EHZ, auzolanean eraikitako zubia

EHZ, auzolanean eraikitako zubia –

Euskal Herriko musika jaialdietan aitzindaria da Euskal Herria Zuzenean. Baita ipar eta hego EHaren arteko zubia ere, herrialdearen kohesioan eta euskal kulturaren transmizioan eragin duena bi hamarkada luzetan zehar. 2016ko edizioaren ondotik, antolatzaile taldeak eten bat iragarri zuen, hausnarketa fase bati heltzeko, eta “barne gogoetaren ondoren hats berriz” itzuli da 2019an, lehen aldiz Irisarrin (Baxe Nafarroan). Gaurtik igandera bitarte milaka gazte elkartuko dira bertan, nagusiki euskarazko sorkuntzari bidea ematen dion egitarauaz gozatzeko.

Kultur jaialdi bat baino gehiago delakoan “Euskal Herria” atalean sailkatu dugun hitzorduaz gehiago jakin asmoz, festibalaren komunikazio arduraduna den Inhar Iraizozekin solastu gara. “Ez dugu EHZ auzolanik gabe ulertzen” esan digu berak, asteburuan jende andana biltzea espero dutela onartuta.

EHZ, auzolanean eraikitako zubia

Barne gogoeta egin ostean, hats berriz itzuli zaretela diozue.

Azken urteetan festibala inertziagatik antolatzen zenaren sentipena genuen, eta inflexio puntu bat egin genuen anulatzearekin, proiektua birdefinitzeko. Hausnartze prozesu batean sartu ginen buru belarri aurreko urtean: egitasmoa utzi edo eraberrituz segitu erabakitzeko. Ondorioz, belaunaldi berri batek hartu du ekinbidea, proiektuari arnasa berria emateko -15 lagunek osatzen du talde motorea-. Gaur egungo gure belaunaldiaren beharrei, arazoei eta grinei egokitutako proiektua bultzatu nahi dugu, eta horren adierazgarri dira, adibidez, aurtengo tailerrak. Lehentasunezko bost ildo zehaztu dira, Ipar Euskal Herrian pil-pilean direnak, eta gazteen kezkei erantzuten diotenak: G7, migrazioa, festa eredua, autogestioa eta autoantolakuntza, eta eraso sexistak lagunartean eta festa giroan. Ildo horietan sakonduz egin nahi dugu festibala, beti bezala kulturgintzaren bidez Euskal Herria eraikitzen jarraituz, euskaratik, feminismotik, ekologiatik eta, batez ere, auzolanetik. Horixe dugu buruan.

Festibalak Irisarri du kokagune, lehen aldiz.

Bagenuen gogoa herri baten barnean festibala egitekoa, batez ere baldintza tekniko egokiagoak izango genituela antzematen genuelako. Iruditzen zitzaigun, baita ere, festibala pentze batean eginez pixka bat isolatuta gelditu zitekeela. Herri baten bihotza hartu nahi genuen, eta justu horregatik hautatu dugu Irisarri, Baxe Nafarroaren erdigunean dena, Ipar Euskal Herriaren bihotzean. Bertan, auzolanaren bidez gazteok gure hausnarketak eta kultura plazaratzen ditugula sinbolizatu nahi dugu. Gero, gainera, proiektua berritu nahi genuenez, zaila egiten zitzaigun irudikatzea aurreko urteetako toki berdinean festibala, zeren berriz ere inertziak eramango gintuzke gauza berdinak egitera. Mihise zuri baten gainean marraztu nahi genuen berriz ere EHZ.

EHZk beti jarri du arreta berezia euskal sortzaileengan. Aurten, are gehiago.

Festibala beti saiatu da aniztasun kultural eta musikala eskaintzen, hori izan da bere eskaintza kulturalaren oinarrietako bat, aniztasuna. Eta aurten aniztasun hori Euskal Herrian bertan nahi izan dugu aurkitu; izan ere gure erreferente kulturalak euskal herritik kanpo kokatzeko joera dugu beti, eta aurre egin nahi genion horri. Gurera etorri, gure sustraietara joan eta esan, `ze aniztasun dago gure herrian?, eta zergatik ez plazaratu aniztasun hori gure espazio honetan? Azkenean EHZ euskal kulturgintzaren plazetako bat da, bozgorailu bat, sendotu nahi genuena.

Ikus-entzulea baino, laguntzailea da protagonista festibalean.

Gure leloaren bidez irudikatzen da laguntzailearen figura, “auzolana berpiztu”. Guk EHZ ez dugu auzolanik gabe ulertzen. Hau elkarlanean denon artean egiten dugun proiektua da, eskuz-esku gure gaitasunak elkartuz. Eta horixe da ederrena. Ehunka gazte elkartzen gara, bakoitzak dakienarekin, batzuk komunikazioan, edo alor tekinikoan, beste batzuk alor artistikoan, musikagintzan… azkenean denok gure indarrak elkartu eta zerbait sortzen dugu elkarrekin. Festibaleko hiru egunak baino gehiago, muntaketa eta desmuntaketako 15 egunak baloratzen ditugu askok, nola denok elkarlanean gabiltzan komunitatean. Guretzat ezinbestekoa da, proiektuaren ildo garrantzitsuenetako bat gazteen artean auzolan hori garatzea.

Herrialdearen kohesioan eta kultur transmisioan eragitea duzue xede.

Ez da Ipar EH Zuzenean, EHZ da! Nahiko genuke era berean zubigile lan bat egin, Bidasoa eta Pirineoen alde bietako lurraldeak eta herritarrak batzeko. Asko ikusten dugu hori laguntzaileen artean. Gero eta gehiago dira hegoaldekoak, eta eskertzekoa da, harremanak zinez sustatzen baititu horrek. Oso positiboa da hegoaldeko jendea, sarrera erosita, festibalera ondo pasatzera etortzea, baina azkenean harreman sakona, muga haustea, laguntzailegoan ematen da, denok gaudelako elkarlanean, elkar ulertzera eta mintzatzera behartuak baikara. Hori da ederrena nire ustez.

 

EHZ, auzolanean eraikitako zubia EHZ, auzolanean eraikitako zubia

Zer duzu buruan “EHZ, auzolanean eraikitako zubia”-ri buruz

  • Zoritxarrez herri inbaditua, menperatua eta okupatua garela “ahantzi” zaie berriro ere.
    Memoriaz eskas eta egungo errealitatea ulertzeko batere gogorik gabe, gazteak festan.
    Duintasuna ez omen dago lehentasunen artean.
    Plas-plas.