Atez Atekoa mafiari aurre egiten

Atez ate posteak_20100306_002

Zaborra sortzetik negozioa eginez mozkinak atera nahi dituen jendea ez da falta gure inguruan. Gurea ez da zaborra negozio bihurtu nahi duten leku bakarra. Gurea ez da Atez Ateko bilketari oztopoak jartzen zaizkion leku bakarra.  Negozioa non mafia han.

Camiglianon, mafiaren oztopo guztiei aurre eginda, hondakinen Atez Ateko bilketa sistema martxan jarri eta sekulako emaitzak lortu ditu Vicenzo Cenname hango alkateak. Inguruko herrietan bataz beste gaika biltzen duten % 7 eskasaren aldean, %80ko gaikako bilketa egiten dute Camiglianon mafiaren kalterako. Mafiak kontrolatutako erakundeetatik oztopo bat bestearen atzetik jaso du,  eta bederatzi hilabetez kargugabetu bazuten ere, hauteskundeetan herritarren %75aren babesa jaso du egindako lan onaren seinale. Oztopoak oztopo, herritarrek arazoen irtenbidea ezagutzen dutenean hau gelditzerik ez dago. Ez Italian, ezta Euskal Herrian ere.

Gipuzkoa sin incineradoran irakurtzeko

El Pais-en irakurtzeko

Gipuzkoa Zero Zabor

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

7 pentsamendu “Atez Atekoa mafiari aurre egiten”-ri buruz

  • Ez da sistema sakralizatu behar, helburua eta emaitzak baino. Eta atez atekoa sistema baizik ez da, besteak beste, eztabaida pizten balio izan duena.

  • Noski helburua dela garrantzitsuena eta ez dela sistema sakralizatu behar. Gertatzen dena da, gaur gaurkoz, hondakinak gaika era eraginkorrean biltzeko gaitasuna erakutsi duen sistema bakarra Atez Atekoa dela. Nik ez daukat inolako oztoporik gaikako bilketa maila berdina ala honea emango duen bilketa sistema bat zabaltzeko, baina inork ez duela horrelakorik mahai gainean jarri. Eta hori esan beharra dago. Gaur egun Atez Ateko bilketa sistema eta hondakinak gaika biltzeko helburua estu-estu loturik daude.

  • Mikelentzat: Ados idatzi duzunarekin; hala ere, kontutan hartu behar da, emaitza baino (zalantza izpirik gabe, bere berme onena) sistema bera egiten badugu ikur, tokian tokiko ezaugarriek atez atekoa bideraezin egiten badute, azalpen bikoitza eman beharko dela.

    Prentsa aurka dugu, jende askoren nagi-baldarra ere aurka….Bestalde, prozesuaren harrakasta ez dago soilik bereizketaren menpe (atez atekoak ezein sistemak baino hobeto ahalbidetzen duena, oraingoz), baizik eta ontzien gaineko lege, kontsumo ereduaren aldaketa eta beste hainbat aldagairen menpe ere. Alegia, horiei ere heltzen ez bazaie, birzikla ezin daitekeen hondarrarekin zer egin erabaki beharko da; eta hondar hori erre behar baldin bada, eta atez atekoa errausketa ekiditeko sistema gisa “saldu” baldin baduzu, kokotean emango dizute, zure “promesak” bete ez direla eta.
    Nahiz zure errua izan ez.

    Laburbilduz: Atez atekoak bi bertute ditu: Emaitzak, eta norberak bere dituen ardurak bere gain hartzea. Bigarren hori garrantzitsua da, beste esparru batzuetan hartu beharreko neurriak aldarrikatzeko zilegitasuna ematen baitizu (“guk egiten dugu gurea, zuek legeak egin ontzien, plastikoen eta abarren inguruan”).

    Eta egiten ez badute ere, emaitzak aldarrikatu badituzu, beti esango duzu zurearekin erraustegi bakarra nahikoa dela hainbat eskualdetako “hondar birziklaezina” errausteko(eman dezagun, akitania osoa), lurralde bakoitzeko erraustegi bat jartzea saihestuaz.

    Eta batez ere diruaz hitzegin: Nork du etekina ateratzen, eta bakoitzaren patrikatik zenbat joango den betikoenetara.

  • Nosk-entzat:
    Esandako gehinarekin bat nator. Hala ere gauza batzuk aipatu nahiko nituzke. Hondakinekin daukagun (sortu dugun) arazoa konpontzeko sustraietara joan behar dugu. Hondakinen bilketa txarra ez da arazoaren jatorrian dagoen faktore bakarra. Arazoaren muina gure ekonomia ereduak materialeak nola kudeatzen dituen da. Hau da, naturatik eskuratu ditugun materialeak erabili ondoren alferrik galtzen uzten ditugula, berreskuratu eta ekonomian mantendu beharrean. Horrekin arazoak sortzen ditugu, natur baliabideak geroz eta ustiatuagoak daudelako batetik, eta bestetik, geroz eta zabor gehiago sortzen dugulako. Zaborra erretzeak ez du arazoa konpontzen. Material hori berdin berdin alferrik galtzen da erraustuta, produktu toxiko arriskutsuan bihurtuta gainera (dioxinak, errauts toxikoa…).
    Konponbidea zuk diozun bezala, ez da ATEZ ATEkoa. Baina ATEZ ATEkoa konponbidearen zati ezinbestekoa da, sortzen diren hondakinak gaur gaurkoz modu eraginkorrean gaika biltzeko sistema bakarra den heinean. ATEZ ATEkoak ez du arazoa konpontzen, erabilera bakarreko ontziek, birziklaezinak egiten dituzten diseinuak dituzten produktuek eta abar hor segi ez dezaten legeak eta sistemek hor segitzen duten bitartean, baina konponbidea eraikitzeko beharrezkoa da ATEZ ATEkoa zabaltzea.
    ATEZ ATEkoa bezelako sistemak gainera, hondakinak erraustuz asmatu duten negozio zikinari atea itxi diezaioke, hondakinen kudeaketarako ZERO ZABOR deritzon ereduan sakontzera bultzatuz. ZERO ZABOR ereduan, materiale eta diseinu birziklaezinak baztertzen dira, erabilera bakarreko produktuak alboratzen dira berrerabiltzekoak sustatuz, eta gaikako bilketa eraginkor batekin, sortzen diren hondakinak birziklatzen dira. Beti geratuko den errefusa apurra, gutxi izaterakoan eta materia organikorik apenas ez edukitzerakoan, inertizatzeko tratatu eta errefusategi batean utzi daiteke.
    ATEZ ATEkoarekin segita, prentsa aurka daukagula diozu eta hori zailtasun bat dela. Ados, baina hori Usurbilen gertatu da, Hernanin, Oiartzunen, Antzuolan, eta EHtik kanpo hainbat eta hainbat tokitan. Eta guztietan, prozesu berdina ikusi da. Hasieran jendearen beldurra eta nagia, hala nahi dutenek ederki hauspotuta. Ondo informatu eta sistema martxan jartzean berriz, lasaitasuna eta aldeko jarrera. Italiarrek kontatzen dute, Katalanek kontatzen dute eta guk ere kontatzen dugu hori, horrela bizitu dugulako. Egindako inkestek ere baieztatzen dute joera hori: Ezezagunari beldurra, ezagutzerakoan normaltasuna eta aldeko jarrera. Beldurra bazterrean utzi behar dugu eta ekaitza pasako dugula garbi eduki. Zakurrari hezurra ahotik kenduko badiogu, zauka entzun beharko dugula jakitun izan beharko dugu. Hondakinen %80 gaika biltzen badugu, geratzen den apurrarekin ezin dute erraustuta negoziorik egin. Materia organikoa erraustu gabe akabo dirulaguntzak eta argindarra saltzeko lehentasuna. Plastiko, paper eta kartoirik gabe akabo efizientzia energetikoa. Batzuen aberaste ametsetarako zaborra desagertzea amesgaiztorik txarrena da.
    Azkenik ATEZ ATEkoaz gaineko beste neurriak aplikatu gabe errausketa ekidin ezina dela diozu. Hori ez da horrela. ATEZ ATEkoarekin materia organiko ia dena gaika biltzen denez, berdin ontziak, papera eta beira, geratzen den errefusa inertizatu daiteke. Noski, beste arlo hoiek landuta askoz hobe egin ahal izango dela hori, baina zabor toxiko bihurtzea baino hobe izango da, behin gutxituta, materia inerte bezala gordetzea.
    Garrantzitsuena, dena den, eztabaida plazaratzea da. Jendeak arazoaren jatorria zein den ezagutzea eta dauden alternatibak mahai gainean jartzea. Gaia agendan sartu behar dugu, jendea ondo informatuta badago irtenbide egokia bilatzea errazagoa izango da eta.
    Ondo izan eta barkatu txapa.

  • Txaparik batere, orobat ados naiz gainera: Desadostasun pare bat (gaia guztiz ezagutzen ez dudan arren). Beste neurririk atez atekoak errausketa beharko duela ukatzen duzu, geratzen den errefusa “inertizatu daiteke” eta. Nik ez det horrela ikusten: Inertizatu diozu, eta hori zabortegiak dira. Eta hainbeste milioi biztanleren zaborraren %20 “inertizatu” behar baduzu, zabortegi haundiak beharko dira.

    Horregatik diot arriskutsua irizten diodala “Atez atekoa=errausketarik ez” ekuazioa “saltzeari”.
    “Atez atekoa + zero zabor legedia=errausketarik ez”, hori bai.

    Zuk dituzun datuen arabera (baldin badituzu), atez atekoak sortutako errefusaren “inertizazioa” posible dela erakusterik baduzu? ( ezein beste neurririk gabe eta dugun ekoizpen sistemaren baitan mantenduta (zero zabor legedi gabe).
    Eskertuko nizuke informazioa (batez ere, lantokian dugun eztabaidan zapla emateko errauszaleei….).
    Ondo izan

  • Lehenik eta behin garbi geratu dadila bat natorrela helburuak ez duela izan behar gaikako bilketa on batean geratzea, baizik eta benetan murriztu-berrerabili-birziklatu hierarkia osoki eta orden horretan betetzeko neurri erreal eta eraginkorrak ezartzea.
    Desadostasun-zalantzen inguruan:
    Atez atekoarekin geratzen den hondakinen %20 horren inguruan: Kontutan izan kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren erraustegiak ere zaborra sortzen duela eta zabortegia behar duela, edo hobe esanda, zabortegiak behar dituela. Errausten diren hondakinen %25 inguru eskoria moduan geratzen da labean. Hauekin egin beharrekoaz, prentsara zuzendutako informazioan mobiliario urbanoa egiteko erabiliko dituztela esaten duten arren, ingurumen baimena lortzeko txostenean besterik diote. Zabortegira eraman behar dira. Gipuzkoako kasuan Mutiloan dagoen ezaugarri hauetako zaborra gordetzeko dagoen zabortegi batera eramateko asmoa daukate txosten horretan esaten denez. Beste %5 inguru errauts toxiko bezala geratzen da (superfitro superseguruek kanpora ateratzea ekindin dutena geratzen da bertan). Gipuzkoan urtean 14.700 tona errauts toxiko sortzea aurrikusten du Carlos Ormazabalek, erraustegiaren defendatzaile eta diputatu ohiak (Noticias de Gipuzkoa 10/09/09). Hori gutxi balitz, errauts hau tratatu beharra dago bere toxikotasunagatik eta zementuarekin nahastu behar da harrapatuta gera dadin. Ez dut ezagutzen zenbat pisu gehitzen dion horrek, baina eskoriekin eta errautsekin jada %30ean geundela kontuan izanda ATEZ ATEkoaren %20 erraz gainditzen du. Diru kontutaz ez gara aritu, baina aipa dezagun erraustegitik ateratako errauts toxiko hoiek tratatu eta zabortegi berezian gordetzea urtero 2.445.000 € kostatzea aurrikusten dutela Gipuzkoan egin nahi duten erraustegirako. Beraz kopuruari dagokionez, atez atekoarekin bakarrik, erraustegiarekin baina gutxiago genuke zabortegirako.
    Inertizatzeaz datu zehatzago eta teknikoak eman ahal izango dira, baina orain momentuan erantzuteko informazio orokorragoa emango dut. Inertizatzeak errefusan geratu daitekeen materia organikoa egonkortzea esan nahi du. Zehatzago esanda, aireztatuaz konpostatzearen antzeko tratamendua ematen zaio eta egonkortu edo inertizatu egiten da. Hau da, jada ez da usteltzen, usairik ez beraz, eta ez du metanoa eta bestelako gas kutsakorrik isurtzen. Gaur egun, eraikuntzatako eskonbroak uzten diren zabortegien antzeko ezaugarriak dituzten zabortegi edo errefusategiak behar dira hau gordetzeko, zabor arriskutsuarentzako zabortegien ordez errausketaren kasuan, eta ohiko zabortegi kutsakorren ordez, gaur egungoekin konparatuta. Gainera inertizatu ondoren edo aurretik, tratamendu mekaniko-biologikoen bidez posible da oraindik errefusarekin nahastuta dauden materiale birziklagarriak eskuratzea. Buruz ari naiz, eta nahastu nahiteke, baina jada zenbait tokitan inertizatzen da errefusa. Besteak beste Italiako Zero Zabor herrien sareko Capannori herrian errefusa aztertu eta tratatzeko planta bat daukate. Espero dezagun, erakundeen osaketa berriak, gurean ere laister horrelakoak ikusteko aukera ematea.

  • Nire ustez, eta nire aurreko testuak iradoki lezakeenaren kontra, atez atekoaren aldeko mugimenduak ez du zertan prozesu guztia zehatz-mehatz azaldu eta justifikatu, onargarria izateko.
    Gehitu egiten diozu zabor kopuruari porlanarekin nahastuko litzatekeen hori, eta hain zuzen ere kopuru hori ez litzateke zaborra izango, berrerabilitako materialea baizik. Hala ere, ez da garrantzitsua. Aipatu duzun bezala, azpimarragarriena zera da: Erraustegiak ere zaborra ekoizten du, eta gainera zabor hori kutsakorragoa da “ohikoa” baino.
    Nire ustez, eta hona nire ekarpenaren muina, atez atekoa konpromezuaren eta “bestelako moduak posible dira” filosofiaren aldarrikapena beharko luke, errauskailuaren aternatiba (soil) baino, zeren, zuk emandako azalpenak gora-behera, %20 hori (eta gehitu beharko litzaiokeen beste zenbatu gabeko hainbat zabor multzo ere), ez dago garbi birziklagarria denik, prozesu guztia (zero zabor) ixten ez bada.
    Herrritarrak bere esku dagoena egitearen balioa mahai gaineratzen du, eta baita esparru publikoan hartu beharreko neurriak prozesu dialektiko gisa ulertzea ere. Alegia, ekinean ikasi eta ekitearen ariketa, ezagunak ditugun politiko profesional-eskasen jardueraren oso bestelakoa dena. Barka txapa.