Sopelako Udalak laguntza ukatu dio UKBERRI.NETi

Sopelako Udalak UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digital euskaldun bakarra baztertu egin du, 2013an kultura jarduerak bultzatzeko diru-laguntzak banatzerakoan. Saioa Villanueva Zarandona alkateak pasa den abenduaren 30ean sinatutako 1435/2013 dekretuaren bidez erabaki zuen komunikabide hau argitaratzen duen Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkarteari diru-laguntzarik ez ematea. Horretarako, Bildu koalizioak osatzen duen Tokiko Gobernu Batzarrak eta Kirol Informazio Batzorde Iraunkorrak egindako txostenak aintzat hartu zituen alkateak. Dekretuaren euskarazko bertsioan honako hau dio: “UK BERRI.NET erakundearen kasuan txostnetan (sic) esaten da ‘ez duela herriko kulturarako garapen jarduera neurgarririk garatzen, gizarte mailako interes handiagoa edo txikiagoa duen merkatal jarduera baino ez izanik'”. Espainolezko bertsioan, baina, beste argudio bat gehiago agertzen da: “Sopelako herrian egoitza sozial finkoa ez izatea”. UKBERRI.NETek 5.000 euroko diru-laguntza eskatu zion, lehen aldiz, Sopelako Udalari pasa den azaroaren 8an, aipatutako deialdiaren barruan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak bere babesa murriztu ostean, urtea ahalik eta galera gutxienekin amaitu ahal izateko behar zuen laguntza hori. Espedientea izapidetzen zen bitartean, gainera, Erandioko Udalak bere babesgoa txikiagotu zuela ere jakin izan zuen elkarteak.

Helegitea jarriko du UKBERRI.NETek

Iñigo Fernandez de Martikorena Ukberri elkartearen ordezkariaren ustez, “laguntza ukatzeko erabilitako argudioak errealitatetik at daude eta euskal prentsaren eta bereziki eskualdekoaren ezagutza faltak eragindakoak izan behar dira, beste azalpenik ez dago. Edonork daki hemen dirua irabazi baino, galdu egiten dela. UKBERRI.NETentzat garrantzitsuena uribekostarrei tokiko albisteak ahalik eta hoberen eskaintzea da, gure hizkuntzan, euskaraz bizi ahal izateko gure harri koxkorra ekarrita. Ahal bada, era parte hartzaileenean. Ez dakigu merkataritza jarduera non dagoen. Adibidez, gure testu, argazki eta bideo guztiak lizentzia irekian daude eta edonork erabil ditzake doan, ‘Sopela Gurea’-k batzuetan egin duen bezala”.

Bestalde, Ukberri elkarteko kideak onartzen duenez, “egia da zaila dela UKBERRI.NETek Sopelan soilik dituen irakurleak zenbatzea. Guk egunero webguneak jasotzen dituen bisitak eta horiek munduko zein estatutik, zein nabigatzaile erabiliz, zein sistema eragileren bidez eta hamaika datu tekniko gehiago besterik ezin dugu eman eta informazio guztia Sopelako Udalaren esku utzi dugu, udalerriko euskaldun eta ia euskaldunen kopuruekin eta Bizkaiko internautei buruzko estatistikekin alderatuta. Gure ustez, 800 bat sopeloztar informatzen da gure bidez. Haiei propio Sopelari buruzko 1.463 albiste eta iritzi helarazi dizkiegu 10 urtetan, eskualdeko, Euskal Herriko eta munduko beste 17.891rekin batera”.

Azkenik, Sopelan egoitza finkoa izateari buruz, honakoa dio Fernandez de Martikorenak: “guk zuzen jokatu dugu Udalarekin eta dagoen egoeraren berri eman diogu. Elkarteak Etxebarri kalean egoitza izan zuen eta gerora Plaza Beltzara mugitu zen, bertako asanbladak baimenduta. Plaza Beltza elkarteak Akilino Arriola lokaletik irten behar izan zenean, egoitza berri baten bila hasi ginen gu ere, baina oraindik ez dago erabat lotuta”.

Gauzak horrela, Ukberri elkarteak aipatu dekretuaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuko dio Saioa Villanueva Zarandona alkate andreari, hartutako erabakia atzera botako duelakoan. Horrekin batera, Sopelako Udalak “nahi dituen argibide guztiak agertzeko prest gaude, diru publikoa tartean dagoenean beti egin dugun moduan”, dio elkartearen ordezkariak. Era berean, elkarteak ez du baztertzen bestelako ekimenik antolatzea.

Sopeloztarrak lasai egon daitezke

Ukberri elkarteak argi utzi du ez duela inolako arazorik kultura jardueretarako laguntza jaso duten elkarte, koooperatiba, institutu eta bestelako eragilerekin, hala nola, Sopelana BHI, Hasiera IGEa, Zipiriñe eskola, Uribe Kostako Ikasle Helduak, Munarri abesbatza, Meñakoz, Ander Deuna ikastola eta Lagun Artea abesbatza. Are gehiago, pozten da urtean zehar kolektibo horiek egiten duten lana Udalak positiboki baloratu eta lagundu izanagatik. UKBERRI.NET, beti bezala, ahalik eta txukunen saiatuko da jarduera horien berri ematen, gure baliabideak bermatzen duten heinean.

Bestalde, UKBERRI.NETeko irakurle sopeloztarrek ez dute zertan kezkatu behar. Sopelako Udaletik jasotako mespretxuaren ostean, agerkariaren erredakzioak Sopelan gertatzen deneko informazioa kaleratzen jarraituko du, orain arte bezala edo indar handiagoz.