuagoak bihurtu ziren. Sekulako kalitatea eta suspensea eman diguten telesailak sortu dira ordutik hona: Lost, The Wire, Prison Break, The Walking Dead, Breaking Bad, Game Of Thrones, Vikings, Dexter, Homeland, House of Cards, Gotham, Utopia, Peaky Blinders… eta Goenkale, aparteko kasu bezala aztertu beharko genukeena beste egun batean. Aipatu ditudan guztiak dira onak nire ustetan, asko gozatu dut eta gomendatzen dizkizuet. 40 minutu edo gehiagoko atalak izaten dituzte, eta atal bakoitza pelikula bat bezain zaindua da; aldi berean denboraldiek atal gutxiago izaten dituzte. Narratiban pisu gehiago dauka epe luzeko tramak, eta askoz ere suspense gehiago dago, tirabirak; sabela jiraka ibiltzen dela, alegia. Pertsonaiak erabat aldatzen dira, jada ez baitira onak edo gaiztoak, argiak eta itzalak dauzkaten gizakiak baizik, normala den bezala, eta horrek bilakatzen ditu erakargarri; enpatia sortzen dute, bai, baina badakigu hein berean egiten duten guztia ez dela zuzena. Telesail hauek, zentzu askotan, aurretik aipatuko ditugun telesail zaharrekin puskatzen dute, eta horrek ahalbidetu du urrezko aro hau.

Baina non dago hazia? Non inflexio puntua? Nor izan zen guzti hau hasi zuen abangoardia?

Gure irakasleen iritziz, The Sopranos. 1999an kaleratu zen, eta New Jersey (AEB) hiriko mafia baten historia kontatzen du. Askok beharbada, gazteenak ziurrenik, ez dute ezagutuko edo ez zuten ikusiko, eta bertan ikusi ditzakegu egungo telesailek izan duten garapenaren gakoak; baita nola, hamabost urte hauetan ere, nola aldatu diren gauzak.

Baina tamalez, urrezko aro honetan, gu latorri. Txioa uztailaren 26koa da, eta ez badira zerbait grabatzen hasi, atera zuek kontuak.

Telesailak

Serierik onenak

Polizia serieak (1)

Kazetari serieak

The wire eta Breaking bad

etb, euskal fikzioa, fikzioa, gidoigintza, goenkale, hbo, hd, latorria, Narratiba, sitcom, telesailak, urrea, urrezko aroa
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude