Baina hik beti jai

Baina hik beti jai

Euskal Herriko jaietan dabilen sexu eraso ekaitza gai hartuta, “Hik jai eta guk lan” idatzi du Maider Galardik Klitto agerkari feministan.

Uztailaren hasieratik daramat bekadun kazetari moduan. Sekula albiste bat idatzi gabekoa izanda, pazientziaz eta ilusioz heldu nion lan berriari. Hala jarraitzen dut hilabete berand ago, bulegoan eserita, grabagailua eskuan edo elkarrizketa bat egitera bidean, ilusio handiz eta ikasteko gogoz.

Baina hik beti jai

Pazientziak, ordea, baditu mugak eta uztaila hasi zenetik apurka apurka amaitzen ari da nirea ere. Lankideena ere paretsu dagoela esango nuke. Lanean egonagatik, herrietako festek badute oihartzuna erredakzioan. Tamalez, ez soilik jaiei dagokien atalean. Kontzertu, buruhandi, diana, eta gaupaseroen argazkiaz gain, egitarauan zirrikitua bilatu dute beste bi gertakarik; gauez edo goizeko ordu txikitan jazotako sexu erasoek eta hurrengo arratsaldeko erantzun feministak. Erasoen aurkako protokoloak ere bai, noski.

Harrigarria litzateke tankerako zenbat albiste gehiago idatzi beharko genituzkeen mugimendu feministak horrelako lanketa dotorea egingo ez balu. Etsigarria baita arratsaldeko seietan bakoitza bere gaia jorratzen ari dela beste sexu eraso baten berri izatea eta, inertziaz kasik, orrialdeak aldatzea. Etsigarria ia egunero antzeko albiste bat idaztea. Ziur, biharko albistea idazten asmatuko genukeela, herria eta ordua aldatuz, asko jota. Ukituak, bortxaketak, jazarpena, irainak, piropoak, lizunkeria. Eta bihar berriro: Iruñea, Baiona, Barañain. Tartean hilketa bat; Bilbo. Lizarra, Gasteiz, Donostia, Leitza. Noiz izango da hurrengoa? Erredakzioan bati entzun nion abuztuan albiste lehortea egoten dela. Gurean, sexu erasoei dagokienez udako ekaitza izaten ari dela esango nuke.

Ostirala iritsi eta, gazte eta errebelde, festak non, gu hara mugitzen gara. Jaiak zein lekutan direnaren arabera ezagutzen ari gara aurten Euskal Herria, eta asteburuko plana egiten dugu ostegunetan pintxopotean kuadrilakook. Ohitura dugu egunkariren bateko agendan begiratzeko edo Topatuko Festtak atarian. Baina Ane Labakak arrazoi. Azkarrago asmatuko genuke astean zeharreko albisteak errepasatuta: “Euskal Herriko festen egutegia ez dakienak izandako eraso sexisten albisteen bidez jakin dezake non/noiz diren festa egunak”. Albiste horietako asko, tamalez, geuk idatziak dira, eta ez dakizue zer nolako amorruz.

Iruñean, esaterako, txupinazoan feminista talde bat espazioaren jabe egin zen, eta aldarria erdiguean jarri zuen: Gora autodefentsa feminista. Segituan zabaldu zen sarean eta herri hedabide ezberdinetan. Titular handiak eta egunkari azalak, ordea, beste albiste batek hartu zituen biharamunean: bost tipok emakume bat bortxatu zuten lehen gauean. Dakizuen bezala, eraso matxista gehiago bata bestearen atzetik etorri ziren hurrengo egunetan. Zer da albiste eta zer ez? Aurrekoan aditu nuen, zoritxarrez, berri txarrak bakarrik izaten direla notizia.

Hamaika ahots batu dira aurten eraso sexisten aurka, txosnaguneak, jai herrikoiak, herri komunikabideak… eta mugimendu feminista sekulako lana egiten ari da jazarpen sistemiko honen aurrean. Ez ezetz da. Baina hala ere, hik jai eta nik (guk) lan. Protokolo, autodefentsa tailer, pareta enpapelatu, manifestazio eta ekintza zuzenak egin arren, hik jai. Hik jarraitzen duk gaueko errege izango bahintz bezala emakumeak begiradarekin biluzten. Hik jarraitzen duk hire zakila paseatzera ateratzen kaleko edozein izkiñetan pixa egiteko, eta guk pixa egiten diagunean, goitik behera begiratzen gaituk. Hik pentsatzen duk Blusa haizelako hire pegatina nahi diadala nire titian. Eta uste duk hire beharra diadala etxera joateko. Pentsatzen duk munduko eskubide guztia duala ni trago batera gonbidatzeko. Eta ezetz erantzuten diadanean ez duk ulertzen. Hik beti jai. Trago bat. Bi trago. Hiru trago. Eta zergatik ez muxu bat? Ez ezetz duk. Baina hik beti jai. Festa giroan dena posible duala uste duk. Aizan zergatik ez dun nahi? Piropo bat gero, ukitu bat ondoren. Ez ezetz duk, ostia.

Baina hik beti jai. Bihar, berriz albiste berdina idatzi beharko diat. Bihar, guk lan, bihar elkarretaratzea, bihar asanblada. Baina hik, hik bihar berriz festa.

Jakin ezak beldurra aldez aldatu diagula, eta oraingoan, oraingoan hik izango duk gurekin jai.

Baina hik beti jai

Argazkia: Gari Garaialdek, iazko San Ferminetan.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Baina hik beti jai”-ri buruz