Arnaldo Otegi atxilotu zutenekoa, “Bateragune” auziaren atarian


Harrapakin nagusia itxura traketsarekin erakutsiz heldu zen hamar atxiloketen biharamuna. Arnaldo Otegi 2009ko urriaren 13an atxilotu zutenetik hamaika aldaketa edo “une historiko” bizi izan dira. Orain 8719600510 presoa da, baina auzi honetan absolbitua izanez gero, 2011ko egora berrian aske gera daiteke.

2009koak

Egun gutxi barru, urriaren 17an, Donostian atxilotuen aldeko manifestazio jendetsua burutu zen, alderdi abertzale guztiek bat egin zuten “Askatasunaren alde” lelopean.

2009 urtean izan zen hori. Dagoeneko zurrumurru zabalduak ziren ezker abertzalearen eta Eusko Alkartasunaren arteko elkarrizketen eta polo subiranista kontzeptuaren inguruan. ETAk, ordea, gogor ekin zuen atxiloketen aurreko hilabete horietan: polizia bat hil zuen Arrigorriagan eta bi guardia zibil Mallorcan. Ordurako ezker abertzalea legez kanporatua izana zen eta PSE-PP bikoteak Ajuria Enea lortu zuen. Egoera oso ilun eta konponbidea urrun ikusten zen orduan, Otegiren espetxeratzea ere berri txar bat gehiago izan zen.

Atxiloketekin bakeranzko bidea “boikoteatzea” salatu zuen EAJko Joseba Egibarrek, Espainian, bitartean, Rubalcabaren ahotik bake kontuak kea zirela esan zuen, gezur hutsa; “Bake espektatiba faltsuak”. Hortik aurrera epaiketako informazioa filtratzeari ekin zioten komunikabideek.

Esanak esan, gaur Madrilgo Auzitegi Nazionalean eseriko diren Rafa Díez, Amaia Esnal, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodríguez, Mañel Serra eta Miren Zabaletaren atxiloketek isilpekoa azaleratu eta ezker abertzalearen barne eztabaidari abiadura berria eman zioten. Espetxe eta auzitegietatik ere Arnaldo Otegik bideari eusteko aldarria egin du behin eta berriz.

2011koak

Hortik aurrerakoak ezagunak dira, “bake espektatiba faltsuak” eta “dena ETA da” ideien atzeko ideologoak lotsatzeko adinakoa. Zutik Euskal Herria, Iruñeako Adierazpena, Lortu Arte, Gernikako Hitzarmena, Euskal Herria Ezkerretik, Sortu eta Bildu. Hainbat “une historiko” bata bestearen atzetik, eta Bilduren hauteskunde emaitza paregabeetan horren guztiaren islada.

Ezker abertzalearen apustu politikoak eta ETAren su-eten egonkorrak ez ditu, ordea, Espainiako agintariak inola ere asetu. Esan berri du Rubalcabak “terrorismoaren aurka orain arte bezala” jarraituko duela. Hitzik ez elkarrizketari buruz, are gutxiago negoziazioaren inguruan.

Batasuna berreraikitzea egotzi zitzaien atxilotuei. Sorturen legeztatzearen faltan, hein handi batean lortu dute aldaketa sakona. Hauteskunde emaitzetan eta alderdi abertzaleen jarrera berrietan igartzen da hori. Izango al du hori kontuan auzitegiak?

Galdera ikur handi batekin hasi da Bateragune auziaren epaiketa. Absoluzioak esan nahi luke, atxilotuak askatzeaz gain, 2009tik 2011ra ezker abertzaleak emandako urratsen legitimazio judiziala; sozialisten eta popularren jarrera mugiezina kolokan utziko luke. Euskal Herrian sortu den uholdeak Espainiako hiriburuan bertan arrakala gehiago irekiko lituzte.

Hori gutxi balitz, Arnaldo Otegi harro eta irabazle aterako litzateke espetxetik, Sortu legeztatu bezain pronto politikaren lehen lerroan kokatzeko prest. Haren lana izango da elkarrizketetan hainbeste errepikatzen duen leloa betetzea: “Estatuak bere estrategia errepresiboa aldatuko du soilik irabaziak baino kostu gehiago sortzen dizkionean.”