Bada garaia

Orain hilabete batzuk, Herrirako kideak atxilotuak izan ziren. Oraingoan, EPPKko abokatuei suertatu zaie atxilotuak izatea, Espainako barne ministerioaren grina hankasartze bihurtu ostean. Batek daki nortzuk izango diren hurrengo atxilotuak. Baliteke Berria edo Naizeko kazetariak izatea, eurek jasotzen baitituzte ETAren agiriak eta susmagarria izan liteke hori “dena ETA da” formulari eusten diotenen burmuinean. Espainiak euskaldunok zur eta lur uzteko abilidadea dauka, beraz, ez dezagun baztertu atxiloketak gertatzea, eta are gutxiago, Espainiako erregimenaren dekadentzia kontuan hartuta.

Espainiak egun ez du lehengo gaitasuna ETAren aurkako borroka saltzeko. Hitz fin bat erabiltzearren, showak “aspertzen” nauela esango nuke, izan ere, betiko zirkua errepikatzen baita: atxilotu, atxilotuak, ahaide eta lagunak sufriarazi, Espainako Gobernuak operazioa justifikatu, orain dela gutxi “borroka da bide bakarra” ohiuka aritu zirenak biktima gisa agertu, Ertzaintzaren jokabide gloriosoa, Eusko Jaurlaritzaren arbuioa eta amaieran beste manifestazio “historiko” bat. Hori bai, oraingoan ezin diogu ez ETA ez Sorturi leporatu egoeraren erantzuna, aspalditik exijitzen ari zaizkien baldintzak bete baitituzte, hots; eragindako sufrimendua onartu eta Espainako legeldiari men egin diote. Zer gehiago egin behar dute?

Bihar Bilbon euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko #TantazTanta eratutako eskaera itsasoa bihurtzeko bidean da, tsunamia azken atxiloketen ostean. Jende andana biltzea gutxi balitz, Donostian Bilduk, EAJk eta PSE-EEk adostu dute atxiloketak arbuiatzen dituen testu bakarra eta goizean Cadena Serreko tertulia batean entzun dut “ETAren indarkeria era gordinean pairatu duen euskal gizartea post-ETA egoeran bizi den heinean, Espainiako gizarteak berdina egin beharko lukeela”. Zerbait mugitzen ari da eta Espainiako gobernuak aukera paregabea dauka post-ETA egoerari bultzada bat emateko. Legedia bete dezake presoak Euskal Herrira hurbilduz edo Eusko Jaurlaritzari zigor-erakundeak kudeatzeko eskumena transferituz, (posible bada) Urkulluren gobernuak gertura ditzan.

Ez dakit zeren zain diren baina denbora kontra dute. Euskal gizarteak ez du ulertzen Espainiako Gobernuaren jarrera hertsia, izan ere, ematen baitu ez duela barneratu ETA desagertze bidean dagoela. Urte bi baino gehiago igaro dira ETAk “jarduera armatua” eten zuenetik eta erakundearen presoek bide horri ekin diote orain. Ez dakit noraino jeitsi beharko dituzten prakak (edo kendu beharko dituzten), baina bada garaia PPk bere jarrera alda dezan. Humiliazioa ez da bakea trinkotzeko bidea; baizik eta herra hedatzeko modua. ETAk min handia eragin du euskal gizartean, ea PPk ez duen sufrimendu hau luzatzen. Bere esku dago.

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.