Inoiz ez da beranduegi euskara ikasten hasteko (II)

Anouck eta HelenaKrisia dela eta, jende ugari lanik gabe geratu da. Lan eskaintza faltan, askok denbora librea prestakuntzari eskaintzen diote: hizkuntzak, informatika, heziketa zikloak… Hori da Anouck eta Helenaren kasua, lanik gabe geratu eta euskara ikasi eta hobetzeari ekin diote Lazkaokok Maizpide euskaltegi-barnetegian

“Donostian jaio nintzen eta txikitan ikastolara nindoan, baina gero Australiara joan nintzen bizitzera eta nekien euskara guztia galdu egin nuen”, dio Anouckek.

HABEren 2HE lortu nahi du eta administrari izateko oposizioak atera. Bost hilabete daramatza Maizpiden. “EGA lortzea gustatuko litzaidake, baina horretarako denbora gehiago beharko dut eta aurki langabezia amaituko zait…”

Donostian bizi den arren, euskara gutxi egiten duela aitortzen du, lagunek ez baitakite euskaraz. “Lehen denda batean egiten nuen lan eta euskaraz nolabait molda nintekeen. Ulertu ia dena ulertzen nuen -beno, euskara itxi-itxian hitz egiten zutenak kenduta-, baina hitz egiterako garaian… kosta”.

Helena 51 urteko hondarribiarra da eta karrera amaitzean hasi zen euskara ikasten, “beharrezkoa” baitzuen, baina lana lortu zuenean eta maila bat hartu zuenean, utzi egin zuen, ez baitzuen ikasten jarraitzeko denborarik. “Aritu izan nahiz euskaltegian ikasturtean zehar, baina ordu gutxi batzuk astean, eta hori ez da nahikoa…”


Artxibo batean egon da lanean gutxi arte, baina orain HABEko 3HE lortu nahi du hezkuntzan edo administraritzan lan egiteko. “Lagunak ditut, euskaldun berriak haiek ere. Euskaraz egiten hasten gara, baina berehala gaztelaniara pasatzen gara erosoago sentitzen garelako”, dio Helenak.

“Gramatika ez zait buruan sartzen, arau asko daude”, dio Helenak. “Hitz egiteko, tira, baina idazteko… Zorrotzagoa da”. Anoucki, aldiz, kontrakoa gertatzen zaio. “Ahozkoa asko kostatzen zait. Lotsa ematen dit eta urduri jartzen nahiz”.

Klasetako teoria eta arauetatik ihes egiteko eta ikasitakoa testuinguru errealean trebatzeko, Maizpidek Mintzalagun izeneko programa du. Mintzalagunen bidez, ikasleek, binaka, herriko edo inguruko euskaldun-zahar batekin solasaldiak izaten dituzte. “Ikasleak gramatikatik atera behar dira, askatu; teoria asko baina praktika gutxi baitute”, dio Maizpideko Aitor Larrañaga Irakasleak.

Inoiz ez da beranduegi euskara ikasten hasteko (I)

 

euskara, hezkuntza
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude