Badu, Badak 400 bisita izan ditu lehenengo asteburuan

BADU BADAOstiraleko inaugurazio jendetsuaren ondoren, Badu Badak ateak zabaldu dizkio publikoari, eta erantzuna aparta izan da. Bihartik aurrera, ekitaldiz betetako programa jarriko da abian San Telmo Museoan, eguerdian Xare azokaren lehenengo aurkezpenak egingo dira eta arratsaldeko zazpiretan, Zazpirak Batman emanaldia eskainiko dute Asisko Urmeneta, Antton Olariaga eta Kike Amonarrizek.

 Euskararen aberastasuna zenbaterainokoa den erakutsiko digute hitz eta marrazkien bidez Zazpiak Batman emanaldian, eta euren ekarpenak Badu Badan geratuko dira publiko guztiarentzat gozagarri. Hiru artistak izango dira gure lehenengo badubadalariak.

Badubadalari asko izatea da hala ere gure helburua. Jendearen parte hartzea behar du Badu Badak egunetik egunera hazi eta aberasteko. Gau eskolatan euskara ikasten zenueneko argazkiak, bideo politak, audioak, iritziak, kezkak eta abar bildu nahi ditugu, erakusketak euskararen gaia agortu ezin duenez, ekarpenekin zabaldu egin nahi duelako. Badubadaren webgunean Zure ahotsa atala zabaldu dugu hau guztia jasotzeko.

Badubadatzen ere hasiko gara bihar. Xare azokak lehen eguna izango du. Erakusketaren 7. gunean hizkuntzarekin erlazionatutako zerbitzu eta herraminta teknologikoen aurkezpenak egingo dira asteartero, eguerdian. Zazpiak Batman, esan bezala arratsaldean izango da, 8. gunean, 19:00tan

Asteazkenean, politika linguistikoaren inguruko mahai ingurua egingo dugu, Ekitaldi aretoan, Bildu, EAJ, PSE eta PPko ordezkariekin.

Ostegunak, bisita berezien egunak izango dira. Estreinekoa Iñaki Perurenak egingo du. Hurrengoa, Ibon Sarasolak (katalanez), eta ondorengoetan Harkaitz Cano, Itxaro Borda (frantsesez), Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izango ditugu besteak beste. Bisita berezi hauek doan dira, baina ezinbestekoa da izena ematea santelmo@donostia.org helbidean edo 620610434 telefonoan.

Badu Bada, euskara mundu eleanitzean. Erakusketa San Telmo Museoan (Donostia). 2012/11/16 - 2013/02/17. Euskararen iraupenaz, mundu eleanitzaz eta hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartu eta eztabaidatzeko gunea da erakusketa.

2 pentsamendu “Badu, Badak 400 bisita izan ditu lehenengo asteburuan”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude